Hizkuntzaren armairutik irten
Hizkuntzaren armairutik irten
Txerra Rodriguez soziolinguistaren Garaigoikoa bloga oso ezaguna da jada salabardoarentzat. Azken sarreran “Irten hizkuntzaren armairutik” liburuko pasarte batzuk azpimarratu ditu -2010ean Ferran Suay eta Gemma Sanginés psikologoek katalanez argitaratu zuten “Sortir de l’armari lingüistic” liburuaren egokitzapena-, jarraian irakur ditzakezuenak:
.
Sekulako lana iruditu zait “Irten hizkuntzaren armairutik” liburua: autolaguntza liburua euskaraz erosoago bizi gura dugunontzat. (Egian ere erabili dute). Ez dut liburuari buruz gehiago aipatuko, baina liburuko ateraldi batzuk ekarri ditut hona, lagin modura:
.
«Askoz eragin handiagoa egiten digu ikusten dugunak entzuten dugunak baino. Eredugarri izatea doktrinatzea baino askoz indartsuagoa da. Gertakizunen argitasun eztabaidaezinaren aurrean, diskurtsoak, argudioak eta hitzak geriza indargabeak dira».
.
«Ez dugu transmititzen hizkuntza bat edo bestea. Multzo banaezin berean transmititzen ditugu hizkuntzarekiko benetako jarrera, gure beldurrak, hutsuneak eta inkoherentziak. Eta hori guztia ezin dugu konpentsatu azalpen sakonekin, asmo onekin edo doktrinamendu saioekin».
.
«Hizkuntza bat sistematikoki aukera politiko edo ideologia jakin batekin lotzen bada, horrekin identifikatzen ez diren hiztun guztiak galduko ditu automatikoki».
.
«Egia da sistematikoki portaera bat indartzeak eragin positiboa izan ohi duela portaera geureganatzen ari garenean. Portaera finkatuta dagoenean, errefortzu berarekin jarraitzeak gogait eginarazten du eta berehala eragin kaltegarria izatera ere pasa liteke».
.
«Euskaldun asko ezagutzen ditut euskara oso gutxi erabiltzen dutenez ez dakitela ondo hitz egiten sentitzen dutenak. Gidatzeko baimena tiraderan laga eta sekula kotxerik ez hartzea bezalakoxea da hori».
.
«Norbaitek sistematikoki mendekotasuna praktikatzen duenean, gatazka egoerarik ez dagoela sentitu izan ohi du».
.
«Gaztelaniaz milioi askok hitz egiteak ez dio ezer esaten. Izan ere, berak ez dauka asmorik milioika pertsonarekin hitz egiteko. Bere lagunekin, auzokoekin eta bera eta familia bizi diren toki berean bizi direnekin hitz egin nahi du».
.
«Euskaraz ondo jakitea askorentzat balio erantsia izan liteke (ez da hori gertatzen gaztelaniarekin, ezinbestekoa baita hizkuntza hori jakitea)».
.
«Orain arte euskaraz egin ez duen bat euskaraz hitz egitera ausartzen denean, normal hitz egiten jarraitzen dut, ezer ez balitz gertatuko bezala. Ez dut aipatu ere egiten».
.
«Ez dut eztabaidatzen ea euskaraz egiteko eskubiderik dudan ala ez. Eskubideak ez dira eztabaidatzen, gauzatu egiten dira».
.
«Ohiturak aldatzeko orduan oso etsai indartsua da maximalismoa. Gauza bat inoiz egin ez duen norbaitek arrakastatsu izateko bere buruari %100etan egitea eskatzen badio, ia ziur porroterako bidean doala esan dezakegu».
Hizkuntzaren armairutik irten
Ezagutu nahi dut zoko hau