Hizkuntzarekin jolasean
Hizkuntzarekin jolasean –
Oporretatik ez naiz jakintsuago etorri. Joan nintzen bezain nekatuta itzuli naizela esatea gehiegizkoa da, baina uste dut inoiz baino motzago egin zaizkidala.
Lanera itzuli naiz eta eguneroko borrokatxoetan, opor aurretik bezain galtzaile sentitzen jarraitzen dut.
Interes handiz ikusi dut euskarazko eskola publiko bakarra, doakoa eta murgiltzailearen proposamena. Uste dut ezinbestekoa dela. Hala ere, Kike Amonarrizi hitzaldi batean entzun nion jai dugula ez badugu euskara eskolaz kanpoko bizimodura eramaten. Adin gaztekoen artean euskara ulertzen dutenen ehunekoa oso handia baita, eskolari esker hein handi batean, baina kalean eta ozio denboran ez baita asko erabiltzen.
Penaz ikusten dut hitzaldiak eta bestelako jarduerak antolatzeko oraindik zenbat azalpen eman behar ditugun euskaraz izan daitezen eta hori, lortzera iristen bagara, ze jende gehiagorengana iristeko aitzakia ahoan, zenbat aldiz erdarara aldatu dizkiguten edo geratu den bertan behera…