Hizkuntza eskubideei buruzko kexuen kopurua jaitsi egin da
Hizkuntza eskubideei buruzko kexuen kopurua jaitsi egin da
Elebide-Hizkuntza-Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuaren 2016. urteko memoria aurkeztu du. Txosten honen arabera, iaz 544 izan ziren izapidetutako intzidentziak, eta horien %83a hizkuntza eskubideak urratu zaizkiela sentitu duten herritarren kexak dira guztira, 452 kexa. Beraz, kexei dagokienez, nabarmendu behar da aurreko urtearekin alderatuta jaitsiera izan dela: 470 kexa jasotzetik 452 kexa jasotzera.
Elebide 2008an jaio zen eta kasu bakoitzaren jarraipen zehatza egiten du, jasotzen den intzidentzia guztiek konponbidea izan dezaten. Zerbitzu honen ikuspegitik, herritarren salaketei esker erakundeak indartu egiten dira eta neurri egokiak har ditzakete hizkuntza eskubideen urraketak errepika ez daitezen.
Intzidentzia guztietatik 375 (% 65) webgunearen bidez aurkeztu dira, eta 177 (% 31) posta elektronikoaren bidez. Guztira, herritarren % 96k bide telematikoen alde egin dute, eta gainerako % 4k bestelako bideak erabili dituzte. Interneten bidezko harremanei dagokienez, txioak ilustratzeko gaztelaniazko irudiak erabili dira eta webguneko euskarazko bertsioen esaldi batzuetan gramatika-akatsak izan dira.
Aurreko urteetan internet eta sare sozialei dagozkien intzidentziak jasotzen hasi bazen ere, 2016ko jarduera-txostenean igoera nabarmena antzeman da, Administrazioak eta erakundeek ingurune digitala herritarrei zerbitzuak eskaintzeko gero eta gehiago erabiltzen duten seinale. Beste zenbait eskaera euskararen kalitatea bermatzeari begirakoak ere izan dira, hau da, esaldi akastunak zuzentzera bideratutakoak. Horietako batzuk sare sozialetan agertutakoak izan dira.
Interneten bidezko harremanei dagokienez, txioak ilustratzeko gaztelaniazko irudiak erabili dira eta webguneko euskarazko bertsioen esaldi batzuetan gramatika-akatsak izan dira.
Intzidentzien tipologiari dagokienez, horrela banatzen dira: 452 kexa, 66 eskaera, 19 kontsulta eta 7 iradokizun. Izapidetutako 452 kexetatik, 444 euskara erabiltzeko eskubidearekin loturiko kexak izan dira; 8 kasu, aldiz, gaztelania erabiltzeko eskubidearekin loturikoak izan dira. Beraz, txostenak argi erakusten du azken lau hamarkadotako euskararen normalizazio prozesuaren aurrerakada gorabehera, oraindik ere euskarari dagozkiola hizkuntza eskubideen urraketak.
Kexa guztien %89a (402 kexa) esparru publikoaren ingurukoak dira, eta % 11 (50 kexa) esparru pribatuari dagozkio. Herri administrazio eta erakundeen kasuan, aurkeztutako kexen %68a Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoari zuzendu zaizkio (275 kexa). 2015. urtearekin alderatuta, 38 kexa gutxiago jaso dira. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoari zuzendutako kexa horien artean, 34 Eusko Jaurlaritzaren aurkakoak izan dira eta 241 Eusko Jaurlaritzaren erakunde eta sozietate publikoen aurka (iaz 271 izan ziren).
.
Gainontzeko erakundeak
Foru aldundiei dagokienez, 26 kexa zuzendu zaizkie 2016an: Arabako Foru Aldundiari, 2; Bizkaiko Foru Aldundiari, 23; eta Gipuzkoako Foru Aldundiari, 1. Toki administrazioen kasuan, berriz, 64 kexa izan dira; iaz baino 9 gehiago.
Bestalde, Osakidetza izan da kexa jasotzaile nagusia aurten ere. Arlo publikoari buruzko 402 kexa jaso dituzte, eta erdiak baino gehiago dagozkio osasun zerbitzuari: 208. Horietatik 83 kanpaina batzuen bidez iritsi dira —45 eskari ere bai—. Zera eskatu dute, besteak beste: harreman hizkuntza euskara izatea, historia klinikoa euskaraz izatea, arreta espezializatuan euskarazko zerbitzua izatea, eta ekografien txostenak euskaraz jasotzea. Egunean-egunean jarritako beste 125 kexu jaso ditu Osakidetzak: ez dietela arreta euskaraz eman, idatzizko jakinarazpenak erdaraz bidali dizkietela, ordezko medikua erdalduna jarri dietela…
Eta martxa honetan ez da bat bera ere izango!
Batzuk oraindik ez dakigu hizkuntz eskubideen arloko kexa izan beharko lukeen ETB1ek jasanarazten digunak: berrietan, estilo librua dela eta, elkarrizketatu asko-gehienak gaztelaniaz ari zaizkigu luuuuuzzzeeee baino luuuuzzzeeeago eta inolako bikoizketarik gabe.
Oraintxe bertan, ikusten ari garen albiste emanaldian (14:00), UGTkoa,MSCCruceroseko arduraduna, RACekoa, oporretara doazen zenbait, eta hamaika gehiago.. espainolez barra-barra.
Ez al da modurik teleberri arrunt bat hizkuntz erasorik gabe eta euskara HUTSEz ikusteko?
Ala gaztelaniaz jakin beharko al dugu Iparraldekook ere?