Korrikaren independentzia

Korrikaren independentzia

Korrikaren independentziaArrazoi bat baino ez dut azalduko zezenaren independentzia potolo horrek ez zaigula euskaldunei komeni adierazteko. Denborarekin zerikusi du. Nazionalistek proposatzen duten prozesu independentista epe luzeko prozesua da (besteak beste, EAJkoen eskuetan dagoelako).  Luzea eta korapilatsua (horregatik, nazionalista zuhurrek kontu handiz aurrera egiten dute). Euskaldunen premiak larriak dira, ordea. Euskaldunok ezin dugu itxaron. Euskaldunok independentzia orain behar dugu.

Premia horrek nazionalisten independentziaren kontzeptua zehaztera garamatza. Euskaldunok independentzia orain lortu behar dugu euskaldunon komunitatearen biziraupena eta askatasuna bermatzeko. Euskaldunok independentzia orain eskuratu  behar dugu gure eredu linguistiko eta kulturala ezartzeko.

Euskaldunok behar dugun independentziak, bada, bi ezaugarri ditu: lehenengoa, independentzia linguistikoa eta kulturala da (eta ez militarra eta ekonomikoa); bigarrena, independentzia horrek ezin du atzerapenik izan; orain, jada, independentzia hori behar dugu Euskal Herrian euskaraz bizitzeko.

Independentzia linguistikoa eta kulturala, hori da, hain zuzen, Korrikak aldarrikatzen duen independentzia. Oihu egiten ausartu gabe, halere. Mututasun horren zergatia ezagutzen dugu: euskaldunok  independentzia behar dugu, baina politikariak dira eskubide hori definitzen eta eskatzen dutenak. Euskaldunok independentzia beharra justifikatzen dugu, baina politikariei dagokie independentzia gauzatzea. Horrez gain, politikariek errukiz begiratzen digute independentzia politikoa eta kulturala proposatzen dugunean. «Hori huskeria da», dioskute, «independentzia ekonomiko eta politikorik gabe, zertan geratuko da independentzia kultural eta ekonomiko hori?».

Euskaldunek bizirik irauteko, botere politikoa behar dugu gure  egitasmo linguistiko eta kulturala aurrera eramateko, hau da, E.H. euskalduntzeko. Independentzia hori premiazkoa da. Euskaldunok ezin dugu itxaron. Alemania bezain boteretsua izateak itxaron dezake; NBEn ikurrina jartzea ere ederra izan liteke, baina itxaron dezake. Independentzia linguistiko eta kulturalak, ordea, ezin  du itxaron. Jada, orain, behar dugu euskaldunok independentzia linguistikoa eta kulturala.

Denboraren poderioz zezenaren independentzia litekeena izango da agian. Korrikaren independentziak ez du zezenarena ukatzen, baina independentzia linguistiko eta kulturalari lehentasuna ematen dio. Politikari ezkertiarren hizkera erabiliz, euskaldunok proposatzen duguna pausoz pausoko estrategia da. Baina, «erabakitzeko eskubidea» ordez, «euskaraz bizitzeko eskubidea» da gure estrategiaren hasiera eta oinarria.

Hil edo biziko erronka da independentzia linguistiko eta kulturala lortzea. Nazionalisten amets  independentistek ez gaitu asetzen. Puxika baten sendotasuna dute. Garaia da gure nazioa euskaldunen (eta emakumeen) erara eraikitzen hasteko. Garaia da independentzia linguistiko eta kulturala eskuratzeko.

Korrikaren independentzia edo zezenarena, hori da euskaldunok aurrean dugun aukera.

Korrikaren independentzia

FILOSOFO OHIA

2 pentsamendu “Korrikaren independentzia”-ri buruz

  • Ados. Txalogarria zure idatzia. Euskarak eta euskalduntasunak egiten gaitu Euskal Hiritar. Euskararik gabe jai dugu.

  • Oso onak zure idazkiak eta gaia ontsa kokatzeko lagungarriak.
    Aldiz, zergatik erabili artikuluz artikulu Korrikaren sinboloa, hori baita egiten duzuna, korrikaren argazkiak, fama, ezagupena, hots sinboloa erabiltzea zure ideien bermatzeko.
    Zergatik sinbolo baten beharra duzu gauzak azaltzeko?
    Eta zergatik Korrikarena hartu? Ez beste bat?
    Korrika antolatzaileekkin adosturik egiten duzu irudi erabilpen hori ala zure kabuz?

    Argi geratzen den bezala iruzkin honetan, urteetan Korrika antolatzen eta honen garatzen lan egin duenetarik bat naiz. Bat egiten dut azaltzen duzun ideiekin, ez guziekin, batzuk nahiko sinplistak iduritzen zaizkidalako. Aldiz, ez nau eroso uzten sinbolismoaren erabilera, sinbolo hori ez denean baitezpada saltzen duzunaren saltzeko sortua izan.

    Ongi segi.