Hizkuntz profilen kopurua Iruñeko errealitate soziolinguistikora egokitzerik ez zen onartu

Hizkuntz profilen kopurua Iruñeko errealitate soziolinguistikora egokitzerik ez zen onartu –

Plantilla Organikoan Hizkuntz Profilen kopurua Iruñeko errealitate soziolinguistikora egokitzerik ez zen onartu Iruñeko Udaleko Euskararen Ordenantzan.

Hizkuntz profilen kopurua Iruñeko errealitate soziolinguistikora egokitzerik ez zen onartu

Iruñeko Udaleko Euskararen Ordenantza 2019ko maiatzaren 29tik indarrean dago. 2019ko maiatzaren 14an argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Aldaketaren aldeko gobernu taldeak erabaki zituen AETren alegazioen inguruan. Egindako txostena Lehendakaritza Batzordean onartu ondoren, Udaleko Osoko Bilkuran onartu zen, EH Bildu, Geroa Bai, Aranzadi eta Ezkerraren botoekin.

26 alegazioetatik bakarra onartu zen. Hirugarren alegazioa ez zen onartu. Oro har, euskararen aldeko jarrera ez da nabaritzen txosten horretan.

.

HIRUGARREN ALEGAZIOA.

13. artikulua:

“1.- Udalaren plantilla organikoan zehaztuko da zer lanpostutan jakin behar duten euskara haiek betetzen dituzten langileek, dela jendearekin duten harreman handiagoagatik, dela barne-funtzionamenduan daukaten kokapenagatik administrazio-prozedurez bezainbatean, betiere xede hartuta Ordenantzaren 4. eta 5. artikuluetan ezarritakoa betetzea.

2.- 4. eta 5. artikuluetan xedatutakoa betetzeko xede berarekin eta herritarren eskubideei erantzute aldera, hizkuntza-eskakizunak esleituko zaizkie hala jendeari aurrez aurre arreta ematea zeregin duten lanpostuei nola, aurrez aurrekoak izan gabe, herritar euskaldunei arreta emateari lotuta daudenei”.

.

13. artikuluari alegazioa.

“3. puntua gehitzea:

Aurrekoa betetzeko irizpide nagusia hauxe izanen da: Musika Eskolako irakasleak eta Haur Eskoletako zuzendariak eta hezitzaileak kontuan izan gabe, Plantilla Organikoetako lanpostuen % 23’9an, gutxienez, euskarazko hizkuntz profila ezartzea.

Iruñeko Udala saiatuko da 2020ko Plantilla Organikoan irizpide hau ezartzen. Aski denborarik ez balu, 2021eko Plantilla Organikoan nahitanahiez beteko luke irizpide hau”.

Arrazoia:

Nafarroako Gobernuaren azken Inkesta Soziolinguistikoan, Iruñeari dagozkion datuak hauexek dira: Biztanleen % 10’5 euskalduna da eta % 11’4 euskaldun hartzailea (euskara ulertzen duena, ongi hitz egiteko gai izan gabe). 16 urtez beherakoen artean % 25’1 dira euskaldunak eta % 11’9 euskaldun hartzaileak. Joera nondik nora doan adierazten du honek.

Gure ustez, kalkulu honen arabera ezarri beharko lirateke euskarazko hizkuntz profileko lanpostuak: Gutxienez, Iruñeko euskaldunen portzentajea + Iruñeko euskaldun pasiboen portzentajea + % 2 (beraz, % 23’9). Eusko Jaurlaritzak sistema hau erabiltzen omen du, kopurua erabakitzeko.

Irakasleek eta hezitzaileek funtzio bereziak dituzte. Horrexegatik, postu horietarako kalkulua beste modu batez egin behar dela pentsatzen dugu.

.

IRUÑEKO UDALAREN EZEZKOA ALEGAZIOARI.

Ikuspuntu tekniko-juridikotik, alegazioa ezestea proposatzen da.

Proposatzen denak administrazio-egintza baten izaera dauka eta, horrenbestez, ez du Ordenantzak arautu behar. Azkenik onetsiko den ehunekoa lanpostuen gaineko azterlanean ezarriko da, eta Ordenantzak konpromisoa du hura egiteko.

.

ERANTZUNAREN BALORAZIOA.

Alegazioak irizpide bat ezartzen zuen, baina oso zehatza (Plantilla errekurritzeko ere aukera ematen zuena). Epea ere zehatza zen. Ez zen administrazio-egintza. Lanpostuen azterlana eginen omen da, baina irizpide murriztaileak ekiditeko aukera galdu da.

Alderdi gehienek duten diskurtsoaren aurka, alegazio “maximalista” honek asmo hau besterik ez zeukan: Plantilla Organikoa Iruñeko errealitate soziolinguistikora egokitzea (lanpostuen % 3k daukate hizkuntz profila garu egun, haur eskolak kontuan izan gabe). Hauteskundeetako emaitzak izan direnak izan direnez, ez dugu jakinen laukoa horretara iristeko prest zegoen (ez zirudien, alegazioa ukatu baitzuen). UPN-k ez du irizpide murriztaileak ezartzeko eragozpenik izanen, ordea.

Hizkuntz profilen kopurua Iruñeko errealitate soziolinguistikora egokitzerik ez zen onartu

Hizkuntz profilen kopurua  Hizkuntz profilen kopurua Hizkuntz profilen kopurua

Administrazioan Euskaraz Taldea