Askatasuna ez dago modan

Askatasuna ez dago modan –

Askatasuna ez dago modan

Gogoan dut jantzi-denda batean sartu eta galtza urratu eta zirpilduak salgai ikusi nituen eguna. Arropak horrela saltzea zentzugabea iruditu arren, egun batzuen buruan, lotsagarritzat jotzen nituenak moderno bilakatu ziren. Moda kontuak! Baina, gauza jakina da modak ez direla modu naturalean sortzen, eta hauen atzean interes ekonomikoak daudela, kontsumoan oinarritzen baita mundu hau.

Hizkuntza ere kontsumitu egiten dugunez, neure buruari galdetzen diot ea bestelako interesik ote dagoen erabiltzen den hizkuntzan terminoak hautatzeko garaian. Modaz pasatako soinekoa zokoratzen dugun moduan baztertzen ote ditugu ele batzuk, berrien mesedetan?

Herri menperatu batean askatasuna lortzea beharko luke izan lehen helburua, beraz, gehien esan eta idatzi beharreko hitzetako bat ere bai, eta era berean, inperialismoa, okupazioa eta kolonizazioa, askatasun ezaren erantzule direnak. Termino hauek duten presentzia kontuan hartuta, zaharkituak daudela ematen du, ez dira modernoak, ez daude modan. Hauen ordez errebindikazio termino berri andana eskaintzen zaigu, herri aske moduan arazoak erabakitzeko ahalmena izango bagenu bezala, helburu nagusia ahazturik bestelako gatazketan korapilatuz. Ez da zaila begirada desbideratzeko interesa nondik norakoa den asmatzea.

Euskal politikariek ez ezik, mikrofonoa edota idaztekoa duen euskaldun orok askatasun ezaz aritu beharko luke, ez egite hutsak bi mezu zabaltzen dituelako: bata, askatasuna lortzea utopia bat dela, eta bestea, menpeko herrian aske bizitzea posible dela, bizi garela. Askatasun gosea elikatu beharrean, sinesmen okerrak transmititzen zaizkie belaunaldi berriei, pixkanaka eta ia ohartu gabe, herria asimilazio bidean hondoratuz. Euskal komunikabideak giltzarri dira herri honek bizi duen menpeko egoera ikus dezan eta egoera honen aurrean erantzun dezan. Gure komunikabideek afera honetan duten erantzukizuna erabatekoa da hauek baitira, neurri handi batean, barrua janzten digutenak.

Datorren abuztuaren 15ean Orreaga Taldeak Pasai Donibanen Askatasun Eguna ospatuko du, batetik, 778.urtean Orreagan borrokatu zutenetik hasi, eta gaur arte herriaren alde egin dutenak omentzeko, eta bestetik, inperialismotik babesteko sortu zen Nafarroako Erresuma dela Euskal Herriaren estatua adierazteko. Inoiz bere estatuari uko egin ez dion herriak askatasun nazionala berreskuratzeko estrategian jarri behar du indar guztia, askatasuna ez delako moda kontu bat, herri guztiek duten eskubidea baizik.

Jone Elizalde

 

Jatorrizkoa hemen: https://oarsoaldea.hitza.eus/generoak/iritziak/gutuna-askatasuna-ez-dago-modan/

Askatasuna ez dago modan