Hezkuntza legeak euskara ardatz duen sistema definitzeko ordua iritsi da

Hezkuntza legeak euskara ardatz duen sistema definitzeko ordua –

  • Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean agerraldia egin du gaur Kontseiluak, eta lege proiektuari 33 zuzenketa aurkeztu dizkio.
  • Euskara ardatz izango sistemari definizio zehatzagoa eman zaio, euskara irakas- eta ikas-hizkuntza normalizatua izango duena.
  • Ekarpenak gehiengo sindikalarekin eta hezkuntzako eragile nagusiekin jorratutako adostasunaren ondorio direla eta, balio eta aitortza hori eman dakizkiela eskatu du Kontseiluak.

Apirilaren 25ean, Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Batzordeak EAEko Hezkuntza Lege proiektua Eusko Legebiltzarrera helaraztea onartu zuen. Euskalgintzaren Kontseiluak proposamenaren balorazio gazi-gozoa egin zuen hizkuntza auziari dagokionez, eta argi adierazi zuen legeak «euskara gehiago» behar duela.

Eusko Legebiltzarrak gonbidatuta Hezkuntza Batzordearen aurrean agerraldia egin dute Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusia eta Paul Bilbao idazkari nagusi ohia. Bertan, hezkuntza lege proiektuari egin dizkioten 33 zuzenketa zehatz aurkeztu dituzte, «hizkuntzaren korapiloa askatzeko ekarpen propositiboak, Kontseiluak prozesuaren hasieratik izan duen jarrera eraikitzaileari segida emanez».

Ekarpenak egiteko 2022ko urrian hezkuntza eragile nagusiekin eta gehiengo sindikalarekin batera adostutako lege-proposamena izan du oinarri. Kontuan hartu behar da proposamen hori dela egun euskararen inguruan izan den adostasun sozialik handiena eta zehatzena. Hartara, bertan jasotako neurri guztiak Eusko Jaurlaritzak aurkeztu duen proposamenean zuzenketa bidez txertatzen saiatu da Kontseilua. Halaber, ekarpen hauekin, Eusko Legebiltzarrak onartu zuen ponentzian positiboki baloratutako elementuak eta Legean deklinazioa izan ez dutenak ere berreskuratu ditu Kontseiluak.

Euskara irakas- eta ikas-hizkuntza normalizatua

Kontseiluak egindako ekarpen nagusia «euskara ardatz duen sistema» definitzea izan da. Lege proiektuaren zirriborroen balorazioan aipatu zen bezala, legeak ahalik eta zehaztasun handienarekin jaso beharko luke euskara izango dela ikas- eta irakas-hizkuntza orokorra, auzitegien edo uneko gobernuen interpretazio murriztaile posibleak galarazteko.

Horrexegatik, Kontseiluak ondorengo definizioa gehitzea proposatu du 65. artikuluan: «Euskararen inguruan artikulatuta egoteak dakar berezko hizkuntza hezkuntza sisteman irakas- eta ikas-hizkuntza normalizatua izatea, bai eta jardueretan erabilera normal eta orokorreko hizkuntza izatea ere». Halaber, Euskal Hezkuntza Sistema «euskaldun eleaniztuna eta kulturartekoa» izan behar dela zehaztu du. Izan ere, orain arte ikasleen euskalduntzean arrakasta handiena izan duena euskarazko eredua izan da, eta aurrera begirako berme bakarra ere bada.

Hizkuntza-proiektuen baliozkotzea eta ebaluazioa

Ikasleen hizkuntza-konpetentzien lorpenari dagokionez, 66. artikuluan, gutxieneko helburuen betetze-maila irakasle-taldeek ebaluatu beharrean, egindako ekarpenak ondorengoa zehazten du «ikastetxeek ebaluazio-prozesu zehatza plangintzatu beharko dute, eta horietako zenbait kanpo-ebaluazioak izango dira». Kontseiluaren iritziz, emaitza errealak ezagutzeko beharrezkoa da kanpo-ebaluazioa bermatzea.

Bestalde, 67. artikuluan, ikastetxeen hizkuntza-proiektuek euskara ikas- eta irakas-hizkuntza gisa hartzeaz gain, «euskararen ikaskuntza-prozesuan, modu orokorrean zein banaka, ikastetxearen errealitate soziolinguistikora egokitzeko irizpide orokorrak» jaso beharko dituzte, «euskara gutxiago duenari gehiago ematea» izan beharko delarik oinarria».

Bide beretik, hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak hizkuntza-proiektuen baliozkotzea egitea proposatzen da, «hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak hizkuntza-proiektuak indarrean dagoen araudiarekin bat datorren aztertu eta baliozkotzeko eta, hala ez bada, aldatzeko eskatuko du» (68. art.). Hizkuntza-proiektuek legeak bildutako irizpideak jaso ezean, edota hizkuntza-gaitasunak bermatzeko egokia ez dela ondorioztatzen bada, «hizkuntza-proiektua aldatzeko beharra izango da, ikastetxearen ekimenez edo hezkuntzaadministrazioaren kabuz». Hizkuntza-proiektua egokitu ezean «ez da programa-kontratua sinatzerik izango» (69. art.).

Euskal curriculuma ardatz

Gainera, Kontseiluak proposatu du Legeak euskal kurrikuluma bere horretan jaso behar duela. Horregatik artikulu berri bat eransteko ekarpena egin du, euskal kurrikuluma ardatz izan dadin. «Euskal dimentsioa eta dimentsio unibertsala barne biltzen dituen ikuspegia» jasoko dituen curriculuma, hain zuzen ere. Horretarako, irakasleak curriculumaren ulerkera honetaz jabetzeko eta berau garatzeko prestatuko dira, eta ikasmaterialak eta ikas-baliabideak garatu eta berauen erabilera arautuko dira.

Irakasleen euskara-gaitasuna eta ingurune-erabilera

Langileen hizkuntza-gaitasuna hobetzeari dagokionez, Legebiltzarrean onartutako itunaren espiritua mantenduz, 70. artikuluan irakasleek euskarako C2 maila lortzeko prestakuntza sustatzea eskatu du Kontseiluak, baita euskal kulturaren ezagutza izatea ere. Halaber, 73. artikuluan, euskararen ingurune-erabilerari buruzkoa, 25.3 artikuluaren espirituari jarraiki, euskara hezkuntza-sistemaren barruan lehenesteari eduki zehatza eman dio Kontseiluak: «Ikastetxeetan euskararen erabilera lehenetsiko da barne eta kanpo jarduera-harremanetan eta profesionalen arteko harremanetan, bai eta ikasleen eta irakasleen arteko harreman formal eta ez-formaletan ere», eta «Euskara erreferentzia-hizkuntza gisa indartuko da, bai eta ikasleen erabilera aktiboa sustatu ere».

Beste ekarpen batzuen artean, Kontseiluak proposatu du ikastetxeetako zuzendaritzataldeetan hizkuntza-normalizaziorako arduradunak egotea (39. artikulua), edota ikasleei euskara ezagutzeko eskubidea bermatzeko euskararen ikaskuntzari ordu nahikoak esleitu beharra, zein «ezarritako gaitasuna lortze aldera ordu kopurua nahikoa ez den kasuetarako, ikastegiaren hizkuntza-proiektua aldatzeko prozedura eta bitartekoak».

Azkenik, Kontseiluaren izenean sartuko diren ekarpenak izan arren, ekarpenak gehiengo sindikalarekin eta hezkuntzako eragile nagusiekin jorratutako elkarlanaren eta adostasunaren ondorio dira. Horrexegatik, balio eta aitortza hori eman dakizkiela eskatu du Kontseiluak.

Hezkuntza legeak euskara ardatz duen sistema definitzeko ordua iritsi da

Euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeen eta eragileen bilgunea da Euskalgintzaren Kontseilua. 30 talde baino gehiagok osatzen dute, eta, batasunaren indarraz baliatuz, euskararen normalizazioa azkartzeko hizkuntza-politiketan eragitea du xede. Kontseilua sinetsita baitago euskara dela gizarte kohesionatu, justu, demokratiko eta berdinzaleago bat eraikitzeko tresna. Helburu hori jomuga hartuta ari da lanean 1998. urteaz geroztik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude