Helduek umeekin euskara ikasi; hizkuntza ohiturak astintzeko aukera.
Helduek umeekin euskara ikasi; hizkuntza ohiturak astintzeko aukera –
Ikastola, eskola eta euskaltegietako irakasleok erantzukizun handia dugu euskararen transmisioan, normalizazioan eta kalitatean. Ikasleei irakasteaz gain, badugu zer eginik, haratago ere bultzatzeko.
Artikulu honetan, zehazki, helduen ikasketa prozesuaz arituko naiz. Bereziki haurrak edota ilobak dituzten euskara ikasle helduez.
Ikasle helduentzat, euskaltegian ikasitakoa kanporatzea erronka izaten da. Lotsa, ohitura falta, pazientzia falta edo motibazio falta izan ohi dira arrazoi nagusiak. Hori dela eta, irakasleak ariketa zehatzak planteatu behar dizkie ikasleei. Ariketa horiek protokolo bat jarraitu dezakete, eraginkorrak izan daitezen. Emaitzak oso pozgarriak izan daitezke. Batez ere, euskararen normalizazio, sozializazio eta hizkuntza ohituretan eragin dezakegu.
Hori bai, ikasgela jakin batean egoera horretan dauden ikasleak identifikatu behar dira, hau da, inguruan umerik duten galdetu behar zaie.
Euskaraz hitz egiten/ikasten dutenentzat, haurrekin harremanetan egotea, urrezko aukera da ikasitakoa praktikan jartzeko. Batzuk umeekin (eta txakurrekin) erosoago dabiltza nagusiekin baino, lotsarik gabe.
Ikasle askorentzat, euskararekin duten harreman bakarra (ikasketa prozesutik kanpo) txikienekin ematen da. Haiek erabiltzen dutena edo beren ikastokian ikasten/ikusten dutena ulertu ahal izatea motibagarria izan daiteke. Titulua lortzera mugatzen da motibazioa. Hortaz, motibazio gehigarria aurkitu behar dute. Titulua lortzea kanpoko motibazioa da. Barne-motibazio bat sortu behar da. Umeekin (hobeto) aritzea motibazio gehigarri bihurtzen saiatu behar gara.
2-10 urte. Helduek umeekin euskara ikasi.
Garrantzitsua da jarraibide batzuk ezartzea aprobetxamendua handiagoa izan dadin. Nik neuk, irakasle gisa, prozesu honetan laguntzen dut.
- Ekarri umeentzako liburua klasera.
- Aldez aurreko irakurketa: hiztegia edo egitura berriak irakurri eta apuntatu behar dituzu, paper batean edo liburu berean.
- Laburpena: kontatu ipuina zertaz arituko den. Egokiena da urrats hau irakaslearekin egitea.
- Ipuina irakurri+kontatu. Lehenik eta behin, entsegu bat haurra aurrean izan gabe. Ideala, irakaslearen aurrean.
- Haurrari ipuina kontatzea, telefonoan grabatuz. Klasean entzun eta aztertuko dugu. Kontaketan, ez erabili erritmo lineal bat, baizik eta “antzerki” pixka bat eginez. Pertsonaiaren arabera ahotsak jartzea. Elkarreragin edo interakzioa bilatu behar duzu, adibidez: Non dago txakurra? Begira, zer da hau?
Erakutsi irudiak haurrari (liburu batzuek aktibatzeko soinuak eta ukipen desberdina dute). Tartekatu testuaren irakurketa zuzena zure azalpenekin. Irudiak oso baliagarriak dira hitz berriak ikasteko, erreferente edo lotura horri esker errazago memorizatzen direlako.
Nire ikasleei, liburuaren kontaketa edo irakurketa hori telefonoan grabatzeko eskatzen diet. Klasean entzuten dugu, zuzenketak eginez edo aholkuak emanez.
Ipuina behin baino gehiagotan kontatzea. Hiztegi berria benetan ikasteko, gutxienez 4 aldiz irakurri behar duzu. Baliteke adingabeak berak behin baino gehiagotan irakurtzea.Haurrak bere jabetzako liburuak izan behar ditu. Horrela gehiago apreziatuko ditu eta identifikatuko da eurekin.
Material eskaintza zabala. Euskaraz haur adineko material ugari duzu. Denda espezializatua Elkar da. Baina mota guztietako liburu-dendetan, EAEn, Nafarroan (eskualdearen arabera) eta Iparralden ere materiala aurkitu ahal izango duzu. Liburutegietan ere, eskaintza luze eta zabala duzu.
Eskaintza, ordea, jaitsi egiten da adin helduagoetan. Horregatik aprobetxatu behar da adin-tarte hori.
Gainera, euskara maila errazagoa da 1-5 urte bitarteko materialean.
Zein liburu aukeratu?
Zure maila (A2-B1) eta haurrarena (adinaren eta euskararen ezagutzaren araberakoa) hartu behar dituzu kontuan. Irakasleak baloratu behar du, ikasle zein irakasleen mailak material egokiena topatzen laguntzeko.
Arlo honetan eskaintza zabala dago. Marrazki bizidunak ditugu Youtuben (Pottokiak, Tintin, Ene Kantak, Irrien lagunak, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Euskal Encodings…). Baina oso garrantzitsua da azpitituluak izatea. Ez haurragatik, zugatik baizik, ikasten ari zarelako. Nik urteak eman ditut bideo horien azpitituluak egiten. Irrien Lagunak kanalaren barruan, 40 bideori azpitituluak jarri dizkiot. Adibidez:
Gainera, tresna oso erabilgarria duzu: ETB3. Gaur egungo marrazkien eskaintza zabala eskaintzen du. Gainera, azpitituluak aktiba ditzakezu telebistan (ez dira beti agertzen, baina bai gehienetan). Gainera, botoi gorria sakatuz gero, nahi duzuna aukera dezakezu, nahieran. Materiala 3 adin-tarteren arabera antolatuta dago.
Etxerako Lanetan laguntzea. B1-B2 mailan bazaude, zaila da elkarrizketa arinak izatea. Ezin izango duzu irakurri; horregatik, gomendagarriena ikasgaia edo irakurri beharreko liburua berak kontatzea da. Idealki, telefonoan grabatzea, irakasleak kontrastatu ahal izan dezan.
Nerabezaroa eta pubertatea: gurasoekiko jarrera aldatzen da. Garai hau errebeldia garaia izan ohi da. Umeak gurasoekiko aldentzen dira. Beren adin bereko lagunak (eta pixka bat nagusiagoak) erreferentzia bihurtzen dira. Hori dela eta, hobe da haiek irakurtzea nahi dutena edo eskolan egin behar dutena. Zuri irakurri edo laburtu behar dizute.
13 urtetik aurrerako filmak topatzea zaila da. Hori dela eta, ODYSEE plataforman hainbat filma eskegi ditut.
Ikasgaia entzutea. Haiek kontatu beharko dizute, baina zuk aldez aurretik irakurtzen saiatu beharko zara. Egin galderaren bat edo errepikatu haiek esandakoa; horrela, haiek beren hitzaldia entzule bat duela sentituko dira. Haien jarrera oldarkorra bada, ez galdetu/parte hartu. Utziozu bere bidea egin dezan.