Haur eskoletan hezi, bizi eta lan euskaraz!

Haur eskoletan hezi, bizi eta lan euskaraz! –

Haur eskola gurasoak:

Haur eskola publikoen eredu linguistikoen banaketa geografikoaren mapari begiratu bat besterik ez zaio egin behar euskarak eremu hauetan pairatzen duen bazterketaz ohartzeko. Hego mendebaldeko (Mendebaldea-Ermitagaña, Etxabakoitz, Iturrama eta Donibaneko auzoak) eta hego ekialdeko (Arrosadia, Lezkairu, Zabalgune, Mendillorri eta Erripagainako auzoak) biztanleek ez dute euskarazko murgiltzearen eskaintzarik. Inork justifika dezake barruti berean 4 gaztelaniazko murgiltze eredu izatea eta bakar bat ere ez euskaraz? Barruti bakoitzean behintzat murgiltze eredu bana exijitzen dugu, nahikoa da, Mendebaldea eta Lezkairuko haur eskola berriak euskarazko murgiltzean, orain!.

Murgiltze eredu bakarra dago Iruñeko 16 haur eskolen artean. Euskarazko eskaintza, zonifikatu eta urria, eredu mistoetan eskainita dago gehien bat, non, murgiltze erreala ez da ematen. Eredu mota hauetan gaztelania gailentzen da nabarmen eta euskararen transmisioa oztopatzen da. Askotan dirudi euskarazko murgiltze eredua eskatzen dugunok pribilegio batzuk eskatzen ditugula, baina ez da horrela. Nafarroako hizkuntza den euskara bizirauteko eta beste eremuetara zabaltzeko tresna eraginkorrena eskatzen ari gara. Euskaraz bizi nahi dugulako!

Eskaintza-eskaria defendatzen dute eskaintzarik gabe, euskara profileko hezitzaile kopurua murriztu nahi dute gero hori euskarazko plazak handitzeko ezinezko aitzakiatzat erabiltzeko, euskal adarrerako hizkuntza eta normalkuntza proiekturik ez dute garatu, arkitektonikoki ez dituzte haur eskolen behar linguistikoak aztertu, ez da linguistika eta pedagogia eztabaidarik egon,… 

Desastre bat da, eta gainera, bizikidetza, inklusio eta berdintasun eredu bezala saltzeko marketina egiten dute. Aski da!

Haur eskoletan hezi, bizi eta lan euskaraz!

Haur eskoletako langileak:

Duela urte batzuk, hizkuntza-eredu bat asmatu zuten (“gaztelaniazkoa, ingelesezko jarduerekin”) beste eredu baten garapena geldiarazteko helburu bakarrarekin (euskaraz murgiltzekoa, alegia). Eta asmatutako eredu hori aditu bakar batek ere bermatu ez duen arren eta kritika asko jaso dituen arren bere egokitasunari dagokionez, udal honek haren alde egin du, eta bertan inbertitzen jarraitu du, herritarrei sinetsarazteko asmoz haurren eskubide bat dela eta haientzat premiazkoa dela. 

Une honetan, logikoena litzateke inbertsioak bideratzea 0-3 zikloan lan egiten dugun profesionalak prestatzera, datorkigun kasuistika konplexu guztiari aurre egin ahal izateko, era horretan haurrak eta familiak lehen lerroan artatzen ditugun langileei babesa emateko. Aitzitik, Iruñeko Udalak erabaki du hobe dela inbertsioak bideratzea bere haur eskoletako langileek ingelesezko B1 titulua atera dezaten. 

Denborarekin, konturatu dira esperimentu horrek ez zuela balio euskarazko murgiltze eredua daukaten eskolen eskaria geldiarazteko, eta, barneratua daukaten euskarafobiak gidaturik, beste aurrerapauso bat eman dute, eta hizkuntzen tratamendurako beste berrikuntza bat atera dute mahukatik: “euskarazko eredua, ingelesezko jarduerekin”. Orain sinetsarazi nahi digute dena gure eskolen modernizazioaren mesederako egiten dutela, beren euskarafobia ezin disimulaturik. 

15 urte egon ondoren lanpostuak betetzeko deialdi publikorik egin gabe, orain, ingeleseko B1 profila sartzen dute lanpostu guztietan, eta ahalegintzen dira langileen artean zabaltzen behar bezala prestatu “beharra” dutela eta titulazio hori lortu “beharra” dutela haur hezitzaileen lanpostu bat atera nahi badute, garbi baino garbiagoa egon arren titulu hori ez dela inola ere nahikoa hizkuntza bat irakasteko. Baina hori ez da hizkuntza bat inposatzea, ez, langileen prestakuntza-eskaerei egokitutako eskaintza bat baizik. 

Itxurakeria gehiagorik ez. Ez engainatu jendea euskara baztertzea eta Nafarroaren berezko hizkuntzaren normalizazioa eragoztea besterik bilatzen ez duen eredu bat bultzatzeko; eta are gutxiago, elkarbizitzaren izenean. Euskararen aurkako eraso gehiagorik ez! Euskarafobiari ez!

...

Iruñeko euskalgintza, haur eskoletako langileak eta haur eskoletako gurasoak

Haur eskoletan hezi, bizi eta lan euskaraz!