Ofizialtasunaren atarian piztiak zaunkaka

Ofizialtasunaren atarian piztiak zaunkaka –

«Inposaketa», «laborategian sortutako hizkuntza asmatua», «gutxi batzuen ahotan soilik entzuten da», eta abar luzeegi bat. Inork ez luke esango ez duenik inoiz horrelakorik entzun euskararen inguruan, eta aspaldiko kontuak diruditen arren, egun, oraindik ere, askoren ahotan errepikatzen diren hitzak dira. Maiz, piztiek beren pribilegioak arriskuan ikusten dituztenean, zaunka egiteari ekiten diote, beren eskubideak aldarrikatzen dituena kikiltze aldera; behar bada, nork agintzen duen gogoraraztearren, auskalo. Ez genuke ahaztu beharko askotan otsoek berariaz txanogorritxuren irudia hartzen dutela, eta irudi lagungarriena erakusten duten horiek ere piztia bat eraman dezaketela barnean.

Ofizialtasunaren atarian piztiak zaunkaka

Baina, zertara dator guzti hau? 2022an, berrogei urte beteko dira Asturiasko Printzerriko Autonomia Estatutua indarrean jarri zutenetik, eta beste hainbat autonomia erkidegoetan bezala, autonomia estatutu hori ere berritzeko asmoa agertu du bertako gobernuak, aipatutako legea agortuta dagoelakoan. Hizkuntzari dagokionez, 1982ko lege hark bablea babesteko eta sustatzeko beharra xedatzen du —bable izen tradizionala jadanik gehiago ez erabiltzea gomendatzen dute adituek; asturianu hobesten dute—, baina ez du inongo eskumen edota jarraibide eraginkorrik adierazten, hura zokoratzeko atea irekita utziz.

Hainbat asturiarren aldarrikapen historikoa da hizkuntzaren ofizialtasuna, eta azken urteotan, ugariak izan dira borroka honetara batu direnak. Azken hilabeteotan, esan bezala, Autonomia Estatutua berritzeko lanetan murgildu dira politikariak, eta hizkuntzak, berriz ere, Estatuaren oinarri ahulak astindu ditu. Eztabaida bereziki bortitza izan da, eta Adrián Pumares Foro Asturias alderdiko parlamentariak bere baiezko erabakigarria iragarri zuenetik, hautsak harrotzen ahalegindu dira espainiar eskuin-muturreko alderdiak. Alderdi horiek elikatutako mehatxuak, jazarpenak eta erdeinuak etengabekoak bilakatu dira Pumaresen bizitzan, eta dena asturiarrek asturieraz bizitzeko duten eskubidearen alde agertzeagatik.

Mendeetan zehar, asturierak, Estatuko gainerako hizkuntza gutxituek bezala, gutxiespen sakona jasan izan du, eta jazarpen horren ondorioz, asturierazko hiztun kopuruak behera egin du nabarmen. Odoluste hau eragiten duen zauria orbaintzen lagunduko duelakoan, hainbat eragilek ofizialtasunaren garrantzia azpimarratu dute —Iniciativa pol Asturianu nagusi—. Asturieraren Akademia (ALLA) ere ofizialtasunaren beharraz mintzatu zitzaien politikariei igaro den urriaren 10ean. Zenbaiten aburuz, agian, ofizialtasuna erreforma hutsal bat baino ez da, baina ukaezina da ofizialtasunak eragin handia izan dezakeela gizartean eta hiztunengan. Horrek ez du esan nahi, ordea, ofizialtasunak hizkuntza ororen oparotasuna dakarrenik; aitzitik, lan eta borroka nekagarriak exijitzen ditu lortu nahi den normalizazioak.

Ia zalantzarik gabe Autonomia Estatutu berriak eskubide hori jasoko duela jakinda, espainiar nazionalista sutsuek atzaparrak atera dituzte, eta Estatuak berak mendeetan zehar txikitu duen hizkuntza mespretxatzeko ahaleginak errealitate bilakatu dira -inoiz desagertu badira-.

Gutxieneko zintzotasuna duen edonorentzat, bere mintzaira dena dela, hain tradizio eta historia luze eta aberatsa duen hizkuntza galtzea hondamendi historiko jasanezina izango litzateke, baina, noski, piztiei ezin dakieke eskatu ez dagokien bertuterik.

Euskal Herriko mugimendu euskaltzale osoaren izenean hitz egiten dudala esango nuke guri ere asturieraren ofizialtasuna babestea dagokigula esatean, justizia kontua baita, besterik ez. Honek, gainera, beste zenbait hizkuntza gutxituren aitortzaren bidea urra dezake; besteak beste, aragoierarena.

Gaur, hizkuntza gutxitu honen etorkizuna atzo baino zerbait argiagoa dela esan genezake, hura zoko ilunean mantentzen saiatzen direnen gainetik asmo onez jarduten den eta gure miresmen osoa merezi duen jende zintzo ugari baitago.

Ofizialtasuna orain!

Ofizialtasunaren atarian piztiak zaunkaka Ofizialtasunaren atarian piztiak zaunkaka

Euskara/Català/Galego-Português. EHUko ikaslea