Hasleak eta eusleak

Hasleak eta eusleak

Hasleak eta eusleak


Arestian jakin dut Aldahitz proiektuaren berri, zeinak azken urteotan burutu den lantoki batzuetan euskararen erabilera sustatzeko, “eusle metodologia” deritzona erabiliz. Langile guztiak euskaldun izan arren normalean erdaraz funtzionatzen duten lan-ingurune horietan, “eusle” rola duenak, beti euskaraz egiteko konpromisoa hartuta, besteak ere euskaraz egitera bultzatzen ditu.

Egian Euskaraz Bizi Nahi Dut ekimenean, berriz, hainbat herritarrek, astebeteko txandetan, euskaraz bizitzeko ahalegina egiten dute auzo-bizitzaren eguneroko testuinguruan.

Iaz, Lutxo Egia idazleak hilabetea eman zuen espainolez hitz egin gabe, non eta Bilbo erdaldun peto-petoan. Bizi izan zituen gorabeherak Transitoak blogean kontatu zizkigun.

Hiru esperientziok badute bai puntu komunik –konpromisoan oinarritzen dira, iraupen mugatua dute–, bai diferentzia aipagarririk. Hala, lehenengoan, denak euskaraz egiteko gai izateak seguruenik nabarmen gutxitu dezake estres linguistikoa sufritzeko arriskua. Bigarrenean, gatazka-egoerak aurreikus badaitezke ere, pentsatzekoa da ohi baino eramangarriagoak izango direla; besteak beste, ekimenaren beraren dinamika dela medio (parte-hartzaileen elkarrekiko sostengua, txanda-sistema, eta abar). Lutxoren kasuak, berriz, ezaugarri bereziak ditu: iniziatiba pertsonal eta indibiduala da, performance izaerakoa, ingurunea antieuskaldun samarra da, ingelesa ere erabiltzeko hautua dago… Irakurri diogunez, tirabira etengabea izan zen; baita ezusteko onak ere.

Horren harira, eta neure bizipen pertsonalak ere kontuan hartuta, gogoetatxo bat egin dut, eta ondoko lerroetan partekatu nahi dut. Hasi aurretik, baina, bi zehaztapen. Lehena, eremu erdaldunetara mugatuko naiz, horietan ezagutu baititut euskaldun bizi nahi izatearen komeriak. Bilboaldea da nire errealitatea, eta ezer gutxi dakit herri euskaldunetan gertatzen denaz. Bigarrena, aipatutako euslearen figurari beste bat gehituko diot: “haslea”.

Hortaz, euskararen erabilera sustatzeaz ari garela, haste eta euste ekinbideak ezberdintzen ditugu, jarrera pertsonalarekin lotuta daudenak, eta honela defini daitezke:

  • Hastea: hainbat egoeratan lehen hitzak, eta ahal delarik ondokoak ere, euskaraz egitea, mintzakidea euskalduna ote den jakin gabe, edo are, seguruenik euskalduna ez dela pentsatuta ere. Hasleak ez du nozitzen “gatazkaren sindromea” delakoa. Edo aurre egiten dio. Baliteke gero, egoerak horretaratuta, erdarara pasatzea, baina ez du zertan porrot sentipenik izan.
  • Eustea: dakiten arren normalean euskararik erabiltzen ez dutenekin euskaraz tematzea. Batzuetan ­–zenbat eta pertsona gutxiago, errazago–, euslea beste guztiak euskaraz jartzeko kapaza da. Halere, hori ez du nahitaez helburua, eta aski izan dezake bere hautuko hizkuntza erabili ahal izatea, eroso dabilelarik komunikazio elebidun asimetrikoan.

Bi jarrerok, bereiz azaldu baditut ere, batera ager daitezke pertsona beraren baitan. Edonola ere, nire ustez, hainbatetan ez da hala.

Hasle eta/edo eusle izatea, beraz, pertsonalitatearen ezaugarri bat da, zenbait eragile psikologiko izan ditzakeena: ideologia –eta nago abertzaletasuna ez dela hemen uste litekeen bezain erabakigarria–, afektua, frikismoa, edo, batek daki, kontu patologikoren bat.

Tira, erdipurdiko definizioekin amaituta, gatozen hausnarketa honen mamira. Bururatu zait interesgarria izan litekeela gaitasun horiek dituzten gizabanakoak identifikatu eta, nolabait esatearren, ustiatzea. Haietako asko bakartuta bizi dira hiri erdaldunetan, eurak bezalakoekin harreman zuzenik izan gabe. Hortaz, ideia ona izan liteke horrelakoek elkarren ezaguera hartzea, bat egitea, eztabaidatzea, ekimen koordinatuak abiatzea, eta beste. Egingo nuke asko pozik sartuko liratekeela holako saltsetan.

Pertsona horiek, txandaka edo aldi baterako soilik aritu ordez, badute prestasun mental nahikoa epe luzean jarduteko. Plangintza batek bariazioak ezar litzake intentsitatean edo ekintza konkretuen iraupenean, banakoaren gaitasunen arabera, baina beti dinamika iraunkor baten barruan. Oso inportantea izango litzateke saregintza eta interakzioa sustatzea, eta berdin talde-lana, elkarren arteko laguntza eta elkartasuna.

Hasleak eta eusleak oso aktibo ahaltsuak izan litezke erdal guneetan euskararen erabilera bultzatzeko, euskara ikusgai egiteko. Bi jarrerek, era konbinatu eta orekatu batean eta estrategikoki baliatuta, emaitza interesgarriak ekar litzakete.

Eta zu, hasle edo eusle kontsideratzen zara? Biak? Ezagutzen al duzu horrelako norbait?

Hasleak eta eusleak