HABEren egiaztagintza eta neutraltasuna

HABEren egiaztagintza eta neutraltasuna –

Atzoko erdal egunkari batean #JorgeFerrerAzpitartek idatzitako “HABE está de rebajas” eskutitza irakurri ondoren, eta, aztertzaile ohia nahiz euskaltegiko irakaslea naizenez, honako hitzok argitara eman beharra sentitu dut gaur, lehenago #Twitterren egin dudan bezalaxe.

#Koronabirusaren pandemia dela eta, ezohiko neurri asko hartu behar izan dira gure eguneroko bizimoduaren arlo guztietan, eta, nola ez, euskararen inguruko kontuetan ere bere eragina izan du zorioneko birusak. Horrela, euskararen egiaztagintza prozesuan izan dituen ondorioetako bat izan da B2, C1 eta C2 mailetako azterketak sine die atzeratu behar izana, harik eta, hilaren aurreko 15ean, HABEk argitaratu duen ebazpen baten bidez, beroriek berrabiatu eta aldaketa batzuk ezarri dituen arte; aldaketen artean, deialdi itxian ahozko probarik egin ez eta mintzamenaren ebaluazioa euskaltegien esku uztea izan da harrigarriena.

HABEren egiaztagintza eta neutraltasuna

Bada, Twitterren nioen bezala, esan beharrekoak esan egin behar dira, eta, esaerak dioena zertxobait moldatuta, ondo esanak gogoan hartu, baina gaizki esanak… salatu. Eta horrexegatik eskertu nahi izan ditut Jorgeren atzoko hitzak, ikasle baten ikuspuntutik duten zintzotasunagatik, eta, aldi berean, hitzok neure egiten ditudala agertu eta HABEren erabakiaren okerra salatu ere bai. Dena dela, HABE erakundeaz harago, oso deigarria begitantzen zait euskaltegien beren isiltasun gorgarria ere (nahiz eta bertako langileon artean bai entzuten diren kritikak eta salaketa hitzak), ezen euskaltegiei berei, bereziki, interesatu beharko bailitzaieke egiaztagintza prozesua neutrala, orekatua eta bermeduna bezain gardena izatea.

Izan ere, bat-batean eta ezelako abisurik eman gabe, euskaltegietako (maila horietako) irakasle guztiok aztertzaile bilakatu gaitu HABEk. Bat-batean, gure ikasleen egiaztagintza-prozesuari begira gauzatzen ari ginen programazio guztia hankaz gora jarri du, azterketa-atalen ordena iraulita. Eta, horrela, ezbairik gabe, sekulako arrakala sortu du, irakasleon artean ez ezik, euskaltegien euren artean ere, den-denak, irakasle nahiz euskaltegi, maila ezberdinean kokatuz, ikasleekin duten (dugun) jokaeraren arabera.

Azterketa prozesuan indarrean egon behar duen berdintasun printzipioa, bai eta anonimotasuna ere, bertan behera utzi ditu HABEk, oraingoan, ikasleen ohiko irakasleak aitortuko baitie (edo ez) bere ikasleei mintzamen maila. Neutraltasuna eta objektibotasuna bazter utzita, tokian tokiko eta egoeraren araberako partzialtasuna eta subjektibotasuna saritu nahi izan ditu pandemiaren aitzakiatan. Izan ere, irakasleen eta ikasleen arteko harreman pertsonalak ezin du gutxieneko berdintasun traturik bermatu ebaluazioan; norberaren filiak eta fobiak, nola edo hala, nahitaez, islatuko dira emaitzetan, erabat subjektiboak izango diren emaitzetan (tituluetan, azken finean).

HABEren egiaztagintza eta neutraltasuna

Eta, egia esanda, ez dakigu erabakiaren jatorrian zer ote dagoen, pandemiarena aitzakia hutsa ez ote den, ezen nekez uler baitaiteke nolatan egingo diren proba guztiak deialdi irekian, eta deialdi itxian, ordea, ez;  edota nolatan, esaterako, milaka azterketari batu #BECen idazmena egiteko, eta ahozko proba bertan behera utzi.

Geroak argitu diezagula oraina, baina ez dadila euskara, beste behin ere, albo-kalteak ordaindu behar dituena, nahikoa du-eta itxialdian erakundeen aldetik pairatu behar izan duen kaskarkeriarekin.

HABEren egiaztagintza eta neutraltasuna

13 pentsamendu “HABEren egiaztagintza eta neutraltasuna”-ri buruz

  • Izaskun Kortazar 2020-05-25 11:09

    Zure artikuluak kezka handia sortzen dit. Irakasleok ez gara objektiboak? Horrek asko harritu eta kezkatzen nau. Irakasleok beti izan behar dugu inpartzialak eta objektiboak. Bai eskola azterketetan baita mailaketa frogetan ere. Horrela jokatzen ez badugu, ez gaude profesionalki jokatzen. Gure lana da objektiboak izatea. Ez dut uste irakasleak ikasle baten ahozkoa neurtzea subjektibotasunik dakarrenik. Ikasle guztiak berdin tratatu behar ditugu eta azterketak zuzendu kanpoko faktorerik kontuan hartu gabe. Nik lagunak, lankideak, senarra, lagunen seme-alabak eta nire nagusia eduki dut klasean eta beste ikasleak bezala tratatu ditut. Arazo pertsonalak eskolatik kanpo uzten ditugun bezala, azterketetan nire ikasleen ezagutza ere kanpoan utzi behar dut. Benetan kezkagarria iruditzen zait irakasleak objektiboak ezin izatea eta ez dut uste hori arazo orokorra denik.

  • HABEk ateratako azken jakinarazpena duzue hauxe:
    http://www.ikasten.ikasbil.eus/mod/habecms/view.php?p=1&str=15&doc=2230
    Euskaltegiak eta aurrez aurreko jarduerari ekiteko ebazpena…
    Izaskunek dioenarekin ados nago…

  • Patxi Zuluaga Madariaga 2020-05-25 12:47

    Aupa:
    Klaseak ematen hasi nintzenetik irakaslea eta aztertzailea izan naiz. Esaten duzunean HABEk bat-batean aztertzaile bilakatu gaituela harritu naiz edo, hobeto esanda, larritu naiz.
    Ez ditugu ebaluatzen ikasleak? Horretarako ez ditugu kontuan hartzen HABEko curriculumean agertzen diren ebaluazio irizpideak? Ez ditugu gordetzen egindako proba horien guztien agiriak? Bada, gure euskaltegian horrela jokatzen dugu. Gurean irakasle guztiok aztertzaileak gara, aldiro ebaluazioak egiten ditugu, diagnostikoa, tartekoak eta amaierakoak. Ebaluazio irizpideak kontuan hartzen ditugu eta agiriak gordetzen ditugu, HABEk eskatu dizkigunean erakutsi ahal izateko.
    Kasu honetan martxoaren 13a baino lehen egindako ebaluazioan, berdin jokatu dugu eta egiaztagintzarako sarbidea izan dutenek ebaluazio irizpide horiek ezarritakoak bete dituzte. Dakizun moduan euskaltegiko ebaluazioetan eta egiaztagintzan erabiltzen diren irizpideak berberak dira eta horrez gain, euskaltegietako irakasleak egiaztagintzako aztertzaileak dira. Egindako mintzamenak zalantzan jartzeko arrazoirik ez dut ikusten, ondo ezarritako irizpideen barruan egin baitira.
    Beraz, zein da kezka, objetiboa izatea? Bada, zure lankideen profesionaltasuna zalantzan jartzen baduzu, zuen artean zer bideratu baduzue.

  • Kaixo, Izaskun eta Ainara:

    Bai, kezka edo zer pentsatua ematea zuen helburu nire idazkiak; eta lortu du, antza.

    Irakasleok objektiboak ote garen? Eta zer dakigu, ba, gu ez beste guztiak nolakoak diren! Batzuk bai eta, ziurrenik, beste batzuk ez; batzuk gehixeago eta bestetzuk gutxixeago, ez uste? Izan ere, irakasleok subjektuak gara, eta subjektu orok subjektibotasuna du ezaugarri.

    Zuk planteatzen duzun jokabidea dagokigu irakasleoi, ezbairik gabe; horretan bat nator. Baina badakigu, jakin, egoera ideala litzatekeela hori, eta gutako bakoitza hainbat baldintza eta zirkunstantzi itsaso zabal batean ibiltzen dela igerian, idealtasun hori bazter utzita. Saiatu egiten gara, bai, zu bezala neu ere, baina ez dago jakiterik zenbateraino lortzen dugun objektiboak izatea, ez eta zenbateraino saiatzen garen ere.

    Idazkian ideia hori utzi nahi izan dut agerian, batetik, eta berorretatik eratortzen den neutraltasun falta ere nolabait salatu, bestetik. Izan ere, gauetik goizera, sekulako aldaketa ekarri du HABEren maiatzaren 15eko ebazpenak, ordura arteko anonimotasuna eta inpartzialtasuna indargabetuz.

    Badakit, dena den, euskaltegi nahiz irakasleen artean, planteamendu ezberdinak daudela egiaztapen-azterketak nola eta non egin behar diren. Urteak eman ditugu eztabaidatzen nork bere euskaltegian egin behar ote duen ala modu zentralizatu batean denak batera eta baldintza beretan. Badakit askok egoki ikusten dutela (duzuela?) lehenengo aukera, euskaltegian eta norberaren irakasleak ebaluatuta ematea titulua ere; beste askok, ordea, bigarren aukera ikusten dugu egokiago, denei azterketa-ebaluazio bera eta baldintza beretan eginda ebaluatzea, alegia.

    Ziur nago, hala ere, tokiaren eta ikasleriaren arabera, agian aukera ona litzatekeela lehenengo hori ere, ikasle askok badakielako zer maila duen eta zer titulazio merezi duen horren arabera. Baina, beste toki eta ikasle tipologia baten kasuan, titulua izaten da ikaslearen helburu bakarra, edozein preziotan ere, eta horrelakoei bost axola zaie zer euskara maila duten ere. Azkenik, lepoa egingo nuke irakasleen artean ere halakorik izan daitekeela; ezin frogatu, baina.

    Eskerrik asko iritzia emateagatik.
    Segi ondo.

  • Aupa, Patxi:

    Bai, berriz ere diot teorian hala behar lukeela, baina, agian, praktikan ez dela gauza bera gertatzen. Denok dakigu azken urteotan zer-nolako gorabeherak izan diren euskaltegietan egindako ebaluazioetan, ez ala? Hori dela eta, asmoa ei dago B1eko egiaztapena euskaltegietatik atera eta atzera ere zentralizatzeko; zerbaitengatik izango da, ziur. Nik neuk entzumen eta irakurmen probak ere zentralizatuko nituzke, hastapenetan bezala, deialdi irekian bezala.

    Ez mindu, mesedez, ez baitut inoren lana epaitu nahi, inoren profesionaltasuna zalantzatan jarri nahi, sistemaren beraren berme falta agertu baizik. Eta, inor epaitzekotan, inoren profesionaltasuna kolokan jartzekotan, denak epaitzen ditut, denona jartzen dut kolokan, zu eta zurea bezalaxe neure burua eta neurea ere bai. Izan ere, Patxi, zeu ere bazaitut lankide, gainerako irakasle guztiak bezalaxe. Ehunka edo milaka lankide gara, ezin elkar ezagutu eta ezin elkarren lana goretsi edo mespretxatu; fede-kontua da dena, kontu txarra, beraz, federik gabekoontzat.

    Jarrai dezagun lanean, eta albait ondoen egin dezagun egitekoa.

    Segi bizkor!

  • Jon Etxebarria 2020-05-25 15:49

    Guziz bat nator Robertorekin, bai artikuluan azaldutakoarekin, bai erantzunetan adierazitakoarekin ere.
    Erabateko objebtibotasunik ez dago. Asmorik zintzoenarekin eta profesionalenarekin jaudunez gero ere. Irakasletik irakaslera, aldatu egiten da objektibotasunaren neurria eta praktika. Eta hori, asmorik zerutiarrenarekin eta aratzenarekin jokatuta, zeren eta, irakasleak gizarte honen parte gara, eta gizartean bezala denetik dago, askotarikoak gara, onak, txarrak, badaezpadakoak, erosgaitzak, salerrazak…
    Ez ala?

  • Zer esango lukete batzuek unibertsitate pribatu eta publikoen arteko konparaketa eginez gero? Argi dago ikasle eta irakasleen arteko harreman ekonomikoa ere badagoela. Baita harreman interpertsonalak ere.

    Ni, euskaltegiko irakasle izanik, ikasleak gainditzeko beharra izan dut lana izaten jarraitzeko. Bai, hala da. Ikasleak suspendituz gero, ikaslea beste zentro batera joan daiteke. Edo taldea osatzeko gutxieneko ikasle kopurua ez eduki, eta ondorioz irakaslearen kontratua ez berritzea.

    Gainera ikasle gehienek titulua baino ez dute nahi. Euskarak bost axola die (baita irakasle askori ere). Hortaz, edozein aitzakia, justifikazio edo negar egingo dute irakaslea presionatzeko. Ondorioa, euskararen kalitatea behera.

  • Ados nago. Demaseko triskantzak izan daitezke “herri ekimeneko euskaltegien”.

    Negozio borobila, zalantzarik ez.

  • Robertorekin guztiz ados.

    Hala ere hizkuntza eskoletan, atzerriko hizkuntzen kasuan, ez al dute irakasleek eurek aztertzaile lana egiten? Hori gogoratzen dut nik behintzat.

  • Hizkuntza eskoletan sistema sinplea da: maila bat egiteko gutxienezko maila eduki behar da eta ikastaroaren amaieran azterketa egiten da. Hizkuntza eskola erakunde publikoa da eta ziurtatua du jarduera (lanpostuak, soldatak…); beraz, norberaren balizko interesen eta jarduera akadamikoaren arteko talka ez da hain nabarmena, edo argiago esanda: datorren urteko matrikulazioen beldur izan gabe joka dezakete, edo askatasun handiagoa daukate, behintzat.

    Zer gertatzen da euskaltegietan? Euskaltegi gehienak ekimen sozialekoak dira, hau da, enpresa pribatuak. HABEk homologaturik egon arren, ez dira erakunde publikoak. Euren jarduera urteko matrikulazioek erabakitzen dute: euskaltegia bera irekita mantentzea edo ixtea, irakasleen kopuruari eustea edo baten bat kaleratzea, irakasle bakoitzak zer soldata izango duen…

    Beti negozioa buruan dutenentzat onena adibidea jartzea da. Aurten gure euskaltegian bi irakasle geratu dira kalean, haietako bat 15 urteko jardueraren ondoren; geratu garen langileok 1.100-1.300 euro kobatzen ari gara hilean, soldata gordina, eta nagusiak askotan konbratu gabe egon dira. Ez dut esaten pena emateko, egoera zein den adierazteko baizik, eta batez ere prekarietate honetan lan egiten ari garenoi funtzio publikoa betetzeko eskatzen digutelako. Sistema horrelakoa da.

    Horri gehitu behar diogu euskaltegi eta irakasle bakoitzak bere baliabide pedagogiko, didaktiko eta fisikoak ia beste laguntzarik ez duela. 2020. urtean egon arren, ez dago programazio komunik, eta material didaktikoak urriak eta eskasak dira. Adibidez, nik erabiltzen ditudan materialen %70 nik neuk sortua da.

    Egoera honetan, euskaltegiko irakasleak otsail-martxoan erabaki behar du ikasleak maiatz-ekainean azterketa egin ahalko duen ala ez. Horretarako ebaluazioa egiten dio. Hala agfintzen du HABEk. Beraz, ikastaroaren erdialdean erabaki behar da hori, baina normala da ikasleak oraindik mailarik ez edukitzea, horregatik joaten baita euskaltegira, hain zuzen. Bi dira aukerak ikaslea kili-kolo baldin badago: objektiboa izatea eta ebaluazio ez gainditzea ala ebaluazioa gainditutzat ematea ekainerako maila lortuko duelakoan. Eta azken finean, ikasle horri azterketa egiteko aukera baino ez zaio ematen ebaluazioa gaindituta. Bidezkoa al da, bestalde, otsailean ikasleari aurre-azterketa bat egitea maiatz-ekainean egingo den azterketara aurkeztuko den ala ez erabakitzeko? Egia da orain deialdi irekia egiteko aukera dagoela, baina aurten lehen aldiz eta C1 mailan bakarrik.

    Eta halako batean HABEk otsaileko ebaluazioko mintzamen proba balekotzat hartzea erabaki baitu, egoera zein den ondo jakinda. Eskuak garbitzen dituen bitartean, ardura euskaltegien gain jartzen du: “pentsatzekoa da ebaluazio hura ondo egin zenutela eta objektiboak izan zinetela”. Mintzamen proba horiek euskaltegiak ekainean egiteko aukera eman izan balu, sikiera!

    Hau guztia gutxi ez, eta badago dena zikintzen duen beste eragile bat: ikasleak jasotzen duen diru-lagunatza. Horretarako maila edo azpi-maila gainditu behar du. Berriz ere euskaltegia zorrotza bada, ikaslearen kalterako izango da, eta ikaslea aldi berean ikaslea eta bezeroa da.

    Hau guztia ez da serioa. Hobe genuke deialdi itxi guztiak eta ebaluazio sumatibo guztiak pikutara bidaliko bagenitu. Euskaltegira euskara ikastera etorri eta kito. Gero HABEk-edo egingo du azterketa ofiziala.

    Epaile batek ondo erabaki dezake bere etorkizun profesionala erabaki horren menpe badago?

  • Erantzun itzela Gonzalo, era bikainean argitu didazu zalantza, eskerrik asko.

    Zer esanik ez hau guztia izugarrizko zentzugabekeria dela, pentsatzekoa da ze jenderen eskuetan dagoen helduen euskalduntze politika.

  • Eskerrik asko, Gonzalo, zure argibideengatik. Askok pentsatzen duguna ezin argiago azaldu duzu, eta bada garaia horrelako ahotsak entzun daitezen.

    Hona hemen, #ArkaitzZarraga irakaslearena ere:
    https://www.berria.eus/paperekoa/1896/024/001/2020-05-26/15000-idazlan-becen.htm

    Segi bizkor!

  • Eusko Jaurlaritzaren eta HABEren lan “bikaina” agerian berriz ere.
    Horra ze ardura zaien euskara, euskaltegiak, ikasleak…
    Baina lasai, ez da ezer gertatuko, kakatza honek guztiak bere horretan jarrituko baitu, alderdiek ofkurs, baina Euskalgintzak ere beste inora begira jarrituko baitu.