HABEren egiaztagintza eta neutraltasuna

HABEren egiaztagintza eta neutraltasuna –

Atzoko erdal egunkari batean #JorgeFerrerAzpitartek idatzitako “HABE está de rebajas” eskutitza irakurri ondoren, eta, aztertzaile ohia nahiz euskaltegiko irakaslea naizenez, honako hitzok argitara eman beharra sentitu dut gaur, lehenago #Twitterren egin dudan bezalaxe.

#Koronabirusaren pandemia dela eta, ezohiko neurri asko hartu behar izan dira gure eguneroko bizimoduaren arlo guztietan, eta, nola ez, euskararen inguruko kontuetan ere bere eragina izan du zorioneko birusak. Horrela, euskararen egiaztagintza prozesuan izan dituen ondorioetako bat izan da B2, C1 eta C2 mailetako azterketak sine die atzeratu behar izana, harik eta, hilaren aurreko 15ean, HABEk argitaratu duen ebazpen baten bidez, beroriek berrabiatu eta aldaketa batzuk ezarri dituen arte; aldaketen artean, deialdi itxian ahozko probarik egin ez eta mintzamenaren ebaluazioa euskaltegien esku uztea izan da harrigarriena.

HABEren egiaztagintza eta neutraltasuna

Bada, Twitterren nioen bezala, esan beharrekoak esan egin behar dira, eta, esaerak dioena zertxobait moldatuta, ondo esanak gogoan hartu, baina gaizki esanak… salatu. Eta horrexegatik eskertu nahi izan ditut Jorgeren atzoko hitzak, ikasle baten ikuspuntutik duten zintzotasunagatik, eta, aldi berean, hitzok neure egiten ditudala agertu eta HABEren erabakiaren okerra salatu ere bai. Dena dela, HABE erakundeaz harago, oso deigarria begitantzen zait euskaltegien beren isiltasun gorgarria ere (nahiz eta bertako langileon artean bai entzuten diren kritikak eta salaketa hitzak), ezen euskaltegiei berei, bereziki, interesatu beharko bailitzaieke egiaztagintza prozesua neutrala, orekatua eta bermeduna bezain gardena izatea.

Izan ere, bat-batean eta ezelako abisurik eman gabe, euskaltegietako (maila horietako) irakasle guztiok aztertzaile bilakatu gaitu HABEk. Bat-batean, gure ikasleen egiaztagintza-prozesuari begira gauzatzen ari ginen programazio guztia hankaz gora jarri du, azterketa-atalen ordena iraulita. Eta, horrela, ezbairik gabe, sekulako arrakala sortu du, irakasleon artean ez ezik, euskaltegien euren artean ere, den-denak, irakasle nahiz euskaltegi, maila ezberdinean kokatuz, ikasleekin duten (dugun) jokaeraren arabera.

Azterketa prozesuan indarrean egon behar duen berdintasun printzipioa, bai eta anonimotasuna ere, bertan behera utzi ditu HABEk, oraingoan, ikasleen ohiko irakasleak aitortuko baitie (edo ez) bere ikasleei mintzamen maila. Neutraltasuna eta objektibotasuna bazter utzita, tokian tokiko eta egoeraren araberako partzialtasuna eta subjektibotasuna saritu nahi izan ditu pandemiaren aitzakiatan. Izan ere, irakasleen eta ikasleen arteko harreman pertsonalak ezin du gutxieneko berdintasun traturik bermatu ebaluazioan; norberaren filiak eta fobiak, nola edo hala, nahitaez, islatuko dira emaitzetan, erabat subjektiboak izango diren emaitzetan (tituluetan, azken finean).

HABEren egiaztagintza eta neutraltasuna

Eta, egia esanda, ez dakigu erabakiaren jatorrian zer ote dagoen, pandemiarena aitzakia hutsa ez ote den, ezen nekez uler baitaiteke nolatan egingo diren proba guztiak deialdi irekian, eta deialdi itxian, ordea, ez;  edota nolatan, esaterako, milaka azterketari batu #BECen idazmena egiteko, eta ahozko proba bertan behera utzi.

Geroak argitu diezagula oraina, baina ez dadila euskara, beste behin ere, albo-kalteak ordaindu behar dituena, nahikoa du-eta itxialdian erakundeen aldetik pairatu behar izan duen kaskarkeriarekin.

HABEren egiaztagintza eta neutraltasuna

6 pentsamendu “HABEren egiaztagintza eta neutraltasuna”-ri buruz

  • Izaskun Kortazar Orain dela 4 ordu

    Zure artikuluak kezka handia sortzen dit. Irakasleok ez gara objektiboak? Horrek asko harritu eta kezkatzen nau. Irakasleok beti izan behar dugu inpartzialak eta objektiboak. Bai eskola azterketetan baita mailaketa frogetan ere. Horrela jokatzen ez badugu, ez gaude profesionalki jokatzen. Gure lana da objektiboak izatea. Ez dut uste irakasleak ikasle baten ahozkoa neurtzea subjektibotasunik dakarrenik. Ikasle guztiak berdin tratatu behar ditugu eta azterketak zuzendu kanpoko faktorerik kontuan hartu gabe. Nik lagunak, lankideak, senarra, lagunen seme-alabak eta nire nagusia eduki dut klasean eta beste ikasleak bezala tratatu ditut. Arazo pertsonalak eskolatik kanpo uzten ditugun bezala, azterketetan nire ikasleen ezagutza ere kanpoan utzi behar dut. Benetan kezkagarria iruditzen zait irakasleak objektiboak ezin izatea eta ez dut uste hori arazo orokorra denik.

  • HABEk ateratako azken jakinarazpena duzue hauxe:
    http://www.ikasten.ikasbil.eus/mod/habecms/view.php?p=1&str=15&doc=2230
    Euskaltegiak eta aurrez aurreko jarduerari ekiteko ebazpena…
    Izaskunek dioenarekin ados nago…

  • Patxi Zuluaga Madariaga Orain dela 3 ordu

    Aupa:
    Klaseak ematen hasi nintzenetik irakaslea eta aztertzailea izan naiz. Esaten duzunean HABEk bat-batean aztertzaile bilakatu gaituela harritu naiz edo, hobeto esanda, larritu naiz.
    Ez ditugu ebaluatzen ikasleak? Horretarako ez ditugu kontuan hartzen HABEko curriculumean agertzen diren ebaluazio irizpideak? Ez ditugu gordetzen egindako proba horien guztien agiriak? Bada, gure euskaltegian horrela jokatzen dugu. Gurean irakasle guztiok aztertzaileak gara, aldiro ebaluazioak egiten ditugu, diagnostikoa, tartekoak eta amaierakoak. Ebaluazio irizpideak kontuan hartzen ditugu eta agiriak gordetzen ditugu, HABEk eskatu dizkigunean erakutsi ahal izateko.
    Kasu honetan martxoaren 13a baino lehen egindako ebaluazioan, berdin jokatu dugu eta egiaztagintzarako sarbidea izan dutenek ebaluazio irizpide horiek ezarritakoak bete dituzte. Dakizun moduan euskaltegiko ebaluazioetan eta egiaztagintzan erabiltzen diren irizpideak berberak dira eta horrez gain, euskaltegietako irakasleak egiaztagintzako aztertzaileak dira. Egindako mintzamenak zalantzan jartzeko arrazoirik ez dut ikusten, ondo ezarritako irizpideen barruan egin baitira.
    Beraz, zein da kezka, objetiboa izatea? Bada, zure lankideen profesionaltasuna zalantzan jartzen baduzu, zuen artean zer bideratu baduzue.

  • Roberto Alkarterri

    Kaixo, Izaskun eta Ainara:

    Bai, kezka edo zer pentsatua ematea zuen helburu nire idazkiak; eta lortu du, antza.

    Irakasleok objektiboak ote garen? Eta zer dakigu, ba, gu ez beste guztiak nolakoak diren! Batzuk bai eta, ziurrenik, beste batzuk ez; batzuk gehixeago eta bestetzuk gutxixeago, ez uste? Izan ere, irakasleok subjektuak gara, eta subjektu orok subjektibotasuna du ezaugarri.

    Zuk planteatzen duzun jokabidea dagokigu irakasleoi, ezbairik gabe; horretan bat nator. Baina badakigu, jakin, egoera ideala litzatekeela hori, eta gutako bakoitza hainbat baldintza eta zirkunstantzi itsaso zabal batean ibiltzen dela igerian, idealtasun hori bazter utzita. Saiatu egiten gara, bai, zu bezala neu ere, baina ez dago jakiterik zenbateraino lortzen dugun objektiboak izatea, ez eta zenbateraino saiatzen garen ere.

    Idazkian ideia hori utzi nahi izan dut agerian, batetik, eta berorretatik eratortzen den neutraltasun falta ere nolabait salatu, bestetik. Izan ere, gauetik goizera, sekulako aldaketa ekarri du HABEren maiatzaren 15eko ebazpenak, ordura arteko anonimotasuna eta inpartzialtasuna indargabetuz.

    Badakit, dena den, euskaltegi nahiz irakasleen artean, planteamendu ezberdinak daudela egiaztapen-azterketak nola eta non egin behar diren. Urteak eman ditugu eztabaidatzen nork bere euskaltegian egin behar ote duen ala modu zentralizatu batean denak batera eta baldintza beretan. Badakit askok egoki ikusten dutela (duzuela?) lehenengo aukera, euskaltegian eta norberaren irakasleak ebaluatuta ematea titulua ere; beste askok, ordea, bigarren aukera ikusten dugu egokiago, denei azterketa-ebaluazio bera eta baldintza beretan eginda ebaluatzea, alegia.

    Ziur nago, hala ere, tokiaren eta ikasleriaren arabera, agian aukera ona litzatekeela lehenengo hori ere, ikasle askok badakielako zer maila duen eta zer titulazio merezi duen horren arabera. Baina, beste toki eta ikasle tipologia baten kasuan, titulua izaten da ikaslearen helburu bakarra, edozein preziotan ere, eta horrelakoei bost axola zaie zer euskara maila duten ere. Azkenik, lepoa egingo nuke irakasleen artean ere halakorik izan daitekeela; ezin frogatu, baina.

    Eskerrik asko iritzia emateagatik.
    Segi ondo.

  • Roberto Alkarterri

    Aupa, Patxi:

    Bai, berriz ere diot teorian hala behar lukeela, baina, agian, praktikan ez dela gauza bera gertatzen. Denok dakigu azken urteotan zer-nolako gorabeherak izan diren euskaltegietan egindako ebaluazioetan, ez ala? Hori dela eta, asmoa ei dago B1eko egiaztapena euskaltegietatik atera eta atzera ere zentralizatzeko; zerbaitengatik izango da, ziur. Nik neuk entzumen eta irakurmen probak ere zentralizatuko nituzke, hastapenetan bezala, deialdi irekian bezala.

    Ez mindu, mesedez, ez baitut inoren lana epaitu nahi, inoren profesionaltasuna zalantzatan jarri nahi, sistemaren beraren berme falta agertu baizik. Eta, inor epaitzekotan, inoren profesionaltasuna kolokan jartzekotan, denak epaitzen ditut, denona jartzen dut kolokan, zu eta zurea bezalaxe neure burua eta neurea ere bai. Izan ere, Patxi, zeu ere bazaitut lankide, gainerako irakasle guztiak bezalaxe. Ehunka edo milaka lankide gara, ezin elkar ezagutu eta ezin elkarren lana goretsi edo mespretxatu; fede-kontua da dena, kontu txarra, beraz, federik gabekoontzat.

    Jarrai dezagun lanean, eta albait ondoen egin dezagun egitekoa.

    Segi bizkor!

  • Guziz bat nator Robertorekin, bai artikuluan azaldutakoarekin, bai erantzunetan adierazitakoarekin ere.
    Erabateko objebtibotasunik ez dago. Asmorik zintzoenarekin eta profesionalenarekin jaudunez gero ere. Irakasletik irakaslera, aldatu egiten da objektibotasunaren neurria eta praktika. Eta hori, asmorik zerutiarrenarekin eta aratzenarekin jokatuta, zeren eta, irakasleak gizarte honen parte gara, eta gizartean bezala denetik dago, askotarikoak gara, onak, txarrak, badaezpadakoak, erosgaitzak, salerrazak…
    Ez ala?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude