Gure euskalduntzearen datu adoregarriak
Gure euskalduntzearen datu adoregarriak –
Ez dugu oraindik irabazi. Baina Hegoaldean irabazten ari gara. Ondo kostata, ezin egoera larriagotik gatozelako. Baina azken 60 urtean egin dugun lan gaitzari esker, etorkizuna gero eta euskaldunagoa datorkigu urtetik urtera. Beste kontu bat da Iparraldea. Eta Hegoaldean ere, batetik EAE eta Nafarroa Garaiko eremu ‘euskalduna’, eta bestetik Nafarroa Garaiko eremu ‘misto’ eta ‘ez-euskalduna’. Baina Hegoaldean irabazten ari gara. Eta ez bakarrik askoz hiztun gehiago irabazi dugulako azken 40 urtean (bikoiztu gara euskal hiztunak), baizik eta gure belaunaldi erdaldunduenen aldean (2021ean 50 urtetik gora dituztenak), belaunaldi gazteagoetan nabarmen hasten delako igotzen etxean euskara soilik darabilgunon kopurua. Bikoitza 10 urtetik beherakoen artean, baina oro har ere bai. Eta baita euskara ama/lehen hizkuntza dugunon kopurua %15eraino jaitsi eta gero 2021ean 30 eta 44 urte bitartean dituztenen artean, belaunaldi gazteagoetan berriro hasten delako proportzio hori igotzen (%21,33 10-14 urte bitartekoen artean), eta hori delako etorkizuna. Estatistika orokorretan askoz pisu handiagoa dute 30 urtetik gorako belaunaldi erdaldunduenak, belaunaldi gehiago dira, belaunaldi ugarienak, Hegoaldeko 1950-1980 bitarteko hazkunde ekonomikoaren ondorio, baina hori ez da etorkizuna.
Hala ere maiz zabaltzen ditugu gure artean mezu etsigarriak: “Gaizki goaz. Ez dugu ezer asko lortu azken 60 urtean, egin dugun lan nekezarekin.” Joan den azaroaren 6an irakurri genezakeen halako beste artikulu etsigarri bat Berrian ere euskaldunok EAEn daramakegun ‘galbideaz’ (Erabileraren arazoa, Garikoitz Goikoetxea), 2021eko zentsuaren datu zenbaiten harira (Eustat – Biztanleriaren eta etxebizitzen zentsuak – Euskara ?sarean?). Halako esaldi ernegagarriak bertan: “Gero eta gehiagok dakite euskaraz, baina gutxiagok erabiltzen dute etxean”. “1991n baino 400.000 herritar gehiagok dakite euskaraz […], baina etxeko hizkuntza euskara dutenak orduan baino 2.000 gutxiago dira”. “Antzeko argazkia eman zuen Euskal Herriko kaleko erabileraren neurketak […]: %13aren azpian trabatuta dago erabilera, 2000ko hamarkadan baino apalago, nahiz eta ordutik milaka herritarrek ikasi duten euskara.” “[E]uskara etxean jaso dutenak gero eta gutxiago dira. Argia da zentsua: 1991n, 432.000 herritarrek zuten euskara lehen hizkuntza […]; 2021ean, 391.000 herritarrek.”, “Egoera gordina da: esan nahi du, finean, euskaraz dakiten herritarrek proportzioan gutxiago egiten dutela euskaraz”. “Eremu euskaldunenetan […] jaitsi egin da ezagutza urteotan, eta erabilera maldan behera doa.” Inoren kemenak urtzeko adina adierazpen Euskaraldi berriaren atarian. Baina kontu bakoitzari begiratu behar zaio bere aldetik.
Badakigu estatistikek zernahi irakurketarako bide eman ohi dutela, eta beti hartu behar ditugu bere gatz puntuarekin. Baina zuzen irakurri behar dira eta ongi interpretatu, aurrera egiten asmatuko badugu, eta ez bakarrik aldez aurretik erabakitako mezu(ezkorr)ak zabaltzeko.
Euskaldunon kopuruak EAEn (eta antzera Nafarroa Garaiko eremu ‘euskaldunean’)
Hasteko, txikikeria pare bat. Edo ez hain. Ze, egia da EAEn 2021ean (ia) 400.000 herritar gehiagok dakigula euskaraz 1991n baino, populazioaren %43,31k, %26,28ren aldean, 17 puntu gehiago. Baina jakin behar da ere hori dela 40 urtean bikoiztea baino gehiago euskaldunon kopurua. 2021ean 936.812 euskaldun (oso edo) bide gara EAEn, 1991ko 543.617 eta 1981ko 448.156ren aldean, 488.656 gehiago, %109,04ko hazkundea. Euskaldun bakoitzak beste euskaldun bat baino gehiago eragin dugu 40 urtean. Eta bada zerbait. Mirari bat da. Hala diote munduan. Eta Eustaten oharrak dioen bezala: “Euskaldunen proportzioak 10-14 urtekoetan %90,5eko gehienekoa du, eta 70-74 urtekoetan eta 75 urte eta gehiagokoetan %22,1eko gutxienekoa. Oro har, adinak gora egin ahala, euskararen ezagutzak behera egiten du. Euskaldunen kopurua %70etik gorakoa da 30 urtetik beherako biztanleengan, eta proportzio horren azpira jaisten da pertsona adinduenen taldeetan.” Eta, bizitza lege, belaunaldi zahar ugarien erdaldunen horiek badoaz, eta belaunaldi berri (ia erabat) euskaldunak gatoz. Ia-euskaldunak ere kontuan, euskaraz ulertzen dugunak edo, EAEko populazio osoaren %62,4 bide gara. Batez beste EAEko biztanleen hirutik birekin egin genezake euskaraz ulertzen gaituelako segurantzan eta 10etik 8 baino gehiagorekin ere bai 35 urtez azpikoen artean (%81,04) ?ia guztiak azken etorkin uholdea salbu?. Eta ulertzen ez bagaituzte, hasi beharko dugu behingoz, gure hitzak gehiago ez itzultzen espainolera ahal dugun guztian. Ikasi dezatela behingoz! Intsumisio linguistikoa!
Noski alimaleko ugaritze horrek arazo berriak dakarzkigu. Dena ez da gari. Soilik eskola bidezko hiztun berrien gaitasuna ez da maiz beraiek ere nahi luketena, haien hizkuntza kalitate eta erabilera mailak ere ez nahi genituzkeenak. Ez da erraza halako hiztunen euskal fidelizazioa lortzea, euskaldun bihotzeko bihurtzea. Gizartean pauso berri eta gehiago eman behar ditugu. Arazoak ez zaizkigu amaitu. Ongi kudeatu beharko dugu azken urteotan iritsi zaigun (hirugarren) etorkin uholdea, oraindik areagotu dakigukeena. Gainditzen asmatu beharko dugu euskaldun bihotzekoon artean ere hainbatetan sortu nekea. Adoretu beharko ditugu belaunaldi gazteetako euskaldun bihotzekoak, ez dezaten etsi. Arazo berriek irtenbide berriak eskatzen dizkigute. Ez diogu orain guk ere espainolez ekingo, gure bizilaguna oraindik hasi ez delako euskara behar bezala erabiltzen. Baina, oxala EAEko eta Nafarroa Garaiko eremu ‘euskalduneko’ arazo berberak bagenitu egun Iparraldean ere edo Nafarroa Garaiko eremu ‘misto’ eta ‘ez-euskaldunean’, eta ez zoritxarrez orain dauzkagunak! Eta ziur orain arte ere egin ahalko zirela gauzak hobeto EAEn eta Nafarroa Garaiko iparraldean ere. Baina ez da gutxi egin duguna, mirakulua baita. Eta egin ditzagun gauzak are hobeto hemendik aurrera!
Etxeko erabileraz
Hasteko, esan, gutxigatik bada ere, ez dela egia ‘etxeko hizkuntza euskara dugunak 1991n baino 2.000 gutxiago garela’. Biztanleria osoa kontuan, 1991n baino 1.316 gehiago bide gara, Eustaten arabera (288.382 vs 287.066, %13,15 vs. %13,88). Beraz bere horretan ere ez da egia (osoa behintzat) “gehiagok dakigula euskaraz, baina gutxiagok egiten dugula etxean”. Nahiz estatistika orokorrei begira, etsigarria iruditu dakigukeen azken 30 urtean ‘batere’ ez hazi izana ‘etxeko erabilera’. Bosna urtekako datuak 1991tik 2021ra: %13,88 / %13,67 / %13,68 / %13,07 / %13,63 / %14,01 / %13,15. Datuak ordea, ondo irakurtzen asmatu behar dugu. Ze gauza bat da gizarte osoaren datuak batzea, eta beste bat berriro ikustea nola gatozen belaunaldi gazteak eta nola doazen helduak (ik. 1. eta 2. taulak).
Euskara etxean gutxien erabiltzen duen belaunaldia da 2021ean 55-59 urte bitartean dituena, 1962-1966 bitartean jaioa: %10,26, eta hortik gatoz. 2021ean 75 urte edo gehiago dituztenek ere (belaunaldi zahar euskaldunena) %12,83 baino ez. Tarteko belaunaldiek gero eta gutxiago %10,26 horretara bitarte. Hortik aurrera hasten da oso pixkanaka berriro igotzen etxeko erabilera. 1997-2001 bitartean jaioek, 2021ean 20 eta 24 urte bitarte dituztenen etxeko euskara hutseko erabilera %14,01era igotzen da, eta %21,25eraino ere bai (bikoitza) 2021ean 5-9 urte bitartekoen artean. 2-4 urtekoek gutxiago, %20,71 (belaunaldi etorkinak tarteko). Ez da nahi genukeen guztia, baina 10 puntu gehiago, %100 baino gehiago. Eta hortik gora joan behar dugu.
Eta etxean euskara (ere behintzat) badarabiltenak, nahiz espainolarekin batera, 50-54 urte edo gehiagokoen artean ez dira iristen %10era (gutxien %6,49 75 urte edo gehiagokoen artean). Gazteagoek hortik oso gora. %25,06 2021ean 5 eta 9 urte bitarte dituztenen artean, % 26,92 2-4 urtekoen artean. Belaunaldi zaharrenetan baino 4 aldiz gehiago. Badakigu hori ez dela soluzio magikoa, baina bada zerbait, soilik eskolan ikasten dutenen aldean. Euskara soilik izatea baino okerragoa da, baina espainol hutsa izatea baino infinituki hobea ere bai, geroa gero. Horrela, etxean euskara soilik edo euskara eta espainola darabilgunon proportzioa %47,63koa da 2-4 urte bitarteko belaunaldian (jadaneko espainola soilik darabilen % 45,62 baino gehiago lehenengo aldiz), % 46,31koa 5-9 urte bitartekoen artean (soilik espainola darabiltenen %49,14ren aldean). 75 urte baino gehiagokoen artean % 19,32. Eta 65-69 urte dituztenen artean %17,91n (gazteenak baino 2 aldi eta erdi gutxiago inguru). Belaunaldi zaharren hauetan %80koa da espainol soilaren erabilera etxean. Gauzak beraz ari ditugu pixkanaka aldatzen. Ez dugu oraindik irabazi. Baina irabazten ari gara, ondo kostata bada ere.
Ezin da etsigarriki esan beste gabe “Gero eta […] gutxiagok erabiltzen dute etxean”.
- taula:
EAEko urte 2ko eta gehiagoko biztanleak etxean hitz egindako hizkuntzaren eta adinaren arabera. 2021.
Ondoko 2. taulan ikusi litezke bosna urtekako datu proportzioetan hiru belaunaldiren garapen datuak: 65-69 urte bitartekoena, 55-59 urte artekoena (2021ean etxean euskara gutxien erabiltzen dutenak), eta 2-4 urteko belaunaldi gazteenarena.
- taula:
EAEko >=2 urteko biztanleria, etxeko hizkuntzaren eta adinaren arabera 1991-2016 (+ 2021)
Ama/lehen hizkuntza datuak
Antzeko eskalak erakusten dizkigute ama/lehen hizkuntza datuek ere (kasuan berrienak 2016koak, ez dira oraindik argitaratu 2021ekoak). Ez gaude ondo. Baina irabazten ari gara. Kostata, hori bai. Baina gure urte guztiotako ekinari esker. Belaunaldi erdaldunenak dira 1952 eta 1986 artean jaiotakoak, 2016an 30 eta 64 urte artean dituztenak (2021ean 35-69). Lehen hizkuntza euskara soilik dutenak %15,42 dira 1982-86 bitartean jaiotakoen artean, daturik okerrena. Hortik %21,33 igotzen da 2002-2006 bitartean jaiotakoen artean, 2016an 10-14 urte dituztenak (2021ean 15-19), nahiz berriro pixka bat jaisten den gazteagoen artean (etorkin belaunaldiak tarteko).
Ama/lehen hizkuntza euskara eta espainola biak dituztenak belaunaldi zaharrenetan ez dira %2 eta %3 bitarte, baina badira %17,03 ere 2016an 2-4 urte bitarte dituztenak (2021ean 7-9). Ez da panazea, baina badira aukera okerragoak. Azken batean, ama/lehen hizkuntza euskara soilik, edota euskara eta espainola, dutenen proportzioa %36,65ekoa da jada 2-4 urte bitarteko belaunaldian. Belaunaldi erdaldunenetan %20 inguru baino ez (datu okerrena %19,96 2016an 45-49 urte bitarte dituztenen artean ?2016an 50-54?) ?ik. 3. eta 4. taulak?.
Ezin da beste gabe etsigarri esan “[E]uskara etxean jaso dutenak gero eta gutxiago dira. Argia da zentsua”. Ez gaude nahi genukeen bezain ondo. Baina irabazten ari gara. Eta irabazi nahi badugu gogor ekin beharko diegu egunean eguneko erronkei.
- taula:
EAEko urte 2ko eta gehiagoko biztanleak etxean hitz egindako hizkuntzaren eta adinaren arabera. 2021.
Ondoko 4. taulan ikusi litezke bosna urtekako datu proportzioetan hiru belaunaldiren garapen datuak: 65-69 urte bitartekoena, 55-59 urte artekoena (2021ean etxean euskara gutxien erabiltzen dutenak), eta 2-4 urteko belaunaldi gazteenarena.
- taula:
EAEko >=2 urteko biztanleria, ama-hizkuntzaren eta adinaren arabera 1991-2016 (+ 2021)
Kaleko erabilera
Egia da kaleko erabileraren datu neurketa %13aren azpian dagoela trabatuta, “2000ko hamarkadan baino apalago, nahiz eta ordutik milaka herritarrek ikasi duten euskara”. Nik hala ere uste dut ‘kalea’ asko aldatu zaigula azken berrogei urtean. Oro har, gutxiago ibiltzen gara kalean. Kontua ere bada nor ohi dabilen kalean erabilera neurketa egiteko. Ze kalean ‘bereziki’ ibiltzen dira, oro har, erretiratuak, edota lanik egiten ez dutenak. Oro har, belaunaldi zaharrenak, gure artean ugarienak eta erdaldunduenak. Eta ‘bereziki’ ere, uste dut, hirugarren uholdeko etorkin berriak eta hauen ondorengoak, etxebizitza baldintza okerrenak dituztenak, artean gizartean ongi integratu gabeak eta familia ugarienak dituztenak. Hala balitz, ez da harritzekoa datu apalak biltzea kaleko erabileran, euskal gizarteak batez beste emango lituzkeenak baino okerragoak, eta batez ere belaunaldi gazteenek. Agian asmatu beharko genuke beste modurik erabilera neurketa egiteko. Ze, egia da soilik euskaldun bihotzekook egin ohi dugula euskaraz ahal dugun guztian. Baina nik urtean-urtean gero eta euskaldun bihotzeko gehiago topatzen dut EAEn nonahi. Ni ote naiz bakarra?
Gizarte erabat erdaldunduaren erabateko hizkuntza ordezkatzea ez da gertatu(ko) goizetik gauera. Ez 500 urte baino gehiagoko Espainiako inperioak, ez 40 urteko frankismo odoltsuak lortu zuten euskaldunokin amaitzea, nahiz erabat ahuldu gaituzten. Guk ere ez dugu gizarte osoaren erabilerari irauli(ko) urte batetik bestera. Baina euskaldun bihotzekook jarraitu behar dugu borrokan euskaldunontzako demokrazia linguistikoaren alde borrokan Euskal Herrian, eta hori ezin izan dugu Euskal Herritar guztiek euskaraz ere jakin (behar izan) dezaten arte. Eta Hegoaldean espainola ahalik eta gehien baztertu beharko dugu geure bizitzatik. Baita ere Ertzaintzarekin ari garenean, Iberdrolarekin edo auzoko dendari ia-euskaldunarekin. Demokrazian, jendaurreko zerbitzu guztiak nahi eta behar ditugu euskaraz (ere). Publikoak eta pribatuak. Lanekoak, merkataritzakoak, eta aisialdikoak. Gutxienez espainoldunek gure artean dituzten eskubideen maila berean. Bitartean ez dago demokraziarik guretzat. Ez noski, erakundeek langile euskara gabeak kontratatzen jarraitzen duten bitartean gurean. Ezta ere EAEko Hezkuntza Lege berriak euskalduntze sakonagoa bultzatzen ez badu, espainolari bidea zabaltzenago badio, gu entretenituak gauzkaten bitartean publikoa ala pribatuaren artean, publiko edo pribatu guztiak berdinak bailira. Ez, zeinahi epaile ziztrin espainol zale gauza denean euskaldunon eskubideen aurkako epaiak altxatzeko. Edo munduaren berri izateko, gure etsai zuzen zanpatzen gaituen espainola jo eta ke kontsumitzen (eta bultzatzen) jarraitzen badugu prentsan, irratian, telebistan, literaturan… Ingelesera jo beharrean, egungo munduko hizkuntza globalaren laguntzara. Ze ez. Ez zaigu komeni ingelesa baztertzea ‘inperialista’ delako, eta bitartean gu espainolari hauspo ematen gabiltzala.
Eremu euskaldunetako egoera
Egia da ‘eremu euskaldunetan’ gero eta espainol gehiago erabiltzen dela. Ez alferrik izan ditugu ondo aspaldi sartuak etxe bazterreneko zoko guztietaraino eskola espainolak, prentsa, irrati eta telebista espainolak, sukalde guztietan irrati eta telenobela espainol guztiak. Herri(txikien)etan ere maizenik izan nahi izaten dugu kapitalekoen antzeko, ez gutxiago. Beti beranduxeago bada ere. Eta herri(txiki)etako etxe bizitza berri merkeagoak erakargarriak dira noski kanpotarrentzako. Eta herri txikietako adinekoek ere maiz ditugu etorkin merkeagoak laguntzaile… Herri(txiki)ak ere ez dira gaur egun eremu isolatuak. Baina hortik esatera “Eremu euskaldunenetan […] erabilera maldan behera doa[la]”…, tarte bat bada…
Eremu euskaldunetako herri(txiki)etakoek ere eutsiko diote euskalduntasunari, beranduago bada ere, ikusten badute hiriburuetan euskaldunok irabazten ari garela. Hiriburuetan irabazten ez badugu, alferrik izango da.
Nola irabaziko dugu hiriburuetan? Hori dugu erronka nagusi euskaldun bihotzekook. Eta ez da samurra izango. Orain arte izan ez den bezala. Baina irabazten ari gara, eta soilik noiz eta nonahi exijituz eta praktikatuz gure euskaldun izateko eskubide eta baldintza demokratikoak ekingo dugu aurrera duintasunez. Goazen! Oraindik ere! Irabazten ari garelako…, orain arte egin dugun guztiari esker.
365 eguneko Euskaraldira! Demokrazia euskaldunontzako!
[1] Eustaten datuetan ere bada alderik. Bigarren ilara honetakoak hemendik: Euskal AEko biztanleria, lurralde-eremuen, lehen hizkuntzaren eta etxean hitz egiten den hizkuntzaren arabera. 2021.
Euskara hizkuntza akademiko bihurtu dela esatea ahaztu zaizu, Bittor, baina ez kalekoa. Inork ez du zalantzan jartzen jakitunen kopurua, hori objetiboa delako, baina errealitateak kalean ( eta gehienbat gazteen artean) erabilpena oso bajua dela erakusten digu.
Familia eremu euskaldunean daukat, eta hemen erabilera dexente jeitsi da, eta biz,i eremu oso erdaldun batean bizi naiz, eta hemen, egia da, lehen baino gehiago entzuten da, lehen zero zelako. Baina Bittor, zu horren baikorra izateko, non bizi zara ????
Antonio eta Joxerekin bazkaldu nuen lehengoan. Nafarroako herri koxkor euskadun batekoak. Euskararen erabilera hizpidera
-Joxe: gure herrian behintzat dena euskara duk, denak euskaraz aritzen dituk
-Antonio: Baina, zer diok? Denak erdaraz! Herorre ere Felipe, Jexus eta Mielekin ere erdaraz aritzen haiz eta!
-??
Hantxen bukatu zen kontua.
Nik ez nuen Antonioren azalpen gehiagoren beharrik. Herri horretan joan den 20 urtean euskara desagertua dago. Nirekin bai euskaraz, baina beren artean beti erdaraz atzematen ditut. Salbuespena balitz kontent nintzateke, baina orokorra da eta gainera erdaraz ariki eta euskaraz ari direla uste. Ai zenbat Joxe bizi den Euskal Herrian!!!!
UEMA dela eta, ARGIAn gaurkoan kaleratua:
“Euskararen erabilerak beherakada nabarmena izan du herri euskaldunetan ere eta neurriak eskatu dituzte”.
Lasai egoten segitzeko modukoa!
Ekiten segitzeko modukoa, ez? Ala nahiago lasai egon?
Bittor: hemen zenbaitzuk zabdu dute lasi egoteko mezua ongi goazela eta.
Alarmak pizten joan dira mende honetan. Argi gorriak besterik ez ditut ikusten: motibazioan, ezagutzan eta erabileran.
Zuen baikortasun horrek, beste faktore batzuen artean, ekarri gaitu bizi dugun agonia honetara.
Zuk “interpretatu” egiten duzu, baina errealitatea teatrotik kanpoko dago ikusi nahi duenarentzat.
Ez da itsu okerragorik ikusi nahi ez duena baino, ez gidari onik ikasi nahi ez duenik…
Eta EAEn bizi dugun agonia, txikixeagoa ala handiagoa da orain dela 70, 60, 50, 40, 30, 20, 10 urte baino? Okerragora goaz eta egin dugun lan guztiak (ze gin dugu) ez du merezi izan, ala oso pixkanaka hobexeagora goaz, merezi izan du egin dugun lanak, eta merezi du lanean jarraitzeak?
Ze interes ezkutuko edo ageriko dago mezu ezkorrak zabaltzen irabazten ari baldin bagara (irabazten gabiltzala esan zuen atzo Kike Amunarrizek ere, nonbait agoniaren asturu gaitzekoaren arduradun bera ere)? Zergatik atzoko UEMAko Iñaki Iurrebasoren ikerketaren datuen interpretazio ezin ezkorragoa (Argia, Berria…), aldi berean esan behar bada, esaten duen bezala (literala): “euskaldunen transmisioa oso sendoa da udalerri euskaldunetan, inon baino sendoago” “zehaztu du UEMAk”? edota “Inguru horietan [udalerri euskaldunetan] euskararen erabilerak eta trinkotasunak atzera egin badute, gehienbat arrazoi sozioekonomikoengatik, urbanistikoengatik eta demografikoengatik egin dute atzera.”?
Ze izenburuak eta artikuluen mamia irakurrita badirudi lehen euskaldunak ginenak orain ez garela jada euskaldun, eta hori azken 30 urtean gertatu dela, gertatutako galera orain dela bereizki 70, 60, 50, 40 gertaturikoa denean, nahiz ondorioak oraindik latz jasan, eta hain zuzen azken 40, 30 urteetako ahalegin gaitzak ari direnean iraultzen heredatu dugun egoera ezin latzagoa. Nori interesatzen zaio UEMAko datuak ere horren interpretazio ezin etsigarriagoan ematea? Hernani, Urretxu, Hondarribia aipatzen dira ‘erabileraren’ beherakoaren adibide, herri horietan ere adineko belaunaldi guztiak direnean erdaldunenak lehen hizkuntzan eta erabileran ere, eta gazteenak aldiz euskaldunenak ezagutzan, eta ERABILERAN eta LEHEN HIZKUNTZAN ERE.
Gaur Berrian agertzen dute ere Euskaraldiaren aitzakian Apodakaren beste artikulu beti bezala nahasi, nahasgarri eta etsigarria euskaldunondako…
Azkenean hauek guztiak ere iritsiko dira aldarrikatzera hobe dugula iraultza garbi predikatzea espainolez bada ere? Vade retro! Utikan!
Intsumisio linguistikoa! 356 eguneko Euskaraldia!!!!!!!!!!!!
Edo atzoko Berrian ere beste iritzi artikulu ezin etsigarriagoa Larrañaga Arriolarena, ‘Gure hezkuntza sistemaren euskalduntasunaz’… Problemak ditugu EAEko gizarte osoa euskaraz bizi dadin? Noski. EAEko hezkuntza sistematik bihotzeko euskaldunak atera daitezen? Noski. Baina mezua baldin bada orain arte egindakoa alferrekoa izan dela, gaizki egin dela, eta horrela ez goazela inora… Mezua deabruzkoa da… Konparatu baino ez zein den egoera EAEn edota Iparraldean… Gasteizen edo Iruñean… Tuteran edo Kanpezun… Gidari txar ikasi nahi ez duena…
Datu bat falta da: bizitzen ari garen negu demografikoa. Gaur egun Helgoaldean oso haur gutxi jaiotzen ari dira, eta jaiotzen diren horien erdien (% 50 inguru) gurasoetako bat, gutxienez, atzerritarra da. Estintzio biologikorako bidean bagoaz, nola izan baikor hizkuntzaren etorkizunaz?
Bai, arrazoi duzu. Hori da 2001etik aurrera sortu zaigun arazo berrietakoa, eta erantzuten asmatu beharko duguna irabazi nahi badugu…
“Eta EAEn bizi dugun agonia, txikixeagoa ala handiagoa da orain dela 70, 60, 50, 40, 30, 20, 10 urte baino?”
7 aukera jartzen dituzu. Ez naiz hasiko orain gauzak xehatzen eta aukera horiek guziak garatzen. Dena dela, har dezagun orain dela 70 urtekoa, hau da 1952koa. Ez, ez zegoen euskara momenturik hoberenean, baina hainbat seminario eta kongregazioetan lana emanen zuten burmuinak ernatzen ari ziren. Eta hamar urte baino lehen eztanda izanen zen. Gainera euskara aurrera ateratzeko eskolak, gaueskolak, hedabide batzuk… euskararen batasuna…. behar ziren, denak ere “gure” esku. Hiltzetik salbatzera tarte handia, baina ekinez egin egin zen, batzutan asmatuz, beste batzutan okertuz.
Gaurko egunean hiltzetik salbatzera tarte handiagoa dago, salbatzea urrunago dugu: abertzale falta, alderdi abertzaleen etsia, D ereduaren gainbehera, egiazko telebista baten falta edo plataformena…. (ta gaztelera aski es eta orain ingelesa dugu oztopo harri berri bat, euskarari tokia kendu eta zokoratzera etorria)
Gauza bat da oharftzea, adieraztea eta aldarrikatzea ez gaudela ondo, ez dugula oraindik irabazi, oraindik lan itzela baino gehiago geratzen zaigula egiten jarraitzeko euskaldunon egoera hobetu nahi badugu Euskal Herri osoan, EAEn, Nafarroa Garaian eta Iparraldean, eta beste bat mezu aldrebesa zabaltzea esanez azken 60 urtean egin dugunak ez duela ezertarako balio izan, okerrago egoteko baino, eta beraz, mezu subliminala, ez duela merezi egiten jarraitzea, mezu ezkorrak zabaltzen tematzea azken 60 urtean, batez ere Hegoaldean eta batez ere EAEN eta Nafarroa Garaiko eremu ‘euskaldunean’ egin eta lortu dugunaren inguruan, errealitate eta datu guztien kontrara. Zergatik? Noren mesedean? Noren kaltean?
Zergatik aldarrikatu errealitate guztien aurka, zuk egiten duzun bezala ‘Gaurko egunean hiltzetik salbatzera tarte handiagoa dago, salbatzea urrunago dugu[la]’. Ze, hala da Iparraldean, baina inola ere ez Hegoaldean, ezta Nafarroa Garaiko erdi ete hegoaldean ere. Nahiz gure helburuak oraindik oso urruti eduki (Euskal Herri osoa euskaldun (ere behintzat) izatea, ez da egia ‘URRUNAGO’ gaudela. Zergatik zabaldu GEZUR hori? Noren mesedean? Noren kaltean?
‘Abertzale falta’ diozu, EAEn inoiz baino handiagoa denean EAJ eta EHbilduren indarra? Beste gauza bat da ez zute gustuko izatea EAJ edo EHbildu…
‘Alderdi abertzaleen etsia’ diozu, eta bai nik sumatzen dut ezker abertzalekoen artea halako euskal ‘etsia’ eta euskal ‘etsi nahi’ eta ‘etsi arazi nahia’. Pena, eta egin beharko lukete zerbait gehiago nire ustez hori gainditzeko ezker abertzaleko arduradunek, mezu etsigarriak zabaltzen jarraitu ordez…
‘D ereduaren gainbehera’ diozu. Ez, D eredua ikaragarri zabaldu da gure mesedean A eta B eredu askoz espainolagoen aldean… Nahiz ete D ereduaren orokortzearekin askoz ere ikasle jatorri eta kultura espainolagoko eta euskal gutxiagokoekin lana egin behar izan, lan gaitzagoa, eta emaitza txikiagokoa, jatorri euskal abertzaleko ikasleekin arituta baino… GEZURRA da D ereduaren gainbehera. D ereduak irabazi du eta horregatik sortzen zaizkigu D ereduan ere arazo berriak, irtenbide berriak eskatzen dizkigutenak… Eta berriro diot: Nahi genituzke halako arazoak izan Iparraldean edo Nafarroa Garaiko erdi eta hegoaldean, eta ez gaur egun oraindik dauzkagunak… Gor, ba, D eredua! jarraitu dezagun D eredua hobetzen eta zabaltzen!
‘Egiazko telebista baten falta edo plataformena’ diozu, eta egia da nire ustez ere tb txukunxeagoa merezi dugula, baina geure txikitasunean ez da erraza lehiatzea hedabide espainol eta frantses giztiekin, ez tb, ez irrati, prentsa, plataforma, zine… eta abar guztietan… Ikasi beharko dugu irauten eta bizitzen horiek guztiak gorabehera… Noski, estatu independente bat izateak lagunduko liguke horretan, nahiz datu soziolinguistikoek hasieran oraingo berberak genituzkeen…
Azkenik diozu ‘ta gaztelera aski es eta orain ingelesa dugu oztopo harri berri bat, euskarari tokia kendu eta zokoratzera etorria’. Eta nik, eta Urtzi Urrikoetxeak, eta beste askok, uste dugu gure artea, euskaldunon artean, ingelesa gehiago zabaltzeak ikaragarri lagunduko ligukeela espainolaren mendekotasunetik askatzen joateko… Munduarekin konexio zuzenago lortzen dugulako ingelesaren bidez, espainolaren bitartekaritzaren bidez baino, eta zorionez ingelesa ez delako gure etsai zuzena (Quebecen edo Irlandan bezala), baizik eta espainolaren etsai. Zure etsaiaren etsai, zure laguna… Estrategia pixka batez…
Aurrera gure intsumisio linguistikoa! 365 eguneko Euskaraldia! Euskal Herriaren independentziaren alde!