Gure alabaren hizkuntza(k) eta hautua(k)

Gure alabaren hizkuntza(k) eta hautua(k) – 

Berriki gaztetxotako bideo bat aurkitu dugu. 1990 ingurukoa da, 13-14 urte genituela. Neba-arrebak olgetan, telebistako saio bat aurkezten bageunde bezala, antzezpean, imitazio-txantxetan. Espero ez genuena da kamera aurrean nagusiki erdaraz ari garela. Bai, garai hartan bagenuen euskarazko telebista, etxean kontzientzia euskaltzalea ere bai, oso kritikoak ginen institutura iritsi eta erdarara aldatzen ziren ikaskideekin, eta esan izan balidate geuk ere erdarazko olgetak egin genituela, ezetz esango nukeen. Beti egin dugu euskaraz etxean, lagunekin, militantzian… baina hor dago bideoa, eta gure antzezpen-jolasa espainolez da.

Gure alabaren hizkuntza(k) eta hautua(k)
Arg: Jon Pauling

Ez nuke gutxietsi nahi gaur egun gertatzen dena. Ikusentzunezkoen eragina oso aspaldikoa da, eta etxean ere ondo zekiten: araua zen -beti betetzen ez zena, dena esatera- eguneko ordubete gehienez ikustea edo, asko jota, saio edo pelikula bat. Azken 10-15 urteotako ikerketek, berriz, eguneko lau orduko telebista-kontsumoa aipatzen zuten. Patrikan pantaila bat daramagun sasoiotan, zelan neurtu. Baina eragina begi bistakoa da.

Adiskideak kontatzen zidan nola irekiarazi zizkion alabak begiak. Arratsalde batez ikastolako lagunekin ikusi zuen, kale-bazterren jesarrita. “Gaur ere erdaraz!” edo antzeko purrustadaren bat bota zien eta aurrerantz jarraitu zuen. Etxean, alabak kargu hartu zion. Berak bakarrik talde osoa euskalduntzea ezinezkoa zela, eta lagunen aurrean gehiago ez lotsarazteko, mesedez. Geuk aukeratutako bizilekuaren eta geuk hautatutako ikastetxearen ondorio dira neurri batean seme-alaben adiskideak eta haien arteko hizkuntza-ohiturak.

Adiskidearen anekdotak eragina izan zuen gure etxeko erabakian. Gure alabak ikastolan ikasi zuen espainolez, familia erdaldunetako haurrek euskaraz ikasi zutena baino hobeto. Haurtzaroa euskaraz eman ostean, ez genuen onartu gura nerabezaro espainola espainolez emango zuela. Erdaraz eman behar bazuen, euskara ordezkatzeko mehatxu zen erdararen ordez, munduan baliagarriago zitzaiokeen erdara bat izan zezala hobetsi genuen. Aldi baterako hispanitatearen presiotik irtetzea. Paradoxikoki, Espainiako Gobernuaren programa batekin egin dugu: emazteak espainiera irakatsi Estatu Batuetan, eta alaba Hego Euskal Herriko hispanidadetik urrundu aldi baterako.

Hemen geratuko bagina, ez dakit zein neurritaraino eutsiko liokeen alabak euskarari; ikusi dugu ingelesaren indarra. Bere seme-alabak ez ziren euskaldun izango ziurrenik. Irakasle nabilen ikastetxean, dozenaka herrialdetako ikasleak ditut, bertakoen artean afroamerikarrak, juduak, irlandar zein italiar jatorrikoak. Baita hirian diren etorkin komunitate nagusietakoen seme-alabak ere: vietnamdarrak, etiopiarrak, Amerika Erdialdekoak, kasu. Kanpotik etorri diren gazteek badakite hizkuntza. Bertan jaiotako lehen belaunaldiak, batzuetan bai. Bigarren belaunaldiko latinoek ez dakite espainolez, edo kosta egiten zaie. Etiopiar jatorriko nerabeei amhareraz edo tigrinyaz egiten duten galdetutakoan, antzeko egoera da: guraso elebidun edo eleanitzak, eta ingelesezko seme-alaba elebakarrak. Venezuelako lagunaren etxean, gure alabak espainolez egiten du gurasoekin, baina ingelesez ari dira gero alaba eta laguna elkarrekin.

Hirugarren urtea dugu Washingtonen. Laster goaz bueltan. Ezin genuen onartu determinismo hutsez alaba espainolez bizitzen hasiko zela lagunekin, euria datorrela iragarri eta ezer egiterik ez bagenu legez. Zoriari eskatzea, nerabezaroa igarotakoan lagunarte euskaltzalea izatea, kontzientziaduna… hori, noski, alabak berak erabakiko du adin horretara iristean. Ez dago gure esku bizitzan zein hautu egingo dituen. Gure esku dagoena, baina, ahalik gehien baliatu behar dugu.

“Euskaren salbazioa organizatzeko”, Gabriel Arestik “Gorbeiara joateko gutizia” aipatzen zuen, Bilbon geratuko zela jakinik. Euskal Herrira itzultzen garenean ez dakit zein jarrera hartuko duen alabak. 14-15 urte izango ditu, eta badakigu zein kontzientzia ari den jasotzen etxetik. Asko hitz egiten dugu gaiari buruz.

Alabak badaki espainolez, sarritan egiten du. Espainol bitxi bat da, Bilbo aldekoaren eta AEBetako latinoek egiten dutenaren eragina dauka, ingelesarena eta euskararena ere bai, eta akatsen bat edo beste egiten du tarteka. Hemen, AEBetan, inork ez dio garrantzirik ematen espainol akastun horri: badu jarioa, badaki nahi duena adierazten, tarteka esamolde batzuk itzulpenak izan arren, eta aditz irregularren bat oker esanda ere. Herri euskaldunetako jendeei burla egiten zieten horrelako akats txikiengatik hiri eta eskualdeburuetako elebakarrek. Pentsatu nahi dut barkaberagoak izango direla Ameriketatik datorren neskatoarekin, exotismoagatik baino ez bada ere.

Kontuak kontu, helburua ondo samar bete dugula uste dut: euskalduna da, euskara du lehen hizkuntza. Beste bi hizkuntza oso indartsutan ere hitz egiten du. Eskolan frantsesa ikasten duen arren, ez da -oraingoz – erabiltzeko gai. Euskal Herriko familia euskaltzale guziek bezala, badakigu alaba ez dela elebakarra izango, ahalegin guztia eginda ere, badakigu beste hizkuntza bat euskara bezain ondo jakingo duela. Are gehiago, euskara bezain ondo jakingo duen hizkuntza hori euskara baino hobeto jakiteko aukera handia dagoela, Isabel Etxeberriaren artikuluak agerian utzi digun legez. Hain ondo ze, bizitzako funtzio gehienetarako baliagarri zaion hizkuntza bihurtzen baita.

Horren motiboa, begi bistakoa da: euskarak ez ditu, orain eta hemen, mendebaldeko Europako herri txiki honetako herritar gehienen bizi-ohiturak asetzen. Haurtzaroan agian bai, neurri batean -haurren erabakimena gurasoen esku dagoen neurrian, ziur aski. Baina geuk hautatzen dugun unean, gustuko ditugun gauza asko egiteko oso estu geratzen zaigun arropa bat da euskara.

Horren aurrean, lehendabizikoa: askoz gehiago behar dugu euskaraz. Ikusentzunezkoen inguruan dagoen mugimendua horren adibide da. Berandu iritsi da, pandemiaren ondorioz, baina hemen dugu azkenean. Egin dira urratsak, garrantzitsuak baina gutxiegi, halaber. Eta gehiago egingo dira, ziur, eta ondo legoke denok argi izatea, atzerritik euskaratutako ikusentzunezko gehiena azpidatzita iritsiko zaigula eta noizean behin bikoiztuko dela. Ni horren alde nago, egia da, baina bost axola du: izatekotan, horrela izango da, ez dago beste modurik. Gaur gaurkoz, Katalunian Disneyren Gabonetako ekoizpena katalanez emango dute, eta espainolez Euskal Herrian (ondo legoke, azpidatziekin egin legez eta bikoizketaren eremuan modu pertsonalean landu den gisan, herri-ekimeneko bikoizketa pirataren bat ere egotea, Disneyri presio egiteko ez bada ere. Jaurlaritzaren ahalegin guztiek baino eragin handiagoa luke, egon ziur).

Hau guztia esanda, euskaraz askoz gehiago behar dugula argi izanda ere, konstatazio bat: euskarazko elebakartasuna ez da itzuliko, eta elebitasuna arazo larria da. Norberak jakingo du zelan jokatu etxean. Espazio intimoa da, kaleko presio euskaltzale edo erdaltzaleetatik kanpo, nahi duguna egiten dugu etxean. Erosoena, esango dute batzuek. Hegoaldeko arnasgunerik euskalduneneko herritarrak ere arazorik gabe kontsumitzen du espainolezko ikusentzunezkoa. Baliteke, kasu isolatu batzuetan, espainolez mintzatzeko jariorik ez izatea. Baina telebista ikustea ekintza pasiboa da. Eta irakurtzeko, aspaldi trebatuta dago pertsona hori ere. Euskara bezain ondo edo are hobeto kontsumitzen du espainola herririk euskalduneneko herritarrak.

Gurean, intuizio bati jarraitu genion errealitate horren aurrean: espainola ahal beste mugatzea etxean. Aurkako mezurik gabe, euskara ez diren atzerriko beste edozein hizkuntza balitz bezala, eta ez euskararen ordezkapenerako mehatxu handiena dakarren hizkuntza. Zer den normaltasuna? La Casa de Papel espainolez ikustea edo Gabriel Garcia Marquez espainolez irakurtzea, baina ez Disneyren filmak edo Stranger Things telesaila. Auzoko kafetegian Peppa Pig jartzen zutenean, lau urteko alabak arraro begiratzen zidan. Ez zen etxean hura entzuten zuen txerritxoaren ahotsa, ez eta hizkuntza ere.

“Espainolak presio nahikorik ez, eta ingelesa ere sartu gainera?” galdetu didate behin baino gehiagotan. Bai, noski, euskara ordezkatzeko presioa egiten duen hizkuntzaren ahalegina mugatzea ezinbestekoa da. Ingelesak ez du euskara ordezkatuko. Arazo hori Irlandan eta Galesen daukate. Euskal Herrian dagoen ingeles mailarekin, egon lasai, hurrengo bizpahiru belaunaldiek ez dute euskara ingelesagatik ordezkatuko. Espainolez eta frantsesez ariko dira hori baino lehen. “Herritar elebidunen” tranpa euskaldun eleanitzen helburuagatik ordezkatzea da gakoa.

Iaz Suedian elkartu ginen PEN Kongresuan. Suediarrek eurek esandakoaren arabera, ez dituzte haurrak eskola-orduetatik kanpoko ingeles akademietara bidaltzen, are gutxiago Estatu Batuetara nerabetan ikasturte oso baterako. Hemen, dena besteen esku delegazioz utzi ohi dugun belaunaldia dugu (ikastolako lehen egunean gogorarazi ziguten: “etxean barazkirik ez badu jaten, ez espero ikastolan jatea. Jaten etxean ikasi behar du haurrak”). Gure dirua eta haurraren denbora librea darabiltzagu ingelesaren obsesiorako, baina okurritu ere ez zaigu egiten geuretik modu naturalagoan egin dezakeguna bultzatzea. Haurrak Disney edo Peppa Pig espainolez ikustea ondoriorik ez duen ekintza normala balitz bezala. Bai, hobe euskaraz bagenitu ikusentzunezko guztiak, baina ez dauden artean, espainola da Hegoaldeko haur batentzako aukerarik txarrena.

Noski, etxeko ohiturak txikitatik hasi behar dira. Espainolez ikasi duenerako ingelesezkoarekin hasiz gero, beranduegi da. Era berean, Peppa Pig ingelesez jartzen badiogu, baina gurasook saioak bikoizketa espainolarekin jarraitzen baditugu, helduko da unea haurrak ere hala nahiko duena.

Geurea ere haurrentzako ingeles-akademia batera joan zen txiki-txikitan. Pandemia eta gero, astean birritan joan behar zuela esan ziguten. Beste mila gauza egiteko baliatu zitzakeen bi arratsalde ingelesari eman astero. Aspertu egiten zen alaba. Ordurako gure bizitzako zati txiki bat ingelesez zen, gainerakoan espainolak izango zukeen tarteari kenduta, behin ere ez euskarari. Eta polito zekien ingelesez Ameriketara iristerako. Filmetako hizkuntzaren eta hemengo errealitatearen arteko talka espero genuen, hasierako frustrazioa behinik behin. Ez dugu esango dena perfektua izan denik -besteak beste, alabak egindako esfortzu erraldoia ukatzea litzateke hori – baina oso oinarri sendoa ekarri zuen Euskal Herritik.

Hemendik aurrera, geroz eta handiagoa izango da kanpoko eragina, eta geroz eta txikiagoa gurasoona. Hala behar du, bizi-legea da. Guretik ahal izan duguna egin dugu, eta egiten ari gara: gure hizkuntza txikia euskara dela erakutsi, Euskal Herrian gaudenean ahalik gozatu handieneko eskaintza eman euskaraz, Ameriketan ere euskarazko saioak erakutsi. Geurea zein den argi izanda, munduan beste milaka hizkuntza ere badirela aintzatetsi: ingelesa dela munduan (ez munduko) leku gehienetan erabil daitekeena, espainola gertu baina sarritan gertuegi dugula eta euskararen mehatxu dela Hegoaldean, frantsesa gertu baina Hegoaldekook sarritan urrunegi dugula, eta beste hizkuntza eder asko ere badirela. Hemendik aurrerakoak, bere esku. Badaki hemen gaituela behar duen guztirako.

Gure alabaren hizkuntza(k) eta hautua(k) Gure alabaren hizkuntza(k) eta hautua(k) Gure alabaren hizkuntza(k) eta hautua(k) Gure alabaren hizkuntza(k) eta hautua(k) Gure alabaren hizkuntza(k) eta hautua(k) Gure alabaren hizkuntza(k) eta hautua(k) Gure alabaren hizkuntza(k) eta hautua(k) Gure alabaren hizkuntza(k) eta hautua(k) Gure alabaren hizkuntza(k) eta hautua(k) Gure alabaren hizkuntza(k) eta hautua(k) Gure alabaren hizkuntza(k) eta hautua(k) Gure alabaren hizkuntza(k) eta hautua(k) Gure alabaren hizkuntza(k) eta hautua(k) Gure alabaren hizkuntza(k) eta hautua(k)

Zer duzu buruan “Gure alabaren hizkuntza(k) eta hautua(k)”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude