Gu, pribilegiatuok

Gu, pribilegiatuok –

Politika hitzen jokoa izan ohi da maiz, mozorroen festa sarri, esanahi inplizituen jaia tarteka, hieroglifikoen interpretazio gunea tarteka-marteka. Eskertzekoa da, berez, eta eskertzen dugu, beraz, lantzean behin norbait argi hitz egiten entzutea, Orkoiengo alkateak egin berri duen bezala.

Politika ez da, noski, alderdi bakoitzak jasotzen duen boz kopurua zenbatzera mugatzen, ez eta abstentzio maila zenbatekoa izan den aztertzen. Agerikoa da duela zenbait hamarkada gutxi batzuk babesten zituzten baloreak hegemoniko(agoak) bilakatzen ari direla eta diskurtsoen musika eraldatuz doala, piano-piano (feminismoa, presoak, ekologismoa…). Aurkiak beti du bere ifrentzua, eta esaten denean eskuinaren aparraldi baten aurrean gaudela ez da, Euskal Herriaren kasuan bereziki, eskuineko alderdiek boz gehiago jasotzen dituztelako, baizik eta euren diskurtsoa geroz eta sektore gehiagok besarkatzen dutelako: etorkinen aurkako jarrerak, klima aldaketaren ukazioa… eta, noski, euskarafobia ere.

Ipar Euskal Herrian, agerikoena den oztopo nagusiaz gaindi (frantsesa dela hizkuntza ofizial bakarra) makina bat eraso pairatzen ditu euskarak egunero, Beskoitzeko ikastolari dagokiona kasu. EAEn epaileak oldarraldi antolatu eta planifikatu betean daude. Nafarroan azken hamarkadetan pairatu dugun apartheidak zutik dirau, eta anomalia demokratiko horretaz gain, euskararen aurkako diskurtsoa geroz eta maizago eta ozenago entzuten da. Ion Orzaizen eskutik jaso genituen zenbait datu BERRIA egunkarian, VII. Inkesta Soziolinguistikoa xehatzeari ekin ziolarik: “herritarren herenek begi onez ikusten dituzte euskara sustatzeko neurriak. Aurkako jarrera dutenak, aldiz, %37 dira. 1991tik, murriztera jo du multzo horrek, oro har, baina gora egin du azken urteetan. «Ezagutzaren eta erabileraren kasuetan ez bezala, jarreretan gorabehera handiak sumatu daitezke, klima sozialak eta politikoak eragiten ahal duelako», azaldu du Kasaresek. Gazteen jarreretan agertu du kezka nagusia. Izan ere, adin talderik euskaldunena izanda, euskararekiko atxikimendu txikiena duena ere bada: 16-24 urte artekoen multzoan, %28k egiten dute ongi euskaraz, eta %27,2 daude euskara sustatzearen alde. Datu horien argitara, uste izatekoa da gazte euskaldun batzuk ere ez datozela bat euskara sustatzeko neurriekin”. Eguesibarko alkatea kasu, esaterako.

Euskara sustatzearen alde dauden nafarrak, beraz, heren bat; sustatzearen aurka (hots, jarrera euskarafobikoa dutenak, euskara erabat bazterrekoa baita kasik herrialde osoan, ez gara Madrilen gaztelania sustatzeaz ari) beste heren bat; eta gelditzen den herena? Hortxe dago partida. Euskalgintza edo mugimendu euskaltzaleak ikuspegi demokratikotik saiatzen dira konektatzen gehiengoarekin, hau da, erdaldunekin; supremazismo espainiarrak euren pribilegioak mantentzeko diskurtsoa darabil, esateko ez dutela zertan euskara ikasi beharko lanpostu publiko baterako, euskara ez dela beharrezkoa izango herrialde honetan bizitzako zenbait arlotan mugitu ahal izateko, euskarak ez dioela enbarazurik egingo eta lasai arraio jarraitu ahalko duela bere elebakartasunean.

Asko zabaldu dira Orkoiengo alkatearen adierazpenak, baina halakoetan zapore gazi-gozo bat nabaritzen da aho-sapaian, zapore bat, nola esan, nola deskribitu… amiantoarena?

Lan-istripuen erruz dagoen heriotza bakoitzarengatik, 18 lagunek galtzen dute bizia lanak eragindako gaixotasunen ondorioz. Zergatik diodan hau? Irudipena daukadalako Orkoien edo Eguesibarko alkateek bota dituzten astakerien aurrean suminduraz eta haserre erantzuten dugula, heriotz-istripu baten aurrean egiten dugun bezala, eta bejondaigula, hori egin beharrean gaude euren diskurtsoari kontra egin ahal izateko. Baina bitartean, isil-isilik, harrabotsik gabe, zaratarik sortu gabe, 18 langile hil direla, euskararen aurkako 18 eraso egin direla euren instituzioetatik, enpresetatik, hedabideetatik… eta ez garela ez erantzuteko ez eraso horiek antzu bihurtuko lituzken testuinguru bat eraikitzeko gai.

Eusko Ikaskuntzak aurten kaleratu du Aniztasuna eta bizikidetza Nafarroan. Euskara eta nazio identitateak ikerketa lana, eta Amaia Nausiak ARGIAko Xabier Letonarekin izandako elkarrizketan dioenez, “Euskara abertzaleen proiektu nazionaletik askatu behar dugu”. Ulertzen dut asmoa, baina era berean, uste dut espainiar nazionalistek fermuki lotzen dutela euren proiektu politikoa gaztelaniarekin, (eta haien azalean jartzeko ariketa eginez jar dezagun hemen ergo bat), euskarari oztopoak jartzearekin. Eta hori ez da Nafarroaren ez Euskal Herriaren berezitasun bat.

Hurrengo lan deialdian alemana puntuatzen denean eta euskara ez, erakunde publiko zein pribatuetan euskaraz hitz egitera joan eta ezin duzunean, toki batzuetan lehen hitza euskaraz egin eta estralurtar bat bezala begiratzen zaituztenean… oroitu, pribilegiatu bat zara. Izorra hadi, Piarres.

Gu, pribilegiatuok
Arg: Pexels
Gu, pribilegiatuok Gu, pribilegiatuok Gu, pribilegiatuok Gu, pribilegiatuok

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.

3 pentsamendu “Gu, pribilegiatuok”-ri buruz

  • Juan Aleman 2024-01-19 15:03

    Hemen ere, foro honetan euskarafoboak bizkorrago dabiltza euskatzaleok baino

  • Juan Aleman 2024-01-19 15:06

    Oraintsu artio, euskarafobo bat izaten zen euskararen aldeko artikulu bat atera orduko, gaitzesten zuena. Orain bi dira goiztar ibiltzen direnak

  • Ba nik alkate horri eskerrak ematen dizkiot pentsatzen duena esateagatik. Gustatuko litzaidake denek zintzotasun berarekin hitz egingo balute. Gustatuko litzaidake Txibitek pentsatzen duena ezagutzea, alkatearengandik oso urrun ez litzateke geldituko, eta orohar “nafar” guztien iritzia. Soziologikoki 40 urteko atzerapena daraman erkidegoa da Nafarroa. Gaur egungo “nafarraren” arketipoa Miguelon da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude