Gobernu “aurrerakoiaren” erabakia, euskarak Iruñeko haur eskoletan izanen duen atzerakada

Gobernu “aurrerakoiaren” erabakia, euskarak Iruñeko haur eskoletan izanen duen atzerakada –

Gobernu "aurrerakoiaren" erabakia, euskarak Iruñeko haur eskoletan izanen duen atzerakadaBere burua aurrerakoitzat duen Nafarroako Gobernuak haur eskolen arazoari eman dion erantzuna ikusita elkartu gara gaur hemen. Haserre gaude, oso. Gure seme alabendako eskaintzak euskararen atzerakada sortuko du. Horren aurrean, adierazi nahi dugu euskaldun gisa dugun eskubidearen alde lanean jarraituko dugula.

Eta ez gara bakarrak.  Eskoletako zuzendariek ezinegona adierazi zuten aurrekoan, guztiek sinatutako agiria atera zuten, zeinean arrazoi pedagogiko zein antolakuntzakoak jarri baitzituzten mahaiaren gainean. Gaur sindikatuek deituta hezitzaileek egin dituzten greba eta mobilizazioetan gure eskaeren aldeko aldarria ere egin dute.

Denbora luzea daramagu guraso, hezitzaile eta euskararen aldeko eragileok HAUR ESKOLAK EUSKARAZ plataforman lanean. Azken asteetan, gure jarduna zentratu da  Navarra sumaren hizkuntza politikak , PSNren laguntzarekin, eragindako euskararen atzerakadari  konponbideak bilatzean; udaletik edo gobernutik nolabaiteko urratsak lortu nahian, haur eskoletan benetan euskaraz ikasteko aukerak eskuratzeko asmoarekin. Izan ere, Gobernuak beste bost haur eskola kudeatzen baititu Iruñean.

Beraz, 16 haur eskola ditugu hirian, 11 udalarenak, eta 5 Gobernuarenak.

Udalak kudeatzen dituenetatik batean baino ez dugu murgiltze eredua euskaraz, eta beste batean eredu mistoa deitzen duguna, euskara eta gaztelania murgiltze eredurik gabe, alegia. Nafarroako Gobernuaren haur eskoletan ez dago murgiltze eredurik, bitan eredu mistoa, Alde Zaharrean eta Sanduzelain, besterik ez. Argi erakusten du horrek, haur eskola hauen kokapenak ere arazo handiak sortzen dizkiela gurasoei, guztiak Iruñeko eremu berean baitaude. Eta gainerakoan euskara usainik ere ez.

Egoera honi aterabidea bilatu nahian, hainbat bilera egin ditugu udaleko eta parlamentuko politikariekin, eta zenbait aurpegi on zein hitz politen ondoren, ikusita inork ez zuela proposamenik egiten, geuk  osatu genuen gutxieneko proposamena: murgiltze eredu bana Iruñeko lau barrutietan. Profesionalek behin eta berriro azaldu duten bezala, eta Euskaltzaindiak adierazi berri duenez, horixe da euskaraz ikastea bermatu dezakeen eredu bakarra, besteetan euskara diluitu egiten baita ondoan dituen hizkuntza boteretsuen artean.

Baina ez da borondaterik egon. Udalak egindako proposamena, bi eredu misto gehiago ezartzea, bat Hello Buztintxurin eta bestea Printzearen Harresin, onartu egin du gobernuak, eta berak kudeatzen dituenetan ez du inolako aldaketarik planteatu. Beraz, 16 haur eskoletatik, bat bakarra izanen da D ereduan eta bost eredu mistoan, bitan ingelesarekin nahasita, gainera.

Aspalditik argi dugu Navarra suma eta PSNren euskarafobia, baina benetan kezkatzen gaitu, bai aurreko legealdian eta bai oraingoan, zenbait politikari euskaltzaleren borondate eskasak; izan ere, azken egunotan aldeko iritzia agertu arren, ez baitute euskaraz ikasteko eskubidea baldintzatzat jartzen euren hitzarmenetan.

Nafar gobernuak aurrerakoitzat dauka bere burua, eta aldaketaren alderdiek sostengatzen dute. Baina euskararen inboluzioa arindu ordez, haur eskoletan, euskarari atzerakada galanta eraginen dio erabaki horrek.

Baina ez dugu etsiko. Lanean jarraituko dugu eta, tamalez, aurrerantzean ere, guztion indarraren beharra izanen dugu egoera bidegabe hau iraultzeko.

Eskerrik asko denoi!!

ASKI DA! EUSKARARI ERASO GEHIAGORIK EZ!!

.

IRUÑEAN HAUR ESKOLAK EUSKARAZ PLATAFORMA (ELA, LAB, STEILAS  eta Iruñeko Euskalgintzako eragileak)

Gobernu “aurrerakoiaren” erabakia, euskarak Iruñeko haur eskoletan izanen duen atzerakada