Gimenoren propagandak ezkutatzen dituen datuak

Gimenoren propagandak ezkutatzen dituen datuak –

Ekainaren 18an Nafarroa Garaiko Hezkuntza kontseilariak adierazpen arranditsuak egin zituen. Gimenok nabarmendu zuen hezkuntza-arloko akordio programatikoaren %75 beteta edo garapen-fase aurreratuan dagoela. Propaganda ausarki erabili zuen zenbait datu ezkutatzeko:

Gimenoren propagandak ezkutatzen dituen datuakLehenik esan zuen Hezkuntzako inbertsioa igo dela Barne Produktu Gordinaren %3,24tik (2018)  %4,22ra (2021). Berez, aurtengo aurrekontuan %3,9 besterik ez da, eta %4,22 horretan finkatu gabe dauden Covid partidak sartu ditu. Dena dela, ehuneko hori oraindik dago estatu espainiarraren batez bestekoaren azpitik (%4,3), eta estatu espainiarra Europar Batasuneko 27 estatuen artean, 22. tokian kokatzen da. Bestalde, Hezkuntza Publikoa garatuen dituzten estatuak BPGren %5 baino askoz ere gehiago inbertitzen dute: Danimarkan %7,2;  Suedian %6,9; Finlandian %6,1. Portugalen, esate baterako, %5 inbertitzen da eta UNESCOk gomendatzen du %6koa izatea,  gutxienez. Hortaz, gezurra da Nafarroa hurbiltzen ari dela estatu aurreratuenetara, hori lortzeko aurrekontua gehiago igo beharko luke.

Martxoan Hezkuntza Departamentuak berritu zituen Lehen Hezkuntzako itun guztiak ikastetxe pribatuekin, besteak beste, Opus Deikoekin. Gimeno kontseilariak adierazi zuen ikastetxe horietan ez zela sexu edo genero segregaziorik egonen irailetik aurrera, eta LOMLOE beteko zela. Ordea, aipatu eskoletako eledunak esan zuen segregatzen jarraituko zutela. Jakinki lau legeren aurka doala (LOMLOE, Itunpeko ikastetxeen finantzaketa arautzeari buruzko Foru Legea, Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko Foru Legea eta, noski, LGTBI+ Foru Legea), nola onartu dute? Nolatan ez dute itxaron segregazioa bukatu arte? edo beharbada, ontzat emanen du bakarrik 6 urtekoen gelak mistoak egitea? 

Gimenok aipatu zuen Hezkuntza Publikoko itunean xedatutako adinagatiko ordutegi murrizketa guztiak abian jarriko zirela hurrengo ikasturtean, 55 urtekoenarekin. Azken hori berandu etorri da, plantillak egituratu ondoren, eta nahita ahazten du 60 urtetik aurrera ezarri beharko litzatekeena; hori ere itunean dago eta orain arte ez da deus egin ezartzeko.

Kontseilariak nabarmendu zuen oposizioen bidez indartu eta bermatu dela plantilla organikoaren egonkortasuna, baina atzendu zaio aipatzea interinitate tasa %50etik pasatzen dela eta irakasleen batez besteko adina 50 urtetik gorakoa dela. Hori dela eta, oposizioekin ez dira betetzen jubilatzen diren irakasleen lanpostuak. Ildo horretatik, PAIk sortzen du ezegonkortasun gehien eta momentuz ez dago mahai gainean inongo planik bertan behera gelditzeko.

Euskarari egindako aipamenean esan zuen euskarazko hezkuntza eskaintza bermatua dagoela. Hori ere ez da egia, eta hutsuneak daude etapa guztietan eta lurralde osoan. Ekainaren 24an hori dena salatu genuen LAB eta ELA sindikatuekin eta euskalgintzako elkarteekin egindako ekitaldian.

Goraipatu du ikasleen hartzeko dekretu berria. Dekretua erabili da hurrengo ikasturteko matrikulazioa egiteko eta matrikulazioa ikastetxe pribatuetan handitu da. Ustez, helburua zen ikasteko premia bereziak dituzten ikasleak hobeki banatzea, baina horrela ikastetxe pribatuak indartu dira. Hau guztiz kontraesankorra da akordio programatikoan idatzia dagoenaraekin: hezkuntza publikoaren eskaintza eta eskola unitateak handitzea. Hala ere, ikasleak ez dira banatu behar, hezkuntza publikoa ongi hornitu behar da ikasle guztiak hartzeko.

0-3 zikloari dagokionez, kontseilariak propaganda besterik ez du egin. Tarifen jaitsiera iragarri zuen, baina ezin zaie aplikatu familia gehienei. Tarifen aldaketa hori berandu eta gaizki etorri da, Iruñeko Udalak bere haur eskoletan ezarriko duen “doakotasunaren” menpe. Azkenik, urte eta erdi igaro ondoren, sortu da 0-3 zerbitzua Hezkuntza Departamentuan, baina momentuz zerbitzuko zuzendaria baizik ez dute izendatu. Ez du ematen inongo asmorik dutenik Nafarroako Gobernuko haur eskolak Hezkuntza Departamentura eramateko legegintzaldi honetan. Interes eza hori garbi erakutsi zuen PSNk Parlamentuko 0-3ko lan taldea birrindu zuenean.

Gimenoren propagandak ezkutatzen dituen datuak