Gaztelania, denok ulertzen dugun hizkuntza hori

Gaztelania denok ulertzen dugun hizkuntza hori –

Hegoaldeko euskaldunok pairatu behar izaten dugun topiko engainagarria: gaztelania denok ulertzen dugun hizkuntza denez, utz dezagun geurea bazterrean eta har dezagun, besoak zabalik hartu ere, gaztelania zoragarri hori.

Zoragarria da gaztelania, ez dut ukatzen, baina batzuetan gaztelania zoratzeko moduko mordoilo bat da. Alegia, zoragarria,  baina ez ederra edo liluragarria den adieran… Haatik, zoragarria, zoratzeko moduko mordoiloa delako. Horren adibide, etxera ekarri eta nork bere kasa montatu behar duen, do-it-yourself motako, altzari baten honako etiketa hau:

Gaztelania denok ulertzen dugun hizkuntza hori

“Advertencia: Después de hablar con cajas de conexión que ping en el suelo. Asegúrate de que después de haber sido fue crucificado, unánimemente. Todos los clavos deben apuntar directamente, no una curva. O que la inestabilidad, los productos o reventar reventar seriamente danadas.”

Bitxia bada ere, euskara baztertzeko eskatzen diguten erdaldun horiek beraiek ez dute  kezkarik ttipiena erakusten gaztelaniaren kalitatea dela eta, oro har eta salbuespenak salbuespen.

Etiketa euskaraz egon izan balitz, erdaldun batzuek protesta sutsua eginen zuketen, eta gaztelaniaz, —denok ulertzen omen dugun hizkuntzaz—, fite jartzeko aldarrikatuko zuketen; alta, gaztelania negargarri horren kontrako salaketarik egiteko lana nehork ez du bere gain hartuko, segur.

Itzulpena baina, itzalpena da, testua izatera heltzen ez den hitz-hurrenkera zentzugabea, xede komunikatiboa betezen ez duen hitz errenkada korapilotsua, argitasunik gabeko itzal penagarri batez estalitako zirriborroa, altzaria montatzen laguntzen ez duen instrukzio-ohar ahalkegarria. Ohar hori itzultzaile automatiko batek eginda eta gainbegiratu edo zuzendu gabe ontzat emana, hain segur, negarra begian eta haserrea buruan sortzen duena nigan, bide batez errateko.

Baina ez dut uste Hegoaldeko erdaldun elebakar batek altzari enpresa handi horri kexa-eskutitz bat bidaltzeko lana hartu(ko) duenik… Izan ere, erdaldunek lanpetuegi daude euskaldunoi botatzen euren betiko erretolika gogaikarria. Kontua da, noiz arte jarraituko dugu euskaldunok erdaldun elebakarren apoak irensten?

“Nire hizkuntzak zure estatuaren oinarriak astintzen baditu, horrek esan nahi du, ziur asko, zure estatua nire lurrean eraiki duzula”. Ape Musa idazle kurduaren hitzak, gogoan…

Gaztelania denok ulertzen dugun hizkuntza hori

Iruñean sortua, 1967an, baina aspaldi Berriozarkotua. Ingeles irakaslea —erretreta hartuta baina ez erretiratuta— poeta, idazlea eta artikulugilea. Narratiban, hainbat ipuin ditu sarituak eta argitaratuak, bertzeak bertze, Tene Mujika lehiaketa, Orixe saria, Iparragirre saria eta Atarrabiako Petri saria. Haur eta Gazte literaturan, Johanes, Bargotako Aztia liburua, (Txalaparta) eta Hiru Miru album ilustratua (Denonartean). Olerkigintzan, bi haiku-bilduma, Gerezi garaiko haikuak liburua (Maiatz) eta Orbel Azpiko Haikuak (Denonartean), Aingurak eta Arrangurak (Pamiela, 2018) eta Hitzen hasperenak (Maiatz, 2019). Zuihitsua saikaera da bere azken liburua (Dakit, 2022. Ohiko kolaboratzailea Euskalerria Irratian, Maiatz aldizkarian eta baita Hatsa olerki bilduman ere. Artikuluak ere, berrehun baino gehiago ditu argitaratuak han-hemenka. Noriko Matsui-ren How to perform kamishibai eta Ryookanen 101 haikuak liburuen itzultzailea da, eta, orobat, euskarara itzuli ditu Idea Vilariño, Wislawa Szymborska, Paco Urondo, Joan Margarit eta Ernest Hemingway-en poemak, Euskal Idazleen Elkarteko idazkari (2010-2014) eta Nafar Ateneoaren Euskara eleduna (2017-2020) izan da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude