Gaur zaldi gainean noa

Gaur zaldi gainean noa

.

Zaldi gainean

Gogoan dut euskaraz ez nekien garaian “belarrimotza!” esaten zidatela. Ez dakit esaten zuenak belarri luzeak ote zituen, baina astoa galanta bera. Ez ninduen euskara ikastera gehiegi animatu. Baina bertatik bertara, aurrez aurre, muturren parean galtzen nuenaz ohartuta, euskara ikasten hasi nintzen, nola ez, Astiarrako AEKn, euskaltegirik onenean.

Laster hasi nintzen lehen hitzak, lehen esaldiak, lehen hanka-sartzeak egiten, euskaraz asto gainean. Gaur, zaldi gainean noa, gaur mintzalaguna naiz.

Ni naiz mintzalaguna, ni naiz Juani, ni naiz Mavi, Juli, Lourdes, Nieves. Eta The Robinen sartzean, hor da Amaia, elkartu mahaia eta heldu gaia. Euskaraz gozatzeko garaia. Eskerrik asko Amaia.

Eta ni naiz Patxi, ni naiz Virginia, Kateryna, Sandra. Paseotxo bat ematera joaten gara. Ondoan, bidelagun, Urtzi. Berak bai erakutsi! Eta bere euskarak bihotza igurtzi, eta ez gutxi! Eutsi horri! Eskerrik asko Urtzi. Eta ondoan, Mariaje, askok diotenez “euskaldunberria”. Ez dakidana da noiz arte den euskaldun bat berria. Eta “euskaldunzahar” izan ezin denez, nik “euskaldungazte” esango diot. Euskalduna eta gaztea. Eskerrik asko Mariaje.

Eta ni naiz Jose, ni naiz Ana. Ikatzan ikusten dugu Beatriz, behin eta berriz, astero irriz, eta akabo hala ez balitz. Eskerrik asko Beatriz.

Ni naiz Soko, ni naiz Kristina, Adriana. Eta gurekin Iñaki eta Ainara, kafe kikara eta euskara. Eskerrik asko Iñaki. Eskerrik asko Ainara.

Gaur zaldi gainean noa, astoa ahaztuta, gero eta azkarrago. Hau abaila! Ze maila! Ze zaila!

Gaur zaldi gainean noa, zure bidetik, eta ez dut jaisteko asmorik. Arrastoa utzi nahi dut egindako bidean, zugan, zuk ere nigan utzi duzun moduan.

Bidelagun izan zaitut, nire bide eta nire lagun. Bide, zuk euskaraz egiten duzun moduan egin nahi dudalako nik ere, trebe, zaldi gainean errege. Eta lagun, nire euskaraz hitz egiteko esfortzu bakoitzak merezi duela sinistu dudalako zure ondoan, doan, eta aurrera doan nire euskalduntze bide oparoan, luzaroan, zu izango zaitudalako gogoan.

Zaldiak zaldi, astoak asto, ESKERRIK ASKO arrastoz arrasto egin dugun bideagatik, herria euskaraz margotzeagatik eta nigan sinisteagatik. Eta MILA ESKER, bazterrik bazter, laster, ni bezalako gehiagok euskaraz egingo dugulako, lotsarik gabe, belarriak luze, zaldi gainean.

Eskerrik asko, mintzalagun. Eskerrik asko, BIDELAGUN.

Gaur zaldi gainean noa

Astigarragako Bidelagunei omenaldia egin zieten ekainaren 17an, eta Iker Goñik, Mintzalaguneko dinamizatzaileak, “Zaldi gainean” izeneko testua irakurri zuen.

Gaur zaldi gainean noa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.