Gasteiz Antzokia aurrera

Gasteiz Antzokia aurrera –

Dozena bat urte igaro dira Gasteizko Kafe Antzokiaren aldeko plataforma sortu zenetik. 2012an izan zen hura. Andre Maria Zuriaren plazan gauzatu zen. Orduan bezala, oraingoan ere, jatorri, belaunaldi eta sentsibilitate desberdineko euskaltzaleak bildu gara gaur hemen Gasteiz Antzokiaren aldeko plataforma biziberritzeko eta egitasmoa behin betikoz errealitate bihurtzeko asmoz.

Gasteiz Antzokia aurrera
Arg: ALEA

Ruiz de Bergara jauregiaren inguruan elkartu gara oraingoan, plaza publikoan. Ez da kasualitatea izan. Izan ere, Gasteizko udalak eraikina zaharberritzeko lanak burutu ditu bertan Gasteiz Antzokia kokatzeko. Kontua da, lan horiek 2022ko irailaz geroztik amaituta daudela, baina oraindik eraikinak ateak itxita jarraitzen duela, antzokiaren egitasmoa bete gabe. Udalak arrazoi burokratiko eta administratiboak argudiatu ditu eraikina oraindik itxita mantentzeko.

Aiala Zaldibar

 

Txema Ramirez de la Piscina

 

Plataforma bezala ezin dugu inolaz ere ulertu egoera hau. Kafkiarra da erabat. Azpiegitura egina dago. Udal talde guztiak ados daude. Beharra hor dago. Hala ere, egoerak bere horretan jarraitzen du: eraikina itxita eta euskaraz burutzeko ziren hainbat ikuskizun amets galduen tiraderan sartuta. 2015-2022 urtealdian Oihaneder Euskararen Etxea martxan izan da. Lazarraga elkarteak kudeatu du. Sormen-faktoria oparoa izan da: bitarte horretan 900 kultur jarduera antolatu dira. Guztira 66.868 erabiltzaile izan ditu. Hori dena galtzen ari gara.

Bestetik, ezin dugu inolaz onartu egitasmo hau diseinatu, mamitu eta gorpuztu duen Lazarraga elkarteari udalaren partetik ematen ari zaion trataera. Udalak bete ez dituen konpromisoen ardura eta horren ondorio ekonomikoak elkartearen bizkar gainean utzi nahi izatea guztiz injustua da. Ez da onargarria. Are gutxiago kontuan izanda, Gasteizko euskalgintzak bi hamarkada daramatzala egitasmo hau lantzen. Euskalgintzak jarri du materia gris guztia. Kemena. Gogoa. Indarra. Udalari aurrea hartu dio  beti. Eta gure udala berandu ibili da. Oso berandu. Horregatik ozen salatu nahi dugu Gasteizko udalaren utzikeria eta borondate falta eta, jakinarazten dugu, plataforma bezala, behar diren ekintza eta mobilizazio guztiak burutzeko prest gaudela Gasteiz Antzokia behin betikoz errealitate bihurtzeko. Proiektu honek ezin du zakarrontzian amaitu.

Egitasmo hau mamitzen hasi zenetik, gizarte eragile eta instituzioen arteko elkarlanaz sinetsi nahi izan dugu. Izan ere, elkarlana dugu amets. Elkarlana dugu helburu. Errespetua baino ez gara eskatzen ari, berdinen arteko harremana. Eta hori da, hain zuzen ere, udalak praktikatzen ez duena.

Hauxe da eskatzen duguna:

Udalak sortu duen arazoa, udalak berak konpon dezala eta Gasteiz Antzokia lehenbailehen abian jar dadila. Benetan borondatea balego, egon litezkeen arazoak konpon litezke. Borondatea behar da, eta ekiteko prestutasuna.

Asmo horri begira, momentuz ondorengo ekintza hauek iragartzen ditugu:

Horrezaz gain, aldiro, ekintza desberdinak burutuko ditugu, behar den momentuan eta behar den formatuan.

Ez ahaztu:

Gasteiz Antzokia behar dugu. Euskarak behar du. Hiriak behar du. Aisiak behar du. Denok, euskalduna izan ala ez, behar dugu. Gasteiz Antzokia euskal unibertsoak behar duen arnasgunea da.

 

Gasteizen, 2024ko maiatzaren 8an

Gasteiz Antzokia aurrera  Gasteiz Antzokia aurrera

Jatorri, belaunaldi eta sentsibilitate desberdineko euskaltzaleak bildu gara, Gasteiz Antzokiaren aldeko plataforma biziberritzeko eta egitasmoa behin betikoz errealitate bihurtzeko asmoz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude