Galesen ere, Hezkuntza Legean ikasteredu orokortua helburu
Galesen ere, Hezkuntza Legean ikasteredu orokortua helburu –
Hezkuntza Legearen Liburu Zuria jorratzen ari da Galesko Gobernua.
Galesko gizarte-eragileek galesa ikas- eta irakas-hizkuntza duen eredu orokortua proposatu dute.
Kontseiluko idazkari nagusia EAEko legeari egindako ekarpena aurkeztera gonbidatu dute.
Atzo, Cymdeithas yr Iaith galesaren aldeko erakunde nagusienak antolatutako jardunaldiak egin ziren Cardiffen, Galesko Gobernua jorratzen ari den Hezkuntza Legearen Liburu Zuria hizpide izan dituena. Izan ere, abuztuaren 20an gizarte eragileek proposamen zehatza egin zioten aipatu Liburu Zuriari. Proposamenaren arabera, 2050 urterako galesa ikas- eta irakashizkuntza izango duen ikasteredu orokortua indarrean egon beharko da.
.
Lau gako nagusi
Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi eta ELEN Europako hizkuntza-aniztasunaren aldeko erakundearen lehendakariorde Paul Bilbao EAEko Hezkuntza Lege berrirako prozesuan aurkeztutako proposamena azaltzeko gonbidatu dute. Kontseiluko eledunak lau gako jarri ditu mahai gainean.
Lehenik eta behin, EAEn indarrean dagoen hizkuntza-ereduen sistemaren inguruko hausnarketa egin du: «Horrela, hezkuntza ereduetatik arrakasta handiena zein izan duen azpimarratu dugu. Alegia, emaitzek frogatu dute ikasleak euskalduntzeko biderik arrakastatsuena euskara ikas- eta irakas-hizkuntza duen eredua izan dela. Horrexegatik, etorkizuna eredu hori oinarri eraiki behar dugu». Ondorioz, Bilbaok esan bezala, «Kontseiluaren ekarpenak Cymdeithas-ek hezkuntza-legearen proposamenean jasotzen duenarekin bat egiten du. Argi dugu zein den etorkizuneko belaunaldi euskaldun edo galesdunak lortzeko bidea».
Horrekin batera Kontseiluko ordezkariak azpimarra jarri nahi izan du proposamenak bereizkeriari amaiera emateko bidea izango dela: «Argi dugu, sistemak baduela betebehar bat, hain zuzen ere, ikasle guztiei tresna egokiak eskaintzea derrigorrezko hezkuntza amaitutakoan gaitasun berdinak eskura ditzaten. Hizkuntza-ereduen sistemak segregazioa sortzen du ikasleen artean, eta kohesio-sozialaren kontra egiten du, gutxien duenari gutxiago jasotzera kondenatzen baitio» azaldu du Galesen eskainitako hitzaldian.
Izan ere, Kontseiluko eledunak ikasleen eskubideak erdigunean kokatu behar direla mahai gaineratu du: «Berezko hizkuntza ikasteko eskubidea bermatuko dion eredua egon behar da indarrean, ikasleei ezin zaie ukatu euskara edo galesa ezagutzeko eskubidea. Eta hori, bide bakarretik etorriko da, euskara edo galesa ikas- eta irakas-hizkuntza duen eredu orokortutik» adierazi du.
.
Une historikoa
Euskararen eta galesaren aldeko gizarte eragileek unearen historikotasuna izan dute hizpide. Horrela, EAEn eta Galesen hizkuntza-gutxituaren egoeraren iraultzeko aukera errealak daudela adierazi dute. «Gure hizkuntzen etorkizuna baldintzatuko duten legeak onartuko dira epe laburrean, eta beraz, oso garrantzitsua da zehaztea zein toki hartuko duten gure hizkuntzek etorkizuneko hezkuntza-sistema horietan. Egoera desberdinak izanik ere, ondorio bertsura iritsi gara bi komunitateetako eragileok, eta zeinek bere lurraldean horren alde irmoki lan egiteko konpromisoa berretsi dugu» adierazi du Bilbaok.