Antsoaingo Udala betiko musikarekin

Antsoaingo Udala betiko musikarekin –

Maiatz bukaeran, Antsoaingo Udal Musika Eskolara joan ginen, “musika eta mugimendua” jardueran alabaren izena ematera. Informazioa jaso eta gero, euskarazko taldean izena eman nahi genuela adierazi genien. Orduan esan ziguten euskarazko talderik ez zela eskaintzen: “eskaintza ofiziala erdaraz bakarrik da” -irakaslea euskalduna den arren-.
Antsoaingo Udala betiko musikarekin

Euskarazko taldea osatzeko, izena ematen duten haur guztiek euskaldunak izan behar dute: sei haur euskaldun (taldea osatzeko minimoa) eta hiru haur erdaldun badira, taldea erdaraz da; hori da jarri ziguten adibidea. Beste aukera da, erdarazko taldea behin bermatuta, euskarazko bigarren talde bat osatzeko haur kopuru nahikoa egotea.

Aipatutako baldintzek euskarazko taldea osatzea ia ezinezkoa egiten dute, baina badaezpada izena ematear izan ginen. Ematear diot, emanez gero eta euskarazko talderik osatu ezean, alaba erdarazko taldera eraman beharko genuela argi eta garbi utzi baitziguten; bestela, matrikula egitean ordaindutako diru kopurua ez ziguten itzuliko, galduko genuen.

Arartekoari kexa aurkeztu diogu. Horrek arrazoia eman digu: udalari, “Udal Musika Eskolan euskaraz ikasi nahi duten ikasleek euskaraz ikastea ahalbidetzen duten neurriak hartzea”, gomendatu dio. Bi hilabete luze pasa dira –Arartekoak erantzuteko ematen duen epea-, eta udalak entzungor jarraitzen du.

Azkenean, ondoko herriko musika eskolan eman dugu izena. Horretan bai, jarduera euskaraz edo erdaraz egiteko aukera eskaintzen da. Baina ez gaude bertan erroldatuta, eta erroldatutakoen bikoitza ordaintzen dugu. Antsoaingo Udalari kostu gehigarria bere gain hartzea eskatu diogu. Beste behin, erantzunik ez.

Hau da, beraz, Antsoainen musika euskaraz jaso nahi dugun herritarrok bizi dugun bazterketa egoera. Udalak eskolaz kanpokoak euskaraz egitera animatzen gaitu; baina Udal Musika Eskolako ateak zigilatzen dizkigu.

Euskaldunon aurkako apartheid-a amaitu beharra dago behingoz!

Antsoaingo Udala betiko musikarekin

Herria berreuskalduntzen ari gara. Iruñea.