[Euskararen (pro)bokazioa] Film

[Euskararen (pro)bokazioa] Film

[Euskararen (pro)bokazioa] 6 film

Euskararen erabileraren inguruko atala da Euskararen (pro)bokazioa. Helburua, gaur egun batez ere ahozko ereduaren kasu zehatzak aztertzea da.

.

FILMEAN ALA FILMAN

[Euskararen (pro)bokazioa] FilmMailegu hau erabili ohi dugunean, zalantzak sortzen zaizkigu, hitzaren amaiera dela eta. Nola da euskaraz, /film/ ala /filma/?

.

Sarera joko dugu adibide bila:

> Nor da “Mad Max” filman azaltzen den gitarra-jotzailea?

.

Jatorrizko hitza /film/ denez gero, pentsatzekoa da mailegu moduan hartzen dugun hitzak ez duela amaieran /a/ itsatsirik izango eta, beraz, euskaraz ere /film/ izango da hitza. Hala, /zuhaitz/ bezalaxe deklinatuko dugu:

Nor da “Mad Max” filman azaltzen den gitarra-jotzailea?

Nor da “Mad Max” filmean azaltzen den gitarra-jotzailea?

.

Eta hortik abiatuta:

Aurten aurkeztu diren filmak ez dira onak izan

– Amaren eskuak filmeko protagonista emakume gazte bat da.

– Hainbat film eskainiko dituzte Donostiako Belodromoan.

film

[Euskararen (pro)bokazioa] Film

Bokazioa da, orain arteko beste ekimen askotan bezala, gure hizkuntzaren gorabeherei begiratzeko arrazoia. Ezin ukatuko dugu gaur egun, euskaraz gehiago egiten bada ere, euskara horren beraren maila askoz apalagoa dela.

Oraingoan, ordea, probokazioa ere bada gure helburua, hizkuntzaren arloan inork ez baitauka gaur egun itzalik euskaldunon urrats galduak bere onera ekartzeko eta, beraz, era askotako proposamenak egiten ausartuko gara. Hala, (pro)bokazioz egingo dugu lan, eta euskararen erabilera egokiaren alde eta zuzeulari askok bere baitan duten hizkuntza-komisario txiki hori esnatzea izango da gure asmoa.

Izan ere, euskaldunok osatzen dugun tribu esaneko honek galdu egin du liderrari jarraitzeko ohitura. Garai batean Euskaltzaindiak betetzen zuen funtzio hori, eta zihur › ziur bezalako erabaki-aldaketak maiz egin izan ditugu, gure erret akademia txit gorenak aginduta. Eta guk, txintxo-txintxo, ziur hautatu dugu. Edo jeitsi › jaitsi, edo ohizko ohiko. Denon memoria kolektiboan daude. Txisteak esaten zuen astero egiten zizkigutela aldaketak, eta guk besterik gabe onartu.

Baina garai horiek joan ziren. Orain ez dago artaldea belar txarretatik urrunduko duen liderrik, edo ez zaio entzuten. Eta, hein handi batean, gaztelaniaren kalkoa den sasi-euskara trakets batean mintzatzen gara. Aginduak betetzera ohituta, galduta gaude orain, eta ezin esan euskararen egoera osasuntsua denik.

Hala, euskara estandarizatzeko irizpide xelebre batzuk haizatuko ditugu, kalean entzuten ditugunei kosk egingo diegu eta artikuluetan (Zuzeutik hasita) irratsaioetan, telebistan, sare sozialetan eta webguneetan agertzen diren erabilera ez gomendagarriak planteatuko ditugu. Askotan ez baikara jabetzen esaten duguna egokia den… ezta euskaraz ala erdaraz ari garen ere.

Ez dugu normatibo izan nahi, baina gustatuko litzaiguke egoerak planteatu eta denon artean proposamen txukunak egitea.

Hizkuntza aztertzeko, era askotako formatuak planteatuko ditugu: azalpen laburrak, kontraesanak, zuzena/okerra eta zuzena/zuzena planteamenduak, iritziak… eta, aipatu dugun bezala, irakurleen esku geratuko da, hala nahi badu, planteatuko ditugunak kritikatzea, arbuiatzea eta osatzea. Eta nahi duenak proposatu ahal izango du zertaz hitz egin, zer kritikatu, zer hizkuntza atal edo erabilera planteatu.