Eztul elebakarrak

Eztul elebakarrak –

Eztul elebakarrak ez dira larrazkeneko giro freskoarengatik sortzen, ez eta udan kanpoan bero zapa den bitartean garraio eta eraikin publikoetan aire egokitua hotzegi daukatelako. Eztul elebakarrak ez dira paxientxi apurrak eztarrian geratzen direlako sortzen, baizik eta batzuen pazientzia apurra eztarritik azaleratzen delako.

Eztul elebakarrak
Arg: Irekia

Euskal Erdiko lehendakaria lehen mailako bilkuratxo batean izan zen herenegun: Familia Enpresen Institutua. Izen hori entzunda auzoko okindegian, elektrizista enpresan edo taller txiki bat datorkit burura, baina gonbidatu zerrenda ikusita tronpatua nintzen zeharo: espainiar erresumako erregea, Nuñez Feijoo PPko burua, Ana Botin bankaria…

Eta Urkulluri zer okurrituko, eta euskaraz egitea. Une horretan bertan eztul elebakar guztiak batera hasi ziren orkestan, lehendakaria isildu zen arte. Bere diskurtsoarekin jarraitu omen zuen ondoren, batek daki ze hizkuntzatan, ez bainaiz hori topatzeko gai izan. Ziur Urkulluri egoera arraro samarra egingo zitzaiola. Pentsatuko zuen, “jope, Felipek ere euskaraz egin du jendaurrean eta orduan ez zen eztulik”. Ia, janbo, baina gauza bat da lehendaria izatea eta beste bat erregea, ulertzen? ERREGEA.

Euskarak molestatzen du. Euskarak molestatzen die. Hedabideetan, eskoletan, epaitegietan, ospitaletan, udaletan… Euskaraz egitea eta euskaraz egin ahal izateko baliabideak jartzea erakunde, enpresa edo edozein espaziotan oso punkia da. Punkiak molestatzen dute, eta, doike, eztulak sortu, elebakarrak kasu honetan.

Kuriosoa da trasbertsalitatearen kontua. Zeren eta eztula egin ziotenek beranduago entzun zituzten procesaren aurkako diskurtsoak Feijooren ahotik, edo “Israelek sufritu duen atentatu ikaragarria” Botinengandik (“5.000 hildako non egon direla diozu?), eta arranopola, orduan ez zuten eztulik egin. Baina Urkullu horrelako festa askotan egondakoa da, eta badaki zer dagoen.

Patronal handia eta sindikatu espainiarrak eskutik helduta egiten dituzte gauza asko: soldatak jaitsi, deslokalizazioak onartu, grebak moztu, eta baita ere euskara erasotu. Haien eztulen aurrean, gure oihuak entzungo dituzte azaroaren 4an Bilbon. Euskara ez da Espainian sartzen, geroz eta argiago uzten ari dira. Euskal Errepublika bat behar du euskarak, salbatuko bada.

Agian Urkulluk nahiago ditu eztulak hori baino.

Eztul elebakarrak

3 pentsamendu “Eztul elebakarrak”-ri buruz

  • Barkaidazu, baina nire ustetan izenburua ez da egokia. Hala balitz,gaitzerdi. Baina bertan zeuden gehienak elebidunak eta eleanitzak dira. Kontua zein da bada? Faxista xenofobo supremazista, hauek bai, kolono inperialista hutsak, putakume garbiak geronen herrian esaten den bezalaxe. Eta non ditu koskabiloak hango lehendakariak?

  • Putaren umeak zer zerikusi du ba horretan guztian? errespetu apurtxo bat mesedez

  • Nagorek arrazoia du. Batzar horretako gehienak hizkuntza imperialetako eledunak dira.

    Hori bai katalana, euskara, irlandera, zulua etab. entzutea.. ez dute ez ulertzen ez ulertu nahi.

    Zainetara sartuta daukate hizkuntza hauekiko ukapena, bazterketa eta ezjakintasun nahia.