Ezjakinaren ausardia
Ezjakinaren ausardia –
Auto bat Laudiotik abiatu da Albaceterantz eta sei ordu eta erdi geroago, Albacetera iritsi denean, 626 kilometro egin ditu. Bueltako bidaia Albecetetik abiatuta eta bide beretik egiten badu, sei ordu eta erdi geroago Laudiora iritsi denean, zenbat kilometro egin ditu autoak?
Lehen hezkuntzako ume batek ere erraz igarriko zuen distantzia bertsua dela Laudiotik Albacetera eta Albacetetik Laudiora. Laudioko epaile bat, berriz, hor izango da oraindik hatzekin kontuak egiten erantzuna asmatu ezinik.
A puntutik B punturainoko tartea eta alderantzizkoa berdinak direla Pernandoren egia den bezala, hori bezain nabaria da euskaratik erdararako eta erdaratik euskararako distantziak ere parekoak direla, edo beste era batera esanda, ama hizkuntza euskara duen persona batentzat gaztelania ikastea erdaldunarentzat euskara ikastea bezain zaila edo erraza da, edo izan beharko luke. Euskara beste edozein hizkuntza baino zailagoa edo errazagoa dela esateak ez dauka inolako oinarri zientifikorik. Ez dago besteak baino zailagoa edo errazagoa den hizkuntzarik, eta argudiabide hori baliatzen duen sasi-letratuak bere ezjakintasuna agerian utzi baino ez du egiten. Hain da agerikoa bere ezjakintasuna non bere argumentazioa eraikitzeko ere interneteko blog batetik kopiatu behar izan duen. Galde diezaiotela, ez dakit nik, japoniar bati-edo zein ote den zailagoa. Harentzat, aurreiritziz garbia izanik, euskara eta gaztelania ekidistanteak dira.
Euskara eta gaztelaniaren arteko alderik izatekotan, desberdintasun hori bi hizkuntzen arteko botere harremanean datza, aurreiritzietan, bata bestearen gaineko nagusikeria jarreran, mendeetako jazarpenean. Horixe egiten du bataren ikas prozesua bestearena baino malkartsuagoa, eta ez zailagoa edo errazagoa izatea… Baina nola ulertarazi hori oraindik Albacetetik Laudiorako kilometroak kalkulatzen dabilen artaburu horri!
Gaur egungo EPAILE mandoek Erdi Aroko OBISPO mandoak dituk.
Bestalde, BEREZ, hizkuntza guztiak dituk berdintsu zail/errazak. Hori baina, “leborategiko egia” duk (errealitatean bertan esperimentatuta ez dagoen matematika hutsala).
Zeren Gertatzen dena zera dok: euskerak AIRE TOXIKOA arnasten duela: giroa oro euskeraren kontrakoa delako, ingurumenean arnasten den airea bera delakotz euskeraren kontrakoa.
Beraz, euskaldunok maskarillarekin ibili beharra zeukeagu, eta beste guztiek ez.