Covid-19 eta gero, zer?

Covid-19 eta gero, zer? –

COVID-19 eta gero, zer? Galdera horretatik abiatuta zer ikasi eta zer hausnartu izanen dugu martxoaren 25ean eta 26an Atarrabian eginen dugun Osasun Jardunaldian.

OEE Osasungoa Euskalduntzeko Erakundearen Nafarroako taldeak proposatutako egitarauan COVID-19ak zenbait arlotan izan duen eragina eta egoera honetatik ikasitakoa landuko da mahai inguruetan. Ahozko komunikazio eta posterretan gai hau hartzeko aukera bada, nahiz eta bestelako gaiak ere ongietorriak izanen diren. Baina dena ez da COVID-19 izanen! Euskara Osasunbidean eta Osakidetzan tailerra izanen da ostiral eguerdian. Arratsaldean, berriz, tailer irekia eginen da egun pil-pilean dagoen gai bati heltzeko: Heriotzaren aurrean, oraingo eginbeharrak nola bideratu?

OEEk urtero antolatzen ditu Osasun Jardunaldiak, eta aurtengoa 31. edizioa izanen da. Pandemia egoerarengatik, azkenekoan ezin izan ginen elkartu, baina aurten babes neurri guztiak errespetatuta, berriz presentzialak izanen dira jardunaldiak. Horretarako Atarrabiako Kultur etxea hautatu dugu.

Gaiari dagokionez, ezin genuen azken bi urteotan gure lana eta bizitzak alderik alde zeharkatu dituen pandemia alde batera utzi. Baina etorkizunari begira jarri nahi dugu: orain artekoa aztertu, hemendik aurrerakoan hobeki aritzeko. Esperientziaz baliatu, egunero ikasten eta gure lana hobetzen jarraitzeko. Horretarako gune aproposa dira jardunaldiak, jakintza partekatzeko gune baitira.

Lau mahai inguru egonen dira COVID-19aren inguruan. COVID-19ak oinarrizko osasun laguntzan izan duen eragina izanen da lehenengoa. Maite Ayarra Goizuetako medikuaren laguntzaz, gaiari buruz arituko dira Mariaje Esain Iturramako OEko erizaina, Edurne Arrazubi Doneztebeko OEko gizarte langilea, M. Luisa Barandiaran Txantreako OEko sendagilea eta Agurtzane Beraza Arrotxapeko OEko administraria.

COVID-19ak osasun mentalean izan duen eragina arratsaldeko mahai ingurua izanen da. Bertan, Izaskun Basterra NOUko Psikologo klinikoak koordinatuta arituko dira IƱaki Arrizabalaga Osasunbideko Osasun Mentaleko kudeatzailea, Aitor Urtasun Buztintxuriko Osasun Mentaleko Zentroko gizarte langilea eta Leire Erkoreka Galdakaoko ESIko psikiatra.

COVID-19ak ospitaleetan izan duen eragina hizpide izanen dute, larunbatean, Jon Ariceta NOUko zuzendariordeak, Ainhoa Iceta NOUko Pediatriako zerbitzuburuak eta Susana Reboredo DUOko erizainak. Lorea Imirizaldu NOUko neurofisilogoak gidatuko du saioa.

COVID-19a eta gizartea mahai inguruarekin bukatuko ditugu jardunaldiak. Lazaro Elizalde OEEko kideak zuzenduta arituko dira Ugo Mayor Ikerbasqueko ikertzailea, Arantxa Iraola Berriako kazetaria eta Matxalen Legarreta EHUko irakaslea.

Ahozko komunikazio eta posterrentzako tartea ere izanen da bi egunetan. Biltzarretako ekitaldi oso garrantzitsuak dira, gure artean egindako lanak eta izandako esperientziak partekatzeko gune baitira. Denon artean egiten baitugu biltzarra. Euskaraz egindako lanentzako erakusleiho paregabea dugu. Otsailaren 15a arte zabalik dago lanak aurkezteko epea. Zenbat eta lan gehiago aurkeztu orduan eta aberatsago izanen da biltzarra. Komunikazioak bidaltzeko informazioa eta izena emateko aukera www.oeegunea.eus gunean aurkituko duzue. Parte hartzea akreditatua egonen da, bai entzuleentzat eta baita komunikazioak aurkeztuko dituztenentzat ere. Animatu zaitezte!

 

Irune Tubia

Nafarroako OEEko kidea

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude