Ezina

Ezina –

Aingeru Epaltza Noticias de Navarran.


Ezina
Alde Zaharreko kaleak, Iruñean. PATXI CASCANTE

Euskal Herriko Inkesta Soziolinguistikoak beti ematen du zer esana. Hiru egoera politiko-sozial. Hiru lege aterpe. Hiru ondorio. Ezin harritu, alde nabarmena baitago Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan eta Iparraldean euskara urratzen ari den bideen artean. Azken inkestak ere, VII.ak, errealitate zatikatua agertu digu Gasteizko, Iruñeko eta Baionako aurkezpenetan. Guztietan zera komun bat, hala ere: ezina. Ezinak bizi gaitu. Ezin azkartuz dabiltza EAEn; ezin aitzinatuz Erresuma Zaharrean; ezin atzera martxa geldituz Euskal Hirigune Elkargoan. Guztietan, ezinean. Datu xehetara joz, berriz, zerbait partekatzen dugu han, hor eta hemen: euskaraz erdaraz bezain ongi moldatzen den jende kopurua beheiti doa Euskal Herri guztietan. Beharbada poztu behar genuke. Hazkundeak halako kontuak ekartzen ditu. Hobe, bistan dena, erdipurdiko hiztunak ez-hiztunak baino. Alabaina, itsu batek ere ikusten du gehien-gehienbat erdipurdiko hiztunek osaturiko komunitateak bizi motela duela etorkizun. Kostatu zaigu ulertzea hiztun berri eta zahar aunitzen gaitasun mailarekin erabilera suspertzea ezinezkotik hurbil dagoela. Gaitasun hori emendatzeko eskolak, instituzioek eta gizarteak nola jokatu behar luketen bihurtu da gure eztabaidagai eternala. Nago bidean naturaz ahantzi garela. Arnasguneek gure hizkuntzaren biziraupenean duten eginkizun estrategikoaz mintzatzean berezko hiztunen garrantzia oroitarazi digu berrikitan Patxi Saez soziolinguistaren artikulu batek. Berezko hiztuna zer den, Googleri galdegin. Halako aleak non eta nola egiten diren, aise da asmatzen. Tamalez, susmoa dut soziologiari, politikari eta are historiari ere kontra egiteko prest dagoela euskaltzalea, baina ez demografiari. Hizkuntza komunitate bizi eta adimentsua da gurea. Vatikanokoaren pareko jaiotze-tasa du, ordea.

Ezina

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Ezina”-ri buruz