Ez dut moztuko bizarra
Ez dut moztuko bizarra –
Saya da mayaz iyean behin igotzea. Hori esango digutelaren susmoa dut. Antigoaleko kaskamelon ni, irratian horrelakoak entzutean, zapuztu egiten naiz. Eta biloben eskolako haurrak Txipi-txapa, Korrika! oihukatzen eta berehala erdara garbiaz mintzatzen ikusten ditudanean, etsiak hartzen nau.
Botika homeopatikoa. Aita Donostiaren gutun-bilduman, ehuneko 99’99 erdaraz, euskarazko mikro-pusketak daude: “Nonnai arkitzen omen du ezjakiñak zer ikasi dakitenen itzetan (…). Erderaz, errazago izango delakoan, esango diot zertaz ari naizen (…). Biotzez, Luis Mitxelena 1956-05-11”. Alegia, Koldo Mitxelenak Aita Donostiari, kontu konplexu eta garrantzizkoei buruz hitz egiteko, erdarara jo behar izan zuen, ziur aski kaputxinoaren euskararen mailaz jakitun.
Euskaltzaindiaren batzarrak ere, XX. mendearen erdira arte ez ziren euskaraz burutzen. Pixkana, ahalegin neketsuetan, ezin konta ahala bidegabekeriak pairatuz… aurrera egin dugu. Gutxi izan eta eutsi. Orain izutzen hasi gara: epaileek eta politikari hainbatek lotsa galdu eta urteetan gorderik izan duten hankatxoa erakustea jada ez zaielako inporta. PPren kanpainarako gai izar dator “Euskararen eskaera lanpostua tinkatzeko bertan behera uztea”. Javier de Andrések esana.
Mesedez, manifestazioetako leloak megafonoan bideratzen dituztenei euskal doinuez ikastaroa eman. Bestela, ez dut moztuko bizarra.
Ez izan beldur. Eurak dabiltza eta beldurrez. Euskaldunak gehiegi hazi garela sentitzen dute, dardara hanketatik gora doakie eta zirina behera. Euskarak beldurra eragiten die, kontrolaezineko zerbait zaie. Oso primitiboa.
Ez da harritzekoa, euskaraz borborka gabiltza eta. Juan Luis Zabalaren Dimisioa liburu ederrak etorkizuneko munduaz prospekzio interesgarri-barregarriak dakartza, Agintzaritza Global Konputarizatuak bizitzako arlo gehienak gobernatuko dituen iragarpen modukoa. Iratxe Ormatzak a zer astindua gizonezkoen begiradari Printzak begietan ipuin bilduma sendo zirraragarrian. Bonok (kantariak ez, Amaiak) akasdunen eskubideak aldarrikatzen ditu. Batzuk galdezka euskararen erabilera erraztu behar ote den, ergatiboa desagertu, subjuntiboa ezabatu… Beste batzuk, hitanoa hedatu beharrez, xoka erabileraren aldekoekin topatu dira. Kontuz, Xokazaleak, azpieuskalki hori Mirrik asmatu eta patentatu zuen aspaldi, baxenabartar batzuekin batera.
Harkaitz Canok Ulu egiteko bolondres bila poesia liburu zirikatzailean esana: “Euskaldunok hizkuntzatik konkistatzen gaituztelako sarri”. Ni bai behintzat eta, bizitzaren arlo guztietan, heteromalgua naizela ozen aitortu behar dut. Baina, mesedez, manifestazioetako leloak megafonoan bideratzen dituztenei euskal doinuez ikastaroa eman. Bestela, ez dut moztuko bizarra.