EUSPOT lehiaketako sari nagusia “Kooperatibismoa gara!” spotak irabazi du
EUSPOT lehiaketako sari nagusia “Kooperatibismoa gara!” spotak irabazi du –
2022ko edizioak oso parte hartze handia izan du; iaz baino 8 spot gehiago aurkeztu dira, guztira 95. “Zergatik lan egin kooperatiba batean?” izenpean spotak animatu behar izan ditu gazteak kooperatibismora gerturatzen eta kooperatibismoa balioan jartzen. Publikoaren sarirako 700 boto baino gehiago jaso dira.
Sari banaketa ekitaldia
Aretxabaletako Arkupe kultur etxean egin da sari banaketa ekitaldia. Zaraia aretoa jendez bete da irabazleen izenak zeintzuk diren jakiteko eta lanak txalotzeko. Beñat Arizabaleta musikariak aurkeztu du sari banaketa eta bere musikarekin ere gozatu ahal izan da. Lehiaketan aurkeztutako 95 iragarkietatik epaimahaiak aukeratutako 20 finalistak ikusi ahal izan dira pantaila handian eta ekitaldi ostean luntxaz gozatu ahal izan dute gerturatutakoek.
Irabazleak
Guztira, Euspotek 3.000 eurotik gora banatu ditu saritan, sei kategoria ezberdinetan:
Spotik onena / 1.000 euro
“Kooperatibismoa gara!”
Egileak: Jone Markuleta, Irene Azkargorta eta Danel Teran (Oñati eta Bergara)
Spotaren kalitate teknikoa eta mezuaren egokitasuna da gehien baloratu dena.
Patxi Olabarria, Euskadiko Kooperatiben Goren-kontseiluko presidenteak banatu du saria.
.
Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onena / 500 euro
Berdinketa egon denez, saria 2 partaideren artean banatu da:
“Kooperatiba baten parte izateko prest?”
Egileak: Uxue Poveda Corchero eta Oier Markotegi Zubillaga (Gasteiz eta Legazpi)
“Etorkizunaren pieza”
Egileak: Unai Aranguren, Julen Iglesias eta Olatz Asua (Aretxabaleta)
Goio Arana, Mondragon Unibertsitateko ordezkariak banatu ditu sariak.
.
Publikoaren saria / 500 euro
700 bozkatik gora jaso dira sarean guztira.
“Elkartu, berdindu, konfidatu eta babestu”
Egileak: Amaia Catania Lopez, Maddi Iturricastillo Elkoro eta Nekane Ciardegi Martxueta (Aretxabaleta)
Unai Elkoro, Aretxabaletako alkateak banatu du saria.
.
Musika sinkronizazio onenaren saria / 300 euro
Iragarkiaren musika egokitasunagatik eta originaltasunagatik.
“Gure eredua”
Egileak: Iker Maguregi eta Andrea Martinez (Getxo)
Arantzazu Lagunilla, Artemaneko zuzendariak banatu du saria.
.
Gazteen saria (18 urtetik beherakoak) / 500 euro
Berdinketa egon denez, saria 2 partaideren artean banatu da:
“Bakoitzak bere alea jarriz, etorkizuna loratzen”
Egilea: Anne Sanchez Diosdado, Idoia Sanchez Bedialauneta eta Itxaso Plaza Amozarrain (Arrasate)
“Guztiontzat aukera bat”
Egilea: Chris Zacoch (Donostia)
Rober Gutierrez, Bai Euskarari Elkarteko zuzendariak banatu ditu sariak.
.
Arizmendiko ikasleen spotik onena / 250 euro
“Sortu kooperatiba”
Egileak: Ainhoa Espinosa eta Lander Agirre (Arrasate)
Maite Beitia, Arizmendiko ordezkariak banatu du saria.
.
Urruñatik Getxoraino: Euskal Herri osotik jasotako 95 spot
Euspot Euskal Herrian aitzindaria da euskara, sormena eta publizitatearen arloa uztartzen eta erreferente bilakatu da euskarazko publizitatearen harrobia lantzen. Ondo errotutako lehiaketa da eta orain arteko edizio guztietan 500 spot inguru jaso dira. 2022ko edizioan Euspoten parte-hartzea itzela izan da: guztira 95 lan aurkeztu dira, iaz baino 8 spot gehiago. Aurkeztutako lanen artean, 29 lan 18 urtetik gorakoek eginak dira, eta 66 spot 18 urtetik beherakoek eginak.
Spot guztiak ikusgai
Aurten ere Euskal Herriko leku askotan landu dituzte spotak: Urruña, Arrigorriaga, Durango, Donostia, Gasteiz, Getxo, Legazpi, Bermeo, Sopela, Arrasate, Beasain, Oñati, Errenteria, Aretxabaleta, Bergara, Azkoitia, Ataun, Idiazabal, Eskoriatza, Aramaio, Leintz Gatzaga… Eskerrik asko guztiei, eta zorte on!!
Aurtengo gaia: “ZERGATIK LAN EGIN KOOPERATIBA BATEAN?”
Aurtengo spotak animatu behar izan ditu gazteak kooperatibismora gerturatzen eta kooperatibismoa balioan jartzea izan du helburu. Zerk bereizten ditu kooperatiba bat eta kooperatiba ez den enpresa bat? Zergatik nahi duzu kooperatiba bat sortu edo kooperatiba batean lan egin? Zer eskaintzen digu proiektu kooperatibo batek, bestelako ereduekin alderatuta? Asko izan daitezke arrazoiak eta asko erantzunak. Kooperatibista izatea edo kooperatibismoa, eredu gisa, zer da zuretzat? Asko izan daitezke arrazoiak kooperatiba batean lan egiteko: kooperatibetan soldata duina irabazten delako, aberastasunaren banaketa orekan oinarritzen delako, herritik sortutako eta herrira ondo errotutako proiektuak direlako. Iraunkorragoak, kalitatezko enplegua eragiten dutelako, gizonen eta emakumeen arteko parekotasuna sustatzen dutelako eta berrikuntza handiko proiektuak direlako. Kooperatibek enpresaren erabakietan parte hartzeko aukera eskaintzen digute eta horrek ere erakargarri bilakatzen ditu.
Publikoaren sarirako 700 boto baino gehiago
Publikoaren boto gehien dituen spotak 500 euro jaso ditu. 4 egunetako epean 700 boto baino gehiago jaso dira aurten. Bestalde, nabarmentzekoa da aurten Instagramen egin den zozketa. DJI OM 4 SE egonkortzailea zozketatu da eta 1.700 pertsona baino gehiagok parte hartu dute. Irabazlea Oihane Belategi izan da.
400 ikasle sormenari buruzko formazio saioetan
Aurten ere antolakuntzak ikus-entzunezko publizitatearen gaineko formazioak eskaini ditu Euskal Herriko ikastetxeetan, spot egileen harrobia indartzeko asmotan. Formazio saioen helburua izan da gazteei sormenaren eta publizitatearen inguruan izan dezaketen sena sustatzea eta lehiaketan parte hartzera animatzea. Azken urteetan 4.000 ikasle baino gehiagok jaso dituzte Euspoteko formazio saioak Euskal Herriko hezkuntza zentro ezberdinetan.
Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren babesletza
Aurten Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilua izan da babesle nagusia. Erakunde publiko bat da, eta euskal administrazio publikoei aholkua ematen die kooperatibismoarekin loturiko gai guztien inguruan. EAEko ordenamendu sozioekonomikoaren erregimen legal eta instituzionala hobetzeko laguntza ematen du. Euskal kooperatibetan sortzen diren auzi-gaietan esku hartzen du, arbitraje, bitartekotza edota adiskidetze-prozeduren bidez. Gaur Euskadiko kooperatiben erakunde nagusia da.
EUSPOT lehiaketako sari nagusia “Kooperatibismoa gara!” spotak irabazi du