Euskotreneko erdaraldia
Euskotreneko erdaraldia –
Euskotreneko langilea naiz eta Euskararen Nazioarteko Eguna gainean dugula-eta, nire lantokian gertatutako hizkuntz eskubideen urraketa salatu nahi dut.
Tranbia gidari izateko enpresak duela denboratxo bat antolatu zuen barne oposaketara aurkeztu nintzen. Bertan proba ezberdinak gainditu behar izaten ditugu, tartean test psikotekniko bat. Proba horietan gauza asko neurtzen dira eta oraingo honetan gaztelaniaren ezagutzan oinarritatutako “aptitud verbal” izenekoa jarri ziguten. Horrelako azterketak euskaraz lortzea ez omen da erraza. Hala esan digute. Itzultzaileak egon badaude ordea. Euskaldunon hizkuntza eskubideak errespetatzeak ez al du horrenbesterako balio?
Epaimahai aztertzaileari hau guztia salatu nion kexa baten bitartez. Enpresak hori zuzendu nahian dabiltzala baina orain artean horrela izan denez erremedioa topatu bitartean horrela izaten jarraituko duela erantzun dit. Nire hizkuntza eskubideak urratuak izan direla ondorioztatuta Elebide eta Hizkuntza Eskubideen Behatokian kexa bana jartzea pentsatu nuen, ura bere bidera eraman nahian.
Aste pare bat pasa dira ordutik eta Elebidekoekin harremanetan jarri naiz. Urraketa garbia dela eta Euskotrenek zer erantzun zain daudela erantzun didate. Bitartean, enpresak ni aurkeztu barne promozioko plazak norentzako izango diren publiko egin du, nire erreklamazioek oraingoan ezer gutxirako balioko dutela erakutsiz.
Plazak publiko egin ordu berean langileoi Zazpi Kaletako tren geltokira joatera gonbidatu gintuzten Euskaraldiarekiko atxikimendua erakusteko argazki bat ateratzeko. Hantxe elkartu ginen hizkuntza eskubideak errespetatzea eskatu genuenak eta hizkuntza eskubideak etorkizunean beteko dituztela erantzun zutenak. Oso ondo dago Euskotrenek EUSKARALDIA bezelako ekimen baten alde egitea baina 11 egunek ezer gutxirako balioko dute beste 354 egunetan pausorik ematen ez badugu.