Soka ez da eten, baina agintari gorenak sokatik kanpo kokatu dira

Soka ez da eten, baina agintari gorenak sokatik kanpo kokatu dira –

Oier Araolazak, Dantzan atarian.

Soka ez da eten, baina agintari gorenak sokatik kanpo kokatu dira
Aurreskuaren sokak irudikatu du Oñatiko plazan Eusko Ikaskuntzaren ehun urteko asmo eta jakiteen transmisioa. Barrenean agintari gorenak sokatik kanpo. Oñati, Eusko Ikaskuntzaren 100. urteurrena, 2018-11-24. (Oier Araolaza – dantzan.eus)

Euskal kulturaren eta nazioaren sokak bizirik dirauela berretsi du Eusko Ikaskuntzaren mendeurrena loratu duen Oñatiko ekitaldiak, baina aldi berean, euskal agintari gorenak beren burua soka horretatik kanpo kokatzen dutela irudikatzeko balio izan du. Larunbatean Oñatin bildutako euskal kulturaren, jakintzaren eta politikaren ehunka ordezkarik penaz ikusi zuten nola irudikatu zen agintari gorenek gainontzeko herritarrekin markatu duten distantzia. Ez dira gainontzeko herritarren erako sentitzen eta ez daude euskal nazioaren transmisioa irudikatzen duen soka gainontzeko herritarrekin konpartitzeko prest.

Soka ez da eten, baina agintari gorenak sokatik kanpo kokatu dira
Agintarien argazkia Eusko Ikaskuntzaren 100. urteurrenean, Oñati, 2018-11-24. (Irekia – Eusko Jaurlaritza)

.

Lehendakarien ukoa

2018ko azaroaren 24a, larunbata. Goizeko 11:20 dira Oñatiko plazan Xabier Alkorta, Eusko Ikaskuntzaren Mendeurreneko presidentea hiru euskal barrutietako Lehendakariengana hurbildu denean aurreskuan parte hartzeko gonbidapena egitera. Udaletxeko arkupeen aurrean dira euskal agintari gorenak, Iñigo Urkullu, Uxue Barkos eta Jean Rene Etxegarai, Eusko Jaurlaritzako, Nafarroako eta Euskal Elkargoko lehendakariak, Ramiro Gonzalez, Unai Rementeria eta Markel Olano, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiru ahaldun nagusiak, Jesus Loza Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkaria, Eusko Legebiltzarreko eta Araba eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidenteak, Oñatiko alkatea eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailburua, besteak beste. Haiekin dira Eusko Ikaskuntzako presidentea, Iñaki Dorronsoro, eta Mendeurrenaren presidentea eta aurreskuaren soka ateratzeko ardura duen Xabier Alkorta bera.

Soka ez da eten, baina agintari gorenak sokatik kanpo kokatu dira
Agintari gorenei aurreskuan parte hartzeko egin zitzaien gonbidapenaren unea. Eusko Ikaskuntzaren 100. urteurrenean, Oñati, 2018-11-24. (Oier Araolaza – dantzan.eus)

Aurretik guztiek jasoa zuten gonbidapena berretsi die Xabier Alkortak agintari gorenei une horretan. 100 urte lehenago bezala, Eusko Ikaskuntzaren sorreran parte hartu zuten erakundearen sortzaile eta agintariek elkarrekin dantzatu zuten aurreskuaren sokari segida emanez, elkarri eskuak eman eta soka-dantza horretako parte izateko gonbidapena transmititu die Mendeurreneko presidenteak. Urkulluk, Barkosek eta Etxegaraik ezezkoa eman diote gonbidapenari, eta gauza bera egin dute Diputatu Nagusiek eta beste agintari gorenek. Salbuespenak Arabako Batzar Nagusietako presidente Pedro Elosegi, EUDELeko presidente Imanol Landa, eta Oñati bertako alkate Mikel Biain izan dira. Azken horiek bai, arkupeetara joan, eta aurreskuaren sokan sartu dira beste zenbait herritako alkaterekin batera, Agurain, Aramaio, Bergara, Tolosa, Gernika, Berriozar, Arrasate, Gordexola edo Hernanikoak besteak beste.

.

Eusko Ikaskuntzako bazkideei eskerronez

Minutu gutxira, Oñatiko udal txistulari banda aurretik zutela hasi da udaletxeko arkupeetatik ateratzen Eusko Ikaskuntzaren mendeurrena ospatzeko aurreskuaren soka. Xabier Alkortak, Mendeurreneko lehendakariak atera du aurreskua, eta bere eskutik Oñatz dantzari taldeko dantzaria, aurreskulari lanak bete dituena. Sokan, aurretik aipatutako agintariekin batera, Eusko Ikaskuntzako ordezkaritza eta batzordekideak eta Oñatiko dantzariak izan dira.

Soka ez da eten, baina agintari gorenak sokatik kanpo kokatu dira
Aurreskuaren irteera, Xabier Alkorta, Eusko Ikaskuntzaren mendeurreneko presidentea sokaren buru dela. Eusko Ikaskuntzaren 100. urteurreneko aurreskua, Oñati, 2018-11-24. (Oier Araolaza – dantzan.eus)

Plazari itzulia eman ondoren, soka herritarrei begira kokatu da, udaletxea ?eta sokan ez sartzea erabaki zuten agintari gorenak?bizkarrean utzita, aurresku eta atzesku lanetan aritu dira Oñatz dantzari taldeko bi dantzariak, Mikel Biain ?Oñatiko alkatearen izen bera duen dantzaria? eta Garazi Madinabeitiak sokaren aurrera atera dira eta desafioa dantzatu dute, herritarrei harrera eginez.

Soka ez da eten, baina agintari gorenak sokatik kanpo kokatu dira
Mikel Biain eta Garazi Madinabeitia, Oñatz dantzari taldeko dantzariak aurresku eta atzesku lanetan desafioa dantzatzen. Eusko Ikaskuntzaren 100. urteurreneko aurreskua, Oñati, 2018-11-24. (Oier Araolaza – dantzan.eus)

Ondoren, zerbitzariek bi gonbidatu atera dituzte plazaren erdira. Maria Luisa Azurmendi, 91 urteko emakume oñatiarra eta Alvaro Castillo dira, Eusko Ikaskuntzaren bazkide zaharrena eta gazteena. Eusko Ikaskuntzaren bazkideei eskainitako omenaldiaren ordezkari izan dira biak eta dantzarien aurresku sentituenaz ohoratuak izan dira ehun urteko ibilbide oparoa aitzinatu duten bazkideen ordezkari moduan. Azkenik, soka udaletxera begira jarrita, azken desafioa dantzatu dute aurreskuak eta atzeskuak, berriz ere Azurmendi eta Castillo bazkideen begiradapean.

Soka ez da eten, baina agintari gorenak sokatik kanpo kokatu dira
Eusko Ikaskuntzaren 100. urteurreneko aurreskua, Oñati, 2018-11-24. (Oier Araolaza – dantzan.eus)

Soka ez da eten, baina agintari gorenak sokatik kanpo kokatu dira
Eusko Ikaskuntzaren 100. urteurreneko aurreskua, Oñati, 2018-11-24. (Oier Araolaza – dantzan.eus)

.

Korapiloa lotuta

Madinabeitia atzeskuak eta Castillo bazkideak eskua altxatuta osatu duten zubipetik sartu da aurreskua eta guztiak pasa dira bertatik. Aurresku eta soka-dantzetan ohikoa izan den zubi horien esanahiaren inguruan zenbait azalpen izan badira ere, Juan Antonio Urbeltzek proposatu duen sokaren kohesiorako korapiloa lotzeko sinbolismoa eman nahi izan zaio figura horri Oñatiko aurreskuan, eta beraz, ehun urte ondoren berregindako sokari luzaroan ez askatzeko korapiloa eginda bukatu da aurreskua.

Soka ez da eten, baina agintari gorenak sokatik kanpo kokatu dira
Eusko Ikaskuntzaren 100. urteurreneko aurreskua, Oñati, 2018-11-24. (Oier Araolaza – dantzan.eus)

.

Agintari gorenak aurreskutik kanpo

Orain 100 urte, 1918ko irailaren 8an, Kongresuaren itxieran ospatu zen aurreskuan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputatuek parte hartu zuten. Pedro Laskibar diputatua izan zen aurreskularia eta Jorge Satrustegi aritu zen atzesku. Zerbitzari lanetan, berriz, aldundietako hiru presidenteak aritu ziren.

Soka ez da eten, baina agintari gorenak sokatik kanpo kokatu dira
Eusko Ikaskuntza I. kongresua, 1918. (Kutxateka / Ricardo Martin)

Soka ez da eten, baina agintari gorenak sokatik kanpo kokatu dira
Eusko Ikaskuntza I. kongresua, 1918. (Kutxateka / Ricardo Martin)

Soka ez da eten, baina agintari gorenak sokatik kanpo kokatu dira
Eusko Ikaskuntza I. kongresua, 1918. (Kutxateka / Ricardo Martin)

2018an, Oñatiko plaza euskal erritual koreografiko nagusiaren eszenatoki zen bitartean, euskal agintari gorenak udaletxearen arkupeen aurrean, dantzari begira izan dira. Eusko Ikaskuntzaren asmo eta jakiteen ehun urteko ibilbidea eta etorkizunerako nahiak irudikatu nahi izan dituen soka-dantzatik kanpo jarri dute beren burua euskal agintari gorenek. Nekez ulertarazi eta justifikatu ahal izango duten autoesklusioa.

Irudiaren eta sinboloen eremuan jokatzen dira era honetako aurkezpen publikoak. Aurreskuaren tradizioari eraldaketa nabarmena eragin eta erabilera makurra eman zaio azken hamarkadetan. Talde batek elkarrekin dantzatuz, eskuz esku plazaratuta ospatzen zuen protokoloa erabat desitxuratu da eta agintariek beraien ustezko gorentasunari egiten zaien pleitesia agerralditzat hartu dute. Baina aurreskuaren ohorea ez dago norbere tokian zurrun eta geldi, dantzari batean ahalegina jasotzean. Ez, aurreskuaren ohorea sokan dago, sokako kide izatean, talde horren parte izanik, elkarri eskuak emanik soka horri aurrera tira egiten jarraitzeko borondatea publikoki eta sinbolikoki adierazte horretan.

.

Herritarren ordezkaritzaren ardurak

Agintariak herritarren, gizartearen, komunitatearen ordezkari dira. Ordezkaritza horren ardura dute bere gain eta bere jokamoldeak horren araberakoa behar du. Eusko Ikaskuntzaren 100 urteurreneko aurreskuan, agintarien egitekoa, ardura, beren gain hartuta duten herritarren errepresentazio hori sokan ordezkatzea zen. Beren alderdia eta nortasun pertsonalaz harago, ordezkatzen dituzten karguak eta herrikideen sinboloak dira. Ulerkaitza zait euskal herritarren ordezkari gorenek bere burua, eta ondorioz, ordezkatzen gaituzten herritarrona, Eusko Ikaskuntzaren sokatik kanpo jartzeko arrazoia. Ez dute beren burua bakarrik sokatik kanpo ezarri; herritarrak atera gaituzte soka horretatik.

Eusko Ikaskuntzaren ibilbidean ekarpen eta lan handiak egindako hainbat akademiko eta jakintsu zen Oñatiko plazan: historialariak, etnografoak, hizkuntzalariak, antropologoak, folkloristak,… Askok agertu dute harridura eta pena agintarien ukoaren aurrean. Euskal kulturaren historia ezagutzen dutenentzat jakinekoa da era honetako protokolo koreografikoetan agintarien parte hartzearen historia luzea. Agintariak dantzan aritzea gure kulturaren parte izan da. Oraingoan ez zitzaien hainbeste eskatzen. Proposatu zaiena sokan parte hartzea izan da, elkarri eskuak eman eta plazan oinez ibiltzea. Besterik ez. Baina horretarako ere ez daude prest gure agintari gorenak.

1918an, Alfonso XIII. Espainiako erregea Eusko Ikaskuntzaren kongresuan izan zen baina ez zuen aurreskuan parte hartu. 2018an euskal agintari nagusiak 100. urteurreneko Kongresuan izan dira baina ez dute aurreskuan parte hartu. Beren burua erritual koreografiko honetatik kanpo jarriz helarazi diguten mezua ez da batere atsegina. Oker larria egin dute nire ustez. 

.

* Jatorrizko sarrerak argazki gehiago dauzka. Ikusi hemen.

Soka ez da eten Soka ez da eten Soka ez da eten Soka ez da eten Soka ez da eten Soka ez da eten Soka ez da eten Soka ez da eten Soka ez da eten
agintariak, dantza, Soka, ukoa
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude