Eusko Jaurlaritzak ikus-entzunezkoen ekoizpenerako dirulaguntzak hirukoiztuko ditu, eta erdia, gutxienez, euskarazkoentzat izango da

dirulaguntzak hirukoiztuko ditu –

Eragile, norbanako, eta euskaltzale guztien bultzada ezinbestekoa da erakundeak mugiarazi eta euskarak ikus-entzunezkoetan bizi duen egoera hobetzeko. Hau dela eta, Pantailak Euskarazek Maiatzaren 18an “Aldatu Gidoia Euskararen Alde” kanpainaren mobilizaziora joateko deia egin du.

dirulaguntzak hirukoiztuko ditu
Irudia: yousafbhutta

Pantailak Euskaraz euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko herri ekimenak Eusko Jaurlaritzak argitaratu berri dituen ikus-entzunezkoen ekoizpena sustatzeko dirulaguntza berriak aztertu ditu. Ekimenak, duela ia 3 urte jaio zenetik, euskarazko ikus-entzunezkoetara bideratzen den aurrekontua handitzeko eskatu izan die euskal erakundeei. Izan ere, ikus-entzunezkoek herritarren bizitzetan geroz eta pisu handiagoa duten bitartean, Jaurlaritzaren ekoizpeneko diru-laguntzek hainbat urte zeramakiten kopuru berean izozturik (2,4 milioi euro inguru); gainera, IBAIA euskal ekoizle burujabeen elkarteak 2023ko maiatzean Eusko Legebiltzarrean salatu zuen moduan, diru horren zatirik handiena (%70etik gora) gaztelerazko proiektuetara joaten zen.

Egoera honek eragin du azken urteetan euskarazko fikzio berririk ia estreinatu ez izana, eta hau benetan kaltegarria izan da euskara zinemaren eta ikus-entzunezko plataformen mundu berrituan kokatzeko orduan. Datu oso adierazgarria da Eusko Autonomia Erkidegoa izan dela azken urteetan hizkuntza koofizialean ekoitzitako ikus-entzunezkoetara diru gutxien bideratu duen administrazioetako bat. Horren ondorio zuzena izan da, Espainiar Gobernutik ere, 2023an 650.000€ soilik jaso izana, Espainiar Estatuko ICAAk erkidegoek jartzen duten diruaren araberako inbertsioa egiten baitu hizkuntza koofizialetako ikus-entzunezkoetan. Kataluniak ia 7.000.000€ jaso zituen, Valentziak 1.450.000€, eta Galizak 830.000€.

Aldatu Gidoia Euskararen Alde! Kanpainaren eskaeretako bat da, baita ere, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren aurrekontuaren %5 euskarazko ikus-entzunezkoetara bideratzea, alegia, urtean 18M€ inguru. Bada, Eusko Jaurlaritzak onartutako ikus-entzunezkoen ekoizpenerako dirulaguntza berriak oraindik ere kopuru horretatik urrun egon arren, herritarren eta ikus-entzunezko ekoizleen eskaerak, hein batean behintzat, aintzat hartu ditu. Azken urteetako 2,4M€tik, ia 7,3M€ra igo ditu dirulaguntzak. 2024eko ikus-entzunezkoen ekoizpena laguntzera bideratutako dirua honela banatuko da:

*2.000.000€ euskarazko telesailak ekoizteko (dirulaguntza lerro berria).
*2.900.000€ luzemetraietarako (1.600.000€, gutxienez, euskarazkoentzat).
*250.000€ aurrekontu txikiko luzemetraietarako.
*1.500.000€ animaziozko film luzeetarako (800.000€, gutxienez, euskarazkoentzat).
*390.000€ dokumental luzeentzat (160.000€, gutxienez, euskarazkoentzat).
*240.000€ film laburren produkziorako (120.000€, gutxienez, euskarazkoentzat).

Beraz, ikus-entzunekoen ekoizpenera bideratutako aurrekontua ia hirukoiztuko da, eta kopuru orokorretik erdia baino gehiago (4.680.000€), euskarazko proiektuentzat izango dela bermatuko da. Bide egokian emandako pauso hau positiboki baloratu du Pantailak Euskaraz ekimenak. Halere, azken urteetan euskarazko ikus-entzunezkoen ekoizpena, fikzioarena bereziki, hilzorian egon dela gogorarazi nahi du ekimenak, eta euskarazko ikus-entzunezko industria biziberritzeko, datozen urteotan baliabideak biderkatzen jarraitu beharra azpimarratu nahi du.

Euskarazko ekoizpenerako bitartekoak handitzeaz gain, euskarak ikus-entzunezkoen eta pantailen alorrean duen presentzia txikia iraultzeko, eta euskararen normalizazioan ikus-entzunezkoek ekarpen positiboa egiteko, oraindik ere lan handia dute egiteko Euskal Herri osoko erakundeek: beharrezkoa da, besteak beste, atzerriko edukiak euskarara bikoizteko dirulaguntza lerroak sortzea, euskaldunok zinemetan bizi dugun diskriminazio egoerarekin amaitzeko arauak onartzea, ETBn euskara eta euskarazko kultura erdigunean jartzea, diru publikoz egindako bikoizketak streaming plataformetara bidaltzea, euskal ikus-entzunezkoen eta komunikazioaren Legeak garatzea…

Erakundeak norabide egokian mugiarazteko, ezinbestekoa da euskararen aldeko eragile eta norbanako guztiek bat egin eta kalera ateratzea. Horregatik, Euskal Herri osoko 30 eragilek sustatzen duten Aldatu Gidoia Euskararen Alde! kanpainarekin bat etorriz, Eusko Jaurlaritzari eta EITBri euskara erdigunean jar dezatela eskatzeko, datorren Maiatzaren 18an, larunbata, arratsaldeko 17:30etan, Gasteizeko Foru Plazatik abiatuko den mobilizazioan parte hartzeko deia luzatu nahi du Pantailak Euskarazek.

dirulaguntzak hirukoiztuko ditu  dirulaguntzak hirukoiztuko ditu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude