Eusko Ikaskuntza jardun euskarafoboak zuritzen Nafarroan?

Eusko Ikaskuntza jardun euskarafoboak zuritzen Nafarroan? –

Eusko Ikaskuntza jardun euskarafoboak zuritzen Nafarroan?

“Ezberdinen arteko konfiantza lantzen” jardunaldia burutu zuen ekainaren 16an Eusko Ikaskuntzak, euskararen gaia ere eztabaidetako bat zelarik; haren berri eman ziguten Zabalo, Mateos eta Nausia Eusko Ikaskuntzatarrek hedabideen bitartez (Euskara eta konfiantza Nafarroan). Euron esanetan “badago nafar administrazioaren jarduna euskarari egindako erasotzat hartzen duen sektore sumindua, euskal hiztunen eskubideen urraketa salatzen duena”…

Nafarroako euskaldunok ez gara “sektore sumindua”, gizatalde etengabe zapaldua eta baztertua baizik. Nafarroaz zerbait dakienak, ondo daki euskaldunon hizkuntza eskubideak soilik partez daudela bermatuta erreserba “baskofonoan”: Foruzaingoarekin ez, Osasunbidean nekez, eremu pribatuan hemen bai baina hor ez… Zonalde mistoko euskaldunek hizkuntza eskubideak folklore mailan ere ez, eta zonalde “ez euskaldunean” bizi direnak? Badirenik ere ez da kontutan hartzen, “Salamancan baleude bezala”, PSNko gobernukide baten hitzetan.

“Suminduon” lehen aldarria zein den? Euskaldunon hizkuntza eskubideak errespeta daitezela. Espainiar erako “demokraziak” eta Nafarroako alderdi nagusiek, euskara erdaragatik abandonatzera behartzen gaituzte Nafarroa hiru eremutan zatituz, nafar euskaldunontzat suizidagarri den egoera hori irenstera derrigortuz. Gu ez gaude horretarako prest. Eusko Ikaskuntzako kideak bai?

Artikulugileen hitzetan “beste aldean aurkitzen dira euskararen zabalkundeaz mesfidati direnak. Euskararen kontra ez dira azaltzen… euskara nafar hizkuntza da, baina betiere dagokion eremuan”… Bada, “beste aldean” dauden horiek euskararen kontra dihardute amorru biziz, nahiz eta testuinguruaren arabera publikoan ez duten horrela adierazten. Euskara nafar hizkuntza dela badakite, eta horrexegatik lehenbailehen desagerrarazi nahi lukete, ez gaitezen “baskoekin” ezertarako nahas, lehenik erreserba baskofonoan itxiz, ondotik bertatik ere desager dadin hizkuntza. Euskararen erabilerari bide guztiak ixteko lanean dihardute agintetik nahiz auzitegietatik.

Eta aurrerago: “… badaude nolabaiteko konfiantzaren eraikuntza egingarri ikusten dutenak. Ustezko gatazkari garrantzia kendu eta euskararen inguruko kontsentsuak lantzeari ematen diote”.

“Ustezko” gatazkarik ez dago Eusko Ikaskuntzako lagunok, gatazka egiazkoa eta latza baizik. Ordezkapen prozesua deitzea izango litzateke egokiagoa: Nafarroan (ere) euskara desagerrarazteko prozesu planifikatu eta luze baten azken hamarkadak izan litezkeenaren aurrean gaude, euskaltzaleen artean asko diren arren oraindik egoeraren larriaz  jabetu ez direnak. Izan ere, antza denez bada jende bat “oso baikorra” dena… informazioz urri dabilelako, euskararen ordezkapena bost ardura zaiolako, edo pena pixka bat eman bai, baina horraino. Azkenik, “hiru gako argitu beharra” ikusten dute Eusko Ikaskuntzako kideek.

Lehen gakoa, “euskara arma politiko gisa erabiltzea zer den zehaztea” bide da. Euskara arma politiko gisa nazionalismo espainiarrak erabiltzen du, eta zapaltzen gaituen bitartean garraxika dihardu, euskara inposatzen ari garela salatuz. Jasangaitza da, baina horrela da. Adibidez, Nafarroako lanpostu publiko guztietarako exijitzen da espainiera, eta lanpostu guztietan alemanera, ingelesa edota frantsesa jakiteak puntuak ematen ditu. Euskara oso lanpostu gutxitan baloratu daiteke eta are gutxiagotan exijitu. Horra nola “inposatzen den” euskara Nafarroan.

Bigarren gakoa  “eskubideak eztabaidagarriak dira elkarren aurka talka egiten badute” omen. Ezin sinistuta gaude. Ontzat ematen du EIkaskuntzak lehen eta bigarren mailako “eskubidedunak” daudela? Erdaraz egiteko eskubidea, euskaraz egiteko eskubidearen gainetik dago?

Hirugarren gakoa honakoa omen: “… ez da arriskutsua emozioek eragiten duten grinaz baliatzea, neurriak edo aldarriak proposatzeko orduan, demokraziaren jokoari gailenduz?” Harri eta zur! Bide arrazional eta demokratiko guztiak urratu ditugu euskaltzaleok gure hizkuntzaren defentsan. Izan ere, emozioen bidetik (eta gezurretan) dihardutenak, euskara erreserba baskofonoan giltzapeturik nahi dutenak dira. Datu eta iritzi arrazoituei iskin egiten diete euskaldunon arerioek. Ez gaitu harritzen, eskuineko nahiz ezkerreko, Espainia uniformearen betiko defendatzaile sutsuak dira.

Zertan ari dira Eusko Ikaskuntzako kideok? Agintari eta erakunde baztertzaile horien jarduna zuritzen, balizko “elkarbizitza” delako baten izen faltsuaren pean? Menpekotasunean oinarritutako “elkarbizitzarik” ez dago, zapalduari eta baztertuari “sumindu” esaterik ez dagoen bezala, iparra galdu ez badugu behinik behin.

J. Aleman, G. Luzuriaga eta JJ Agirre

Plazara gatoz! ekimena

Eusko Ikaskuntza jardun euskarafoboak zuritzen Nafarroan? Eusko Ikaskuntza jardun euskarafoboak zuritzen Nafarroan?

11 pentsamendu “Eusko Ikaskuntza jardun euskarafoboak zuritzen Nafarroan?”-ri buruz

  • Ekarpenttoa:
    “Nafarroako toki batzuetan euskara Salamancan bezain ofiziala da. Ez dakit [irribarrez] ongi azaldu dudan”. Hori Carlos Gimenok esan zuen, egungo Hezkuntzako kontseilariak. PSNkoa, bista da.

  • *Bistan da.

  • Mikel Haranburu 2021-08-11 10:34

    Bat nator artikuluan esaten den guztiarekin.
    Izan ere, hizkuntzak eta hiztunen gaiak ongi planteatzera, Salamancan Euskara jakiteak puntuak eman litzake… guk horren beharrik ez badugu ere!

  • Eusko Ikaskuntzatarren planteamenduekin bat zatozela esan nahi duzu, Mikel?

  • Zoritxarrez, gurean jarrera kolaborazionista duten norbanako, elkarte eta instituzioak daude…
    Bada ordua bakoitza bere lekuan jartzeko….

  • Mikel Haranburu 2021-08-12 10:19

    Arren, zuen artikuluan esaten denarekin, JJ.

  • Oker gabiltza, jatorrizko herri baten HIZKUNTZA arazotzat hartzen badugu. Eta okerrago oraindik prestigiozko euskal erakunde kultural batek arazo horren konponketa bizikidetzan oinarritzen bada, parekatuz eta maila berean jarriz kaltetuak garenok eta kaltetuak ez direnak.

  • Harago doaz, Berrotza. Eusko Ikaskuntzak diosku “sumindu” talde bat dagoela, kaltetua dela uste duena (harrapazak!)… Eta badela beste talde bat “euskararen zabalkundeaz mesfidati direnak. Euskararen kontra ez dira azaltzen, azken batez, euskara nafar hizkuntza da, baina betiere dagokion eremuan; eremu naturalean gordeta irudikatzen dute euskal hizkuntza”.
    Hots, PSN-PP-UPN-Vox-UGT-CCOO eta konpainia ez daude euskararen kontra (gure perzepzio okerrak ikusarazten digu hori antza), baina “dagokion eremu naturalean” gordeta nahi dute.
    Dagoion eremu naturala ez du kakotx artean jartzen Eusko Ikaskuntzak, hortaz, ulertu behar da EI-k ere eremu “euskalduna” jotzen duela euskararen “eremu naturaltzat”?
    Niri artikulua delirantea iruditu zait, eta oso mingarria, Eusko Ikaskuntzatik datorrelarik.

  • “Ezjakintasuna barkatu daiteke; baina ezjakintasunari harrokeria eta gorrotoa gehitzen bazaizkio. barkaezina bilakatzen da. UPNk (PSNren laguntzaz) Vaskonia osoari, baina bereziki eta zehazki Nafarroari eta Iruñeko hiriari Gazteluko Plazako aztarnategia desegitearekin egin zion kalte ikaragarria neurri-ezina da”.
    Patxi Zabaletaren hitzak dira. Iruñeko Gaztelu plazan UPPN-PSNk burutu zuten txikizioari buruzkoak. Hots, bertan sekulako aztarna historikoak aurkitu arren, guztia birrindu, handik atera, zabortegira parte bat bota, besteak auskalo nora eta parking bat eraiki zutenekoa.
    Ez dakit jokabide horrek “gizatalde jator” horren jokabideaz eta helburuez lorratzik ematen ez ote dien Eusko Ikaskuntzako “jakintsuei”.

  • Bai bai JJ erreserban naturaltzat eman… Baina soilik etemu jakin horretan. Niri ere artikulu hori eta Mikel Aramburu Zudairena mingarriak egin zitzaizkidan… Nafarrroarekin beste leku batzuetan egiten ez duguna onartzen dugulako… Nik nahi dut nafarroarako katalunian Valentzian Galizian edo Euskadin egin dutena… Etavez beteiztea napatrak zonaldeen arabera, adibidez…

  • Eusko Ikaskuntzaren “Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa Nafarroan: elkarbizitza” proiektuaren ardura daramatenen erantzuna ondoko loturan: https://zuzeu.eus/euskara/nafar-herritarrak-eta-euskara/