Euskarazko hiri hezitzailea helburu

Euskarazko hiri hezitzailea helburu –

Diluitzen ari zaigu kontzientzia linguistikoa, besteak beste, garapenak zehar kalte batzuk ekarri dizkigulako. Honaino ekarri gaituzten politikek ez gaituzte eramango harago. Proposamen berriak egiteko garaia da, ilusio berriak sortzekoa, herri mailako erronkak jotzekoa. Herri bakoitzak izan beharko luke hizkuntza plangintza bat: ikastetxeekin, aisialdiko taldeekin eta gizarte mugimenduekin osatua. Izan dezala bakoitzak bere hizkuntza plangintza, herri mailako osotasun baten barruan.

Euskarazko hiri hezitzailea helburu

Eskolak bakarrik ezin baitu euskararekin, bakarrik ezin duen bezala hezkidetzarekin. Eskolak ezin ditu berak bakarrik ikuspegi kritikoa dituen ikasleak sortu, edota feminismoarekin sentsibilizatutakoak. Edota ikasleen artean eskolan gero eta gehiago sumatzen den ezinegon eta ondoez orokortua konpondu. Eskolak bakarrik ezin du dena egin.

“Eskolak bakarrik ezin du” esaldia aldatuz, honako hau ere esan daiteke: “udalak bakarrik ezin du”. Baina, era berean, mugimendu sozialek ere muga nabarmenak dituzte. Beharrezkoa da elkarlana. Eta hori aldarrikatzera nator hona. Hezkuntzarekin hasita nahi bada, baina elkarrekin.

Zer da hezkuntza? Nola ulertzen dugu?

Herriko hizkuntza proiektua abiatzerakoan, garbi jakin beharko genuke hezkuntzan zer egin behar den. Horretarako hezkuntzaz zer ulertzen dugun definitzea ere beharrezkoa da, hezkuntzaren zertarakoa garbi jakitea. Honela ulertzen dut nik hezkuntza: ahalduntze pertsonala, kolektiboa eta eraldaketa sozialerako tresna. Izan ere, hezkuntzatik gizarteko egoera onartu daiteke. Edo aldatzen saiatu.

Beraz, hezkuntza komunitatea ahaldundu behar da, hezkuntza komunitatea sortu. Hezkuntza denon beharra eta eginbehar dela jakinarazi. Hezkuntza hobetzea ardura soziala da. Denona. Ikastetxe bakoitzaren mugak gaindituz.

Hezkuntza. Etorkizuneko beharrak

Zeintzuk dira gizarte gero eta aldakorrago honetan hezkuntzaren etorkizuneko premiak? Zer irakatsi behar zaio orain eskolaratu den haur bati 2040an (eskola garaia amaitzen duenerako) euskal hiztun aktibo izateko? Zer konpetentzia, zer eduki landu beharko lituzke? Nola eta zer irakatsi beharko litzaioke? Zer aurkituko du 2040an?

Ez dakigu zehazki zer aurkitu duen orain eskolaratu den euskaldun horrek baina, izan beharko du:

  1. Sortzaile
  2. Pentsamendu estrategikoa eta etorkizuneko ikuspegia landu beharko du
  3. Taldean lan egiten jakin
  4. Konpetentzia instrumentalak beharko ditu, ez edukiak. Adibidez, informazioa aurkitzen, kritikatzen, sistematizatzen jakin beharko du. Eta izan beharko du autonomoa, ikasten ikasten jakitea izeneko konpetentzia, alegia. Seguruena XXI. mendeko konpetentziarik inportanteena, etengabe jarraitu beharko duelako (eta dugulako) ikasten.
  5. Jakin beharko du ahozkoa, ahoz komunikatzen. Lehentasun absolutua eman behar diogu ahozkotasunari, gero eta ahozkoagoa den gizartea dugulako, eta besteak beste, euskarari ahozko erabilera falta zaiolako.

Ondo. Baina nola lortu daiteke hori?

  1. Plazeretik landu behar du hori eskolak. Ez euskara ikasgaian bakarrik, ikasgai guztietan. Berezkoa baita ikasteko pasioa; ikasketa soziala eta emozionala da berez. Pedagogia sentsualagoa, sexyagoa behar dugu. Umoretsuagoa. Eta hori lortzen da hitz eginez, parte harraraziz, gauzak eraikiaz… Ikasleei gustatzen zaienetik sortuz: bideo edizioa, irratia, telebista, antzerkia, argazkigintza, komikiak… Harridura itzuli behar dugu eskolara. Ustekabea. Ikaskuntzarekin emozionatzeko, harritzeko, ondo pasatzeko. Irakasle zoriontsu batek mundua alda dezake. Edo nahiz eta ezer ez aldatu, norbera aldatzen bada, dena aldatzen dela sinetsi. Gitarra jotzen dakiten irakasleak behar ditugu. Emozionatzen dakitenak.
  2. Begirada landuz. Hezkuntza zerbait bada begiratzen erakustea da, arreta non jarriko den erakustea. Eta gaur arreta krisian dago, begirada krisian. Eskolan pasatzen den denborak munduari arreta jartzeko balio beharko liguke. Denbora behar da horretarako. Eta denbora hori bereak emanda dago. Gaurko eskola ere azeleratuta bizi da. Ez du denborarik. Guk ez dugun bezala. Eskolak ez ditu egiteko gehiago behar. Denbora askatu behar du. Arnasa behar du eskolak (denbora-arnasguneak ere behar ditugu), berehalakotasun larritik askatzeko.
  3. Pentsamendu kritikoa eraikitzea. Gizarte demokratiko batean bizitzea eskubide innatoa dela uste dute askok. Ikasleak statu quoari leial izateko hezten ari gara. Horrelaxe hezi gintuzten gu. Horrelaxe ari gara. Elkarrizketa da bidea. Galderaren pedagogia bat, Paulo Freirek proposatutakoaren bidetik. Ikasleak eta irakasleak euren bizitzako, komunitatearen arazo praktikoak ebazten aritzea litzateke onena. Hezkuntzaren balio eta helburu nagusia da mundu desigual eta injustua etiko eta elkartasunezkoa bilakatzea da.
  4. Irudimena behar dugu. Eta beharko dugu. Eta ez zaio denborarik eskaintzen irudimenari. Baina nola erantzungo diogu krisi ekosozialari? Krisi energetikoari? Eta linguistikoari?

 

Herri erronka

Guk ere irudimena beharko dugu diskurtso baikor eta ameslari bat sortzeko. Kontakizun bat behar dugu. Euskarak lehen bazuen amets-dimentsio bat: etorkizun gizatiarrago baten hizkuntza izango zen, gizarte justuago baten hizkuntza, berdintasun mezu, mundu eta herri hobe bat ekarriko zuena.

Herrietan behar dugu hizkuntza proiektu bat. Herri amets bat, apustu bat, norabide bat. Ilusio bat. Gogo bat. Funtsean behar dugu Euskarazko hiri hezitzaile bat. Besteak beste elkarrekin erantzun ditzagun herri mailako galdera batzuk.

  • Ikasgela batean 20 ikasle baditut eta 20 horietatik 4 baldin badira etxetik euskaraz datozenak eta elkarrekin euskaraz ari direnak, nola banatuko dut gela? 4 euskaldunak elkarrekin jartzen baditut, gela horretako erabilera %20koa izango da. Nahasten baditut %0koa.
  • Ikastetxe horretako maila horretan 60 ikasle baldin baditut eta 20 baldin badira euskaraz datozenak, eta 3 gela sortu behar baditut, nola egingo dut gela-banatzea. Euskaldunak elkarrekin jartzea segregatzailea litzateke?
  • Nola ebatziko dugu publiko/ikastolak gatazka antzu, aspergarri eta mingarria? Nola bateratuko komunitatea eta herrigintza ulertzeko moduak?
  • Noiz kontatuko dizkiogu elkarri gure sekretuak? Eskola bakoitzaren praktika onak zergatik ez dizkiogu kontatzen besteari?

Herri hau denok ari gara hezten, ez eskolatik bakarrik. Eskola bakoitzaren hizkuntza beharrak baino herriaren hizkuntza beharrak zeintzuk diren jakin beharko genuke. Ikuspegia zabaldu. Eta egin ditzakegunak elkarrekin pentsatu:

  • Harrera protokolo bat egin herrira iritsi berri direnekin, bakoitza berea egiten ibili beharrean
  • Dagoeneko sortuta dauden foro eta taldeen arteko elkarlana sustatzea, elkarren berri izatea, behinik behin. Eta batean ikasitakoak besteenera pasatzea. Adibidez, eskolan elkarrekintza lantzen bada, aisialdira ere eraman genezake elkarrekintza. Ahozkotasunak ematen diguna zukutu dezagun.
  • Agente bihurtu behar ditugu haur eta gazteak. Beraientzat programatu beharrean, beraiek jarri programatzen, esaterako.
  • Hizkuntzak eskolako mugak gainditu behar ditu, eta ikasleen aisialdian, kultur kontsumoan edota kirol jardueretan islatu behar da hori.
  • Esan beharko da ba ingelesarekin obsesionatuta gaudela! Zenbat ingeles akademia dauzkagu herrian? Zenbat jende joaten da euskarazko sormena sustatzen den tokietara? Animatuko ditugu bertso-eskolara edo horrelako lekuetara?
  • Herrian euskara erabiltzeko «guneak» eta «uneak» propio sortzea, «berez» ez baitira askotan sortuko.
  • Elkarrekin antolatu genitzake herrian Olentzeroak, arazoaren 1ak, inauteriak, kultur ekimenak (liburuak erosteko bonoak, antzerkia, erakusketak, kontzertuak…)

Nola?

Elkarlana hasiz, sendotuz edo egokituz ikastetxe, udal, euskara elkarte eta aisialdiko elkarteen artean. Ekosistema koherente bat osatuz. Hartara, eskolako normalkuntza teknikaria ez da hain bakarrik egongo, ez udaleko teknikaria ere. Udala eskolari eta mugimendu sozialei begira jarri daiteke.

Lehentasun izango genituzke eskolak, eskola orduz kanpoko jarduerak eta lagunartean osatutako eremuak. Eta horietan eragin nahian antolatutako programek izan beharko lukete zutabe. Esaterako, eskola orduetan sortu daitezke ekimen gehiago: liburutegiak antolatutakoak, kultura sailak, euskara sailak…

Funtsean, laburbildu genezake guztia dekalogo batean edo 10 agindu emanez.

DEKALOGOA

Euskarazko hiri hezitzailea helburu

Azken peredikua

Euskaldunekiko identitate sozial altua eta ahalduntze kolektibo altua adierazten duten pertsonek gutxiago adierazten duten pertsonek baino ongizate pertsonal, ongizate sozial eta parte-hartze komunitario handiagoak dituzte. Alegia, bizipoz handiagoa dugu euskararekin borrokan ari garenok, bizipoz pertsonal eta komunitario handiagoa. Inguratzen gaituzten talde anitzekin ditugun harreman emozionalek uste duguna baino pisu handiagoa izan dezakete pertsonen eta komunitateen ongizatean eta garapenean.

Elkarren arteko sostenguan aurki dezakegu aterabidea. Guztion ardura da. Ausardiaz eta konplexu gabe egin behar dugu. Euskaragatik. Lurragatik. Elkarri konfiantza eginez eta izua gure bihotza bihurdikatzera utzi gabe. Sinetsita mundu hobea egingo dugula, hizkuntzen mundu bat. Ez dugulako beste aukerarik.

Muxu bat denoi!

 

ARGIArentzat egindako kolaborazioa

Euskarazko hiri hezitzailea helburu Euskarazko hiri hezitzailea helburu Euskarazko hiri hezitzailea helburu Euskarazko hiri hezitzailea helburu Euskarazko hiri hezitzailea helburu Euskarazko hiri hezitzailea helburu Euskarazko hiri hezitzailea helburu Euskarazko hiri hezitzailea helburu Euskarazko hiri hezitzailea helburu Euskarazko hiri hezitzailea helburu

La terre est bleue comme une orange

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude