Euskarazko fikzioak funtziona dezan

Zer behar da ikus-entzunezkoetan euskarazko fikzioak funtziona dezan?

1-Euskarazko fikzio zerbait izatea. Zenbat bikoiztua, zenbat azpititulatua, zenbat barne produkziokoa… bigarren mailako kontuak dira.

2-Eskura egotea. Gasteizen ez zen, hasiera batean, Zipi eta Zape estreinatu, eta Iruñean ez dira euskarazko film asko iristen. ETBk filmak erdaraz ematen ditu. Interneten ez dago euskarazko filmak eta serieak legez ikusterik, eta gehienek ez dakigu azpitituluak.com eta euskal-encodings erabiltzen.

3-Euskarazko fikzioa dagoenean, euskaldunek horren berri izatea. Hain ezohikoa denez, zineman edo telebistan euskarazko filmak daudenean, oharkabean pasatzen zaizkigu.

Euskarazko fikzioak funtziona dezan

Berria egunkariak, azkenaldian, euskarazko filmak nabarmentzen ditu karteleran.

4-Ordutegiak eta tokiak egokiak izatea.

Euskarazko fikzioak funtziona dezan

Bizkaiko zinema batean, igande bateko kartelera: haurrendako pelikula bat erdaraz, 16:30ean, 18:30ean eta 20:30ean. Haurrendako pelikula hori euskaraz, 22:30ean. Apustu eginen nuke ez zituela ikusle asko izan.

Beste ordutegi klasiko bat da euskarazko filmak 16:30ean bakarrik ematea, haurrak oraindik ikastolatik atera ez direnean.

5-Telebistan, jarraikortasun bat izatea. Orain dela gutxi, larunbat arratsalde batean, ETB1en Invictus filma eman zuten euskaraz. Noiz izanen da hurrengoa? Nork daki?

6-Ikusleek gurpil zoroa haustea:

Euskarazko fikzioak ez du ikuslerik > Fikzio gutxi eta merkea euskararentzat > Ordutegi txarrak > ikusle gutxi > Fikzio gutxi eta merkea > Jarraikortasunik ez > Ikusle gutxi > …

Euskarazko fikzioak funtziona dezan

Iruñerriko AEKgendan, zinema aretoetako euskarazko filmak.

5 pentsamendu “Euskarazko fikzioak funtziona dezan”-ri buruz

  • ETB3ko marrazki bizidunak ikusteko adina igarotzean, euskal neska-mutikoek ez dute EZER ikusterik euskaraz telebistan.

    “Go!azen” eta horrelakoen kateak etengabea izan beharko luke…

    Bestalde, diru kostua izango du, bai; baina euskarazko pelikulak botako dituen programa bat (adibidez, astero egun eta ordu jakin batean erreferentzia ezaguna eta jarraia edukiko duena denboran…) behar-beharrezkoa da telebistan. Ez duela ikusle askorik? Beno, ezer ez jarriz gero seguru ez duela izango ikuslerik euskarazko fikzioak.

    • Peru Dulantz 2015-06-18 13:51

      11 urteko alabak, oraindik, euskarazko kateak lehenesten ditu telebista pizten duenean, horretan baitago ohituta. Zein izan da sekretua? Txiki txikia zenetik, haren aurrean euskarazko hedabideak besterik ez zen pizten gure etxean. Bera oheratu ondoren, bai, ikusten genuen erdarazko filmen bat-edo: Horrez gain, teleagintearen jabe egiteko adina iritsi baino lehentxeago, kendu egin genituen haurrentzako erdarazko kateak (Boing, Disney Channel, Clan…, eta bide batez, teledendak, tele5 eta gustuko ez genituen beste batzuk) TDTaren aukeratik. Eta, horra hor, magia eginda dago!!

    • Peru Dulantz 2015-06-18 13:57

      Tira, panorama duela urte pare bat baino hobea da. Gurean, afalondoan, gauero gauero dugu hitzordua Gu ta Gutarrak-ekin, eta igandeetan Herri Txiki Infernu Handirekin. 11 urteko alabak ez du besterik nahi izaten.

  • Mariatxi gutxiago eta euskarazko kalitatezko saio gehiago

  • Euskarazko film, telesail,… gehiago, mesedez! Hori bai, Goazen eta Gu ta gutarrak bezalakorik ez, arren. Goazen kutreegia iruditzen zait, eta Gu ta gutarrak ere ez zait batere gustatzen, aurkezlearengandik hasita; beti, bakar batzuk goraipatu behar ditu, beste asko gutxietsiz.
    Goenkale, esaterako, ondo dagoela iruditzen zait. Istorio desberdin asko kontatzen ditu eta era desberdinetako pertsonaiak daude.
    “Hasiberriak” estiloko beste serie bat ondo legoke: gazte jendearen bizitza, lagunak, gurasoak, familia, festa, bizipenak…