Euskaraz mintzatzeagatik Donibane Lohizunen erasotua
Irudiak sare sozialetan ikusi ahal izan dira. Ekainaren 26 eta 27an Donibane Lohizuneko «ez bestetan» ehunka bestazale ibili ziren jendez mukuru zeuden karriketan. Aldiz, ongi pasatzeko baino, giroa arriskutsuagoa zela erraten ahal da. Auto gidari batek bi emazte zauritu zituen ihes egin aitzin eta hainbat borroka ere izan ziren labanekin. Oraindik eta harrigarriago, gizonezko batek ospitalean pasa behar izan zuen gaua euskaraz mintzatzeagatik jipoitua izan ondotik.
.
Orkatila hautsirik
Giro ezberdina zegoenik ez zuen sumatu erasoa pairatu zuen Jean-Louis Iratzoki donibandarrak. Gaualdia lagunekin pasa zuen Lapurdiko kostaldeko hiriko jatetxe batean. Etxera bidean, anaiaren etxe azpian gelditu zen. Ilobarekin euskaraz ari zen bitartean, hiru gizon oihuka hasi zitzazkion. «Frantzian gaude, zer dialekto da hori?». Iratzokik euskaraz erantzun zuen eta orduan heldu zen hiru gizonezkoen erasoa. Biktima euskalduna orkatila hautsirik utzi eta erasogileek ihes egin zuten.
Gaualdi berean, hiriaren beste aldean, euskara berriz izan zen erasotua. Lekuko batzuen arabera, euskaraz mintzo zen emazte talde batek komentario bera entzun behar izan zuen. «Frantzian gaude».
.
Euskal kultura ere jo puntuan
Baina hizkuntza ez ezik, batzuk kultura ere hartu zuten beren erasoen helburu. Jon Garmendia Kaia ostatuko kudeatzaileak Mikel Laboaren doinuak zituen establezimendua hesten ari zela, eta oihuak eta irainak entzun zituen: «Euskaldun putak». Ez da jakiterik eraso hauen jatorrian jende berdina ote dagoen, baina bortizkeria maila deigarria da. «Euskal kultura azkartu da Donibane Lohizunen eta batzuk kontra dira», dio Garmendiak.
Peio Etcheverry kultura, ondare eta euskararen axuantak eraso hauek deitoratu ditu Mediabasken galderei erantzunez. Azken hiru urteetako bestetan bortizkeria emendatu dela uste badu ere, estigmatizazio ekintza hauek berriak direla dio. Oraingoz, portaera hauek aztertzea zaila da Herriko Etxearentzat, erasogileak ez baitira identifikatuak izan. Lekukotasunen arabera, alkohola edo drogen menpe zeuden jende horiek. Aldiz, «ekintza onartezin» horiek autoritate publikoen aldetik zaintza gehiago behar luketela gaineratu du.
Euskaraz mintzatzeagatik Donibane Lohizunen erasotua