Euskaratik urrun sentitzen direnekin hizkuntzaren auzia landuko ditu Kontseiluak, kohesio eta justizia soziala ipar

Euskaratik urrun sentitzen direnekin hizkuntzaren auzia landuko ditu Kontseiluak –

  • 2022ak euskararen eta hizkuntza-politiken arloan emandakoa aztertu eta 2023ko erronkak aurkeztu ditu Kontseiluak.
  • Hezkuntza legea, euskararen ofizialtasuna, oldarraldi judizialari erantzutea eta adostasun sozialak zabaltzea izango ditu lehentasun.
  • Euskaldunen eskubideen aurkako oldarraldiari erantzuteko dinamika bateratua prestatzeari ekingo dio, adostasun zabalak oinarri.

Euskaratik urrun sentitzen direnekin hizkuntzaren auzia landuko ditu Kontseiluak

Gaur Euskalgintzaren Kontseiluak 2022. urteko irakurketa eta ondorioak izenburuko txostena aurkeztu du Bilbon, kazetariekin egindako gosariaren bueltan. Bertan, 2022ak euskararen normalizazioan eta hizkuntza-politiken arloan emandakoa aztertu eta 2023ko erronkak eta bideorria aurkeztu dituzte Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusi berriak eta Paul Bilbao aurreko idazkari nagusiak.

Urte berrirako bideorria

Aurkezpenean, Idurre Eskisabelek 2022ak utzitako irakaspenak, egitekoak eta erronkak zerrendatu ditu, eta Kontseiluaren aurtengo jarduna bi lan lerro nagusitan laburbildu du. Batetik, jada abian diren egitasmo eta dinamika zehatzen lanketan segitzea. Esate baterako, EAEri dagokionean, «Hezkuntza legean edota administrazioan euskararen erabilera arautzeko dekretuan eragitea, ezagutzaren unibertsalizaziorako egiazko tresna eta euskaldunentzako eremu egiaz eroso izan daitezen». Nafarroan, berriz, «ofizialtasunaren aldarrikapena ardatzean jartzea, administrazioan euskara aintzat har dadin bermatzea edota hezkuntzako PAI ereduaren bidez euskarak eta euskal hiztunek jasaten duten bazterkeria etetea» azpimarratu du. Eta Ipar Euskal Herrian ere lagatako etxeko lanak aipatu ditu, besteak beste, «ikasleek bigarren ziklo amaierako eta batxiler bukaerako azterketak euskaraz egin ezinik jarraitzen dutelako, eta hezkuntzako murgiltze eredua zabaltzeko eta sendotzeko eragozpenak handiak direlako».

Hauetaz gain, bigarren lan lerroa ere nabarmendu du, urgentziakoa: euskararen kontrako oldarraldi judizialari aurre egitea. Irun, Laudio, Barakaldo eta beste hainbat tokitako sententzien harira, Eskisabelek oso larritzat jo du botere judizialak hizkuntza-politiketan esku hartzea eta baldintzatzea, hau da, auzitegietatik politika egitea: «Herritarron eskubide murrizketei aurre egiteko dinamika bat prestatzeari ekingo diogu, batasunetik eta adostasun zabaletatik erantzuteko».

Euskalgintzatik haragoko adostasunak erronka

Jarraian, Kontseiluko idazkari nagusiak 2023rako aurreikusitako erronken berri eman du. Horrela, aitortu du Batuz Aldatu adostasun sozialean sakondu eta euskalgintzatik kanpoko gero eta eragile gehiagotara jotzea izango dela aurrera begira eginkizun handienetako bat. Zentzu horretan, lehentasun gisa jo du beren burua euskalgintzatik eta euskaratik aparte xamar ikusten duten eragile eta norbanakoei «azaltzea euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua zer den eta nola lotzen den kohesio eta justizia sozialarekin. Eta, nola ez, haiei entzutea eta adostasun puntuak bilatzea eta lantzea. Orain arteko esperientziak erakutsi digu uste duguna baino handiagoak direla».

«Adostasunak», gaineratu du Eskisabelek, «ez dira berez eta kasualitatez sortzen, baizik eta landu eta josi egiten dira. Eta adostasun horien oinarria izan behar du ulertzea eta onartzea euskararen normalizazio eta biziberritzeaz ari garenean ez garela ari abstraktuan hizkuntza baten egoera edo iraupenaz, baizik eta milaka euskal herritarren oinarrizko eskubideetako batez ari garela».

«Ikusten ari gara mundu osoan gertatzen ari diren aldaketa ekonomiko, sozial, politiko eta kultural azeleratuek oso erronka zailak jarri dizkie gurea bezalako hizkuntza gutxituei. Hizkuntza nagusiak gero eta nagusiago dira, eta euskararen aldeko hautua egiteko gero eta erabakimen handiagoa behar da, hizkuntza-politika sendo eta irmoen bidez» aipatu du.

«Gero eta argiago ikusten ari gara orain arteko hizkuntza-politikak ez direla aski. Euskalgintza jabetuta dago erronka horietaz guztiez, eta desafio horiei aurre egiteko hizkuntza-politikan jauzi bat egiteko beharraz. Diskurtso eta praktika berriak ari da sortzen eta gauzatzen. Nabarmentzekoa da, euskararen normalizazioan irabazitakoa ez dela izango bakarrik euskaldun eta euskaltzaleentzat; aldiz, bizikidetzan eta berdintasunean sakontzea ekarriko du. Eta, azken buruan, demokraziaren sakontzean» adierazi du Kontseiluko idazkari nagusiak.

Egiturazko ekarpenak adostasuna oinarri

Ondoren, Paul Bilbaok hartu du hitza 2022ak emandakoaren laburpena egiteko, eta Batuz Aldatu dinamikaren baitan egindako urratsen garrantzia mahai gaineratu du. Batetik, EAEn hezkuntza legearen eztabaidaren baitan egindako lanketa azaldu du: «Euskalgintza gai izan gara beste auzi batzuetan desadostasun handiak dituzten eragileak proposamen zehatz baten inguruan biltzeko: euskarazko eredua orokortzea. Horrexegatik, berretsi behar dugu euskarari dagokionez, ez dagoela gurea baino adostasun sozial handiagorik, eta ezin dela legetik kanpo utzi». Horrekin batera, EAEn administrazioa euskalduntzeko dekretuaren baitan ere, gehiengo sindikalarekin proposamen pragmatiko eta egingarria aurkeztu zen: «Erakutsi dugu, borondatea egonez gero, hamabost urtean administrazioa euskaldundu daitekeela. Kezkaz bizi dugu administrazioaren euskalduntzeari epemuga jarri ez izana» esan du.

Bestelakoetan, 2022a plazak eta kaleak hartzeko urtea izan dela azaldu du Bilbaok: «Herritarrek kaleak bete dituzte bidegabekeriak salatzeko Iruñean, Laudion, Bilbon, Tuteran, Baionan… Hamaika egunez Euskal Herria Korrika ibili zen hitzetatik ekintzetarako jauzia egin behar dela aldarrikatuz; Euskaraldian milaka ahobizi eta belarriprest izan dira beste behin» adierazi du.

Azkenik, Kontseiluko ordezkariak ere kezka agertu du botere judizialak jarraitu duelako hizkuntza-politika egiten, zertarako eta euskaldunon eskubideak are gehiago murritzeko: «Horri batasunetik erantzun beharko zaio urte honetan zehar» esan du.

Euskaratik urrun sentitzen direnekin hizkuntzaren auzia landuko ditu Kontseiluak Euskaratik urrun sentitzen direnekin hizkuntzaren auzia landuko ditu Kontseiluak Euskaratik urrun sentitzen direnekin hizkuntzaren auzia landuko ditu Kontseiluak Euskaratik urrun sentitzen direnekin hizkuntzaren auzia landuko ditu Kontseiluak Euskaratik urrun sentitzen direnekin hizkuntzaren auzia landuko ditu Kontseiluak

Euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeen eta eragileen bilgunea da Euskalgintzaren Kontseilua. 30 talde baino gehiagok osatzen dute, eta, batasunaren indarraz baliatuz, euskararen normalizazioa azkartzeko hizkuntza-politiketan eragitea du xede. Kontseilua sinetsita baitago euskara dela gizarte kohesionatu, justu, demokratiko eta berdinzaleago bat eraikitzeko tresna. Helburu hori jomuga hartuta ari da lanean 1998. urteaz geroztik.

17 pentsamendu “Euskaratik urrun sentitzen direnekin hizkuntzaren auzia landuko ditu Kontseiluak, kohesio eta justizia soziala ipar”-ri buruz

  • Estatu zapaltzaileei aurre egiteko adorerik ez dutenez (bestela errepresioa etorriko zaie. Hau bake prozesu hau!), ba holako ekimen zentzubakoak planteatzen dituzte. El Correo erakarriko dute euskarara? Guardia Zibilak? Etorkinak euskaltegira eramango dituzte dirulaguntza handiagoen truke?
    Benetan patetikoa da.

  • Kontseiluak eta enparauek hala moduko proposamenak eta politikak egiten dituzte, bai. Baina hemen dena da kexu eta kexu ibiltzea.
    Ea zuetako inork, iruzkingile maiteok, ematen duzuen konponbidea lortzeko behar diren benetako proposamenen txatal niminorik.
    Kexatzea erraza da, konponbidea bilatzea eta aurrera eramatea ez horrenbeste.
    Zangalatraba ibili behar baduzue, ezer aportatu barik, hobe zenukete ahoa itxita edukitzea, sasizibermilitante madarikatuok!

  • Mikel Haranburu 2023-01-25 10:53

    Eta Kontseilutik kanpo gaudenok eta enparauok ere proposamenik egin ez eta kexu eta kexu ibiltzen bagara, Rosario, berdin berdin egiten ari gara. Aurreko bi iruzkinek argi ilustratzen dute azken lauzpabost hamarkadan ezer gutxi aurreratu dugula.
    Zozoak beleari ipurbeltz.

  • Errosario, euscalginchak eta eusco jaurlachirlak hamarkadak daramate euskara “normaltzen”. Baina datuetara joz, argi ikusten da euskara atzera doala… Berriro diot euskara desagertzen ari da, eta Kontseiluak daraman lan ildoa amildegira garamatzan bide berbera da.
    Korrika, Euskaraldia, Ikastolen festak,… ez dira euskararen aldeko ekimenak, eta ez dute erabileran eragiten. Batzuek helburu ekonomikoa daukate, baina gehienak postureo hutsak dira. Estonia, Israel, Ukrainia,… milaka adibide dituzte minorizatutako hizkuntzak nola nagusitu behar diren… baina adorerik ez daukate. Euzkadi ondo doa

  • juan inazio hartsuaga 2023-01-25 19:57

    Ez dakit zein izango diren Kontseiluan esku artean darabiltzaten datuak, iragarri duten egitasmoari ekitea erabakitzeko, baina argitaratuta dauden datuei erreparatuta, euskaratik urrun sentitzen direnak helburutzat hartzearen egokitasuna ez dut oso garbi ikusten. Eta ez desiragarria ez litzatekelako, lorgarri izatea zalantzazkoa delako baizik. Izan ere, Euskaraldia jotzen badugu herri honetan aspaldi burutu den egitasmo euskaltzalerik zeharkakoen eta hobekien landutakotzat, eta egitasmo horren baitan, Belarripresten kopuruek izan duten bilakaera ikusten badugu, nabarmen baino nabarmenago ageri da norainokoa den euskararekiko ezaxola erdaldunen artean (eta baita euskaraz dakiten gehienen artean ere). Euskaraldiaren asmo aitortu gabea baldin bazen erdaldunen euskararekiko konplizitatea piztu, elikatu eta emendatzea, euskararen aldeko lege eta neurri politiko berriak abiatu ahal izateko boto-bilketa arriskuan jarri gabe, bistan da gizartearen zati horrek bizkar eman diola egitasmoari, eta nola bizkar eman gainera! Euskaraz ez dakitenen %1 inguruan dabil Belarripresten kopurua, euskalgintzak eta erakundeek elkarlanean sekulako ahalegina burutu ondoren. Nekez uler daiteke beraz Kontseilua bere bakardadean eta bere txikian lur antzu horretan ereiten tematzea, aurrez elkarlanean burututako mobilizazio eskergak hain emaitza antzua bildu duenean; eta bizi dugun garaiaren ezaugarriei erreparatuta, zilegi da errezeloa hartzea, eraginkor izateko helburua bazter utzita, zerbait egiten dela erakustea ez ote den bihurtu helburu berria.

  • Mikel Haranburu 2023-01-25 21:22

    Ildo beretik, neronek ez dakit ongi zertarako auzi hori landu, Euskaratik urrun sentitzen direnekin, Euskaratik hurbil sentitzen direnekin, landu agian bai, baina emaitza eskasa erdietsi delarik azken bost hamarkadan. Euskaratik hurbil sentitzen omen diren politikariekin, bikotekideekin, lagunekin, seme-alabekin…
    Kontraesan handiak pairatzen ditugu, eta ez dakigu, berriro ere, gurpil zorotik nola atera. Horra hor datuak, baina ez “erabilera” datuak soilik; bost hamarkada honetan sekulako ahaleginak egin ditugu, ekimenak ehunka, manifestazioak, erreibindikazioak… alferrik ez ote? Euskara, hizkuntza asuntu kolektiboa omen da, soilik ala?, eta administrazioek zeresan handia dute horretan. Legeak behar omen ditugu, eta administrazioetara doazen politikariak euskaldun izan daitezen eskatzen dugu. Kolektiboa izan bai, baina Euskara ikasteko, norberaren gaitasuna handitzeko, seme-alabak Euskaraz eskolatzeko eta belarriprest zein ahobizi izateko erabakia pertsonala da. Legeek ez dute erabakia gure partez hartuko.
    Kontseilua sortu zen garaian, Euskararen Unibertsoa definitzen hasi zen eguna; “Kaixo” soil bat esaten zuena ere Euskararen Unibertsokide omen zen. Euskaratik urrun sentitzen direnak bezainbeste. Eguna amaitzean, antolatua zen beste egitura bat, nazio mailakoa noski, nondik Kontseilua eratu baitzen laster. Jauzi ederra egin zen jardunaldi hartan. Antolakuntza, nazio mailan, baina “kaixo” ala “buenos días” esateko hautua pertsonala da, oraindik ere…
    Gure itsasontzi honetan, ura sartzen da eta arratoiak ere ihesi dabiltza; ez dut uste inor ontziratzeko asmo handirik izanen duenik, urrun zein hurbil sentituta ere.
    Ez badakigu geure jendea animatzen, ez bagara ohartzen Euskara biziberritzea euskaldunak biziberritzea besterik ez dela, eta Euskarak Herri mailako afera dela sinetsita jarraitzen badugu, jai dugu. Baina, beste tokitan ere esana dut nik, hizkuntza berreskuratzeko erabaki sendo eta irmoa ez dugu hartu, oraindik, ez Estonian, Israelen, Ukrainan edo Finlandian bezala behintzat. Erabaki hori, kolektibo bilakatuko dena, baina hasieran nahitanahiez pertsonala dena.
    Kontseiluaren bidea eta euskal gobernuena (bai, pluralean) zeinahi den, amildegira goazenak, euskaldunak gara, zeren eta “hizkuntza bat ez baita galtzen; hizkuntzak ordezkatu egiten dira”.

  • Semenogorri 2023-01-25 23:16

    Erabileraren datuak, azkenengo 20 urteko batezbestekoarena hor daude. Ez aurrera, ez atzera %16. Beraz, egonean, nahiz eta Eustatek EAEri dagokion biztanleriaren ezagutzaren %43 izan.
    D ereduan ikasitako gehienek ez dute erabiltzen, latinarekin gertatzen den bezala gertatzen da gaur egun euskararekin. Ez da euren hizkuntza, ikasleei aseptikoa zaie-eta. Izan ere, nortasunik gabe euskara irakasten dabiltza ezaxoladun maisu-maistra zein irakasleak.
    Administrazioarekin egindako hitzarmenek, euskaraldia dela-eta, ez dute inongo erabaki politikorik finkatzen, esaterako: funtzionarioek jatorrian sortzen dituzten dokumentuak espainieraz daude; euren artean espaineraz mintzatzen dira. Euskararekiko berme juridikorik ez da izatez.
    Administrazioan sartzeko azterketak aukeran egiten dituzte: espainieraz( gehiangoarena) eta euskaraz. Dena sortzez euskaraz egin beharrean.
    Era horretara ez dago zertzerik.
    Gaur egun euskarara hurbildu ez dena da nahi ez duelako. Bere erreferentziak ez ditu alboratuko, hots, bere mundu espainiarra edo frantsesa. Ez dauka zertan utzi, euren hizkuntzak boteredunak direnean.
    Hortaz, ez du balio erakartzeak, limurtzeak edo dena delako beste gozoki batek, ez dute nahi.
    Etorkinek hori guztia ikusita. Nork uste izango luke gurera erakarriko genituzkeela? Kokoloa izan behar da, gero!
    Gure esparruak sortu behar ditugu: enpresak, bankuak, auzoak … eta euren artean saretuz. Euskara hutsez arituko direnak. Hor egoteko ezinbestekoa euskara, bestela, zuzenean atea non dagoen erakutsi behar diegu. Hemendik 20 urteko noranzkoarekin zein ikuspegiaren bilakaerarekin.
    Adibideak: Israelen -deabrua izanda ere, beti zerbait ikasten da-, errepublika baltikoetan edo Ukrainan.
    Horretarako, hasiera batetik mikroan eta gero gerokoak.
    Baina, onkeriaz zulo beltzera baino ez gara joango, eta beti nazio mailako lurraldetasun luze-zabal osoz, Euskal Herria helburu!

  • Ba bai, gure egoeran edo gu baino okerrago zeuden hizkuntza batzuk beraien egoerari aurre egin eta buelta eman diote: Ukrainia, Letonia, Estonia, Kazakhstan, Finlandia, Israel, Txekiar Errepublika… Ez dira milaka baina ez dira gutxi ere ez. Egia da benetako aldaketa inperioetarik askatu direnean izan dela.

    Bestalde gutako askoren inkoerentzia eta hipokresiak ez du laguntzen. Orain dela gutxi Ikastolen Elkarteko lehendakaria den Koldo Tellituk erderaz idatzi du bere lehen liburua [Mi Yugoslavia…”] Arrazoia? “Kanporako proiekzioa” eman nahi ziola. Adibide hau, aipagarria den azken adibide bat da baina badaude horrelako asko eta arrazoi berdina ematen dutenak gainera, besteak beste euskal abertzale batzuen autobiografiak.

    Edo LABeko Ainhoa Etxaide eta bere bikotea Ainhoaren ilobarekin euskaraz hitz egin eta gero, bikotearekin erderaz barra-barra hitz egiten nahiz eta bere bikoteak euskara jakin… Edo ELAko buruzagi bat den Mikel Noval berdina egiten, alabarekin euskaraz eta alboko lagun euskaldunarekin erderaz…

    Edo Lekeitioko herri euskaldun peto-petoan Bilduko Maddalen Iriarte erdaraz hitz egiten, gero Teleberri agertuko delako eta hauteskundeak direnez erdaldunen botoak lortzeko ahaleginetan Lekeition espaiñola zabalduz. Eta hurrengo egunean EAJko gidaria den Andoni Ortuzar berdina egiten, español hutsean eta helburu berdinarekin…

    Hipokresia honi aurre egiten ez diogun.bitartean Jai daukagu.

  • Benat Castorene 2023-01-26 19:02

    “Egia da benetako aldaketa inperioetarik askatu direnean izan dela”
    Bai egia hutsa da. Baina juduentzat behintzat prozezua hasi zen inperiotik oraindik askatua ez zirelarik, orobat kolonisatzaileak ( ez banaiz makur) eta Palestinako populazio arabiarra kontra zituztela.

  • Jakina Beñat. Horregatik idatzi dut bigarren zatia gure (edo euskaldun askoren) kontraesan eta askotan hipokrisiari buruz. Gainera euskaldun batzuk nahiko ezagunak goian aipatu dudan moduan. Ondo segi!

  • Mikel Haranburu 2023-01-26 23:03

    Aitorrek azaltzen dituenak hor daude, eta horiek bezalakoak milaka. Alabaina, uste dut horiek nolabait esan “behe mailako” huts egiteak direla. Horiek ez dute hizkuntzaren berreskurapen dinamika (halakorik gertatzen denean) zapuztuko. Goragoko maila batean, HASI (oker ez banaiz) alderdiak militante guztiak euskaldundu beharra erabaki, eta geroago atzera egin zuen. Txillardegi zenak deskalifikazio itzela pairatu zuen horren salaketa egin zuenean (“goardia zibil” deitu zion abertzale batek prentsan suertatu zen polemikan…). Ez dago talde politikorik inon, esaterako, bere ordezkari pare bat behintzat beti eta toki orotan soilik Euskaraz eginen dutenak… ETAk bai, erabaki zuen militanteek Euskaraz ikasi behar zutela, jakin ez bazekiten, eta halaxe egin bide zuten.
    Legebiltzarretan ere ez dago alderdietan erabateko jokaerarik (norbaitek) beti Euskaraz egin dezan, adibidez.
    Aitorrek aipatutakoei hauek gehitu, eta… nolatan nahi dugu gero “Euskaratik urrun sentitzen direnak hurbilago senti daitezen, bertakook, edonola sentituta ere, gure hizkuntza Gaztelaniaz ordezkatzen badute?
    Bitartean, segi diagnosiak egiten, beste hari batean Euskaltzaindiak ekin dion gogoeta bidearen inguruan Jon Sarasuak azaldu duenez. Bihar bertan, Iruñeko Tres Reyes hotelean jardunaldia eginen da, “Foru Hobekuntzaren” Legeak 40 urte eta ea nola bizi den Euskara anderea, Euskarabideak antolatua. Ederki, jakingarriak azalduko dira, baina berdin azaldu ziren orain 40 urte… eta hemen gaude gu: erabilera etengabe aztertuz, edo eskola eta ikastolaren zereginari buruz eztabaidan, non eskola eta ikastola horietatik bizpahiru belaunaldi jadanik iragan direlarik…
    Eskala handiko erreakzio egitura aldarrikatzen du Sasasuak… eskala handikoa behar luke, bai, baldin eta horren alde jendetza handia mugituko balitz. Baina, zenbat hamarkada iragan behar dugu hori egiterako?
    Sarritan, zalantza handia dut: ea jarraitu behar dugun enpeinatuta gizarte osoa benetan “Euskararen alde” jarrarazten, eskala handian, ala onartu behar dugu gutxi garela eta geuretzat lan egin behar dugun, eskala txikian, geurean… haustura lekarke horrek… Bilbon “Zenbat gara” deitu zuten Euskara elkartea… oraindik zenbat garen ez baitakigu…

  • Mikel Haranburu 2023-01-26 23:06

    2022-11-23 (Kike Amonarrizen txio batetik:)
    ‘Gaur 40 urte “Euskara eta alderdi politikoak” mahai-ingurua Tolosan (Joseba Barriola LKI, Jesus Egiguren PSOE, Inazio Agirre HB, Ramon Etxezarreta EE, Kike Amonarriz bera moderatzaile’.

  • Benat Castorene 2023-01-27 06:56

    Egun on Mikel
    Zure azken esaldian zer zentzutan diozu “… haustura lekarke horrek…”?
    Haustura bat orai artinoko gure pentsatzeko maneran? ala hastura gizartean, hau da herriko jendeen arteko zatiketa?

  • Mikel Haranburu 2023-01-27 19:48

    Gizartean (gizarteetan…). Esate baterako, uste dut Ezker Abertzaleko erakundeetan halako beldur bat badela; hautagaiak izendatzeko orduan, euskaldun izatea ezinbestekoa balitz, balio handiko pertsonak kanpo geratuko lirateke. Edo eta, erakunde horiek beren barne funtzionamendua Euskaraz eginen balute, ezinezkoa litzateke egungo ekarpen dinamikari eustea.
    Beste alor batzutan, gizartearen baitako ekimen asko “eliteentzat” gordeko lirateke, eta egunerokoan, hainbat jardunetan euskaldunon getoak sortuko lirateke… Baina ez zait bururatzen beste modurik Euskaraz osotasun batez bizi ahal izateko, ez bada Euskarazko Komunitate bat sortzea… Gauza izanen al ginateke hori guztia formulatzeko, nolabait diseinatzeko eta gero hari eusteko eta gizatasunez kudeatzeko? Zalantzak ugari…

  • Benat Castorene 2023-01-27 21:43

    Ba, nik ere zalantzak ditut eta nork ez luke izango? Alta gero ta argiago agertzen da sumatzen duzun gizartearen baitako haustura hori bai populazioan bai erakunde politikoetan ez bada gertatzen erran nahiko duela guk diogula euskaltasunaren helburuari uko egin haustura ekiditeko. .
    Diozularik:
    “hautagaiak izendatzeko orduan, euskaldun izatea ezinbestekoa balitz, balio handiko pertsonak kanpo geratuko lirateke” nola debru gaur egun eta EAEn bederen euskaraz ez dakien ezker abertzaleko balio handiko hautagai bat abertzale izan litekeen? Karraskan ikasten ari izan beharko luke bederen. Bestenaz bere burua lotsagabea sentitu beharko luke. Ez ote?
    Zer gerorako sinesgarritasuna eman boterera iristeko euskara bigarren mailan jartzen dutenei? Boterera eta, ez ote dute berdin eginen boterean irauteko?
    Horregatik bigarren zentzuan gure pentsatzeko maneran ere, haustura bat egiten ikasi beharko dugu
    Adeitasunez

  • Mikel Haranburu 2023-01-27 23:53

    Bai, bai, ni ados nago horrekin, hots, ezein abertzale, hala bada, lehenengo eginbehar dukeela Euskaraz ongi ikasi, eta ikasita gero, ahalik eta gaitasun edo trebezia handiagoa eskuratu. Dena dela, adibidetzat aipatu dut ezker abertzalea, hain zuzen, kontraesan nabarmenena hor ikusten delako.
    Gainera, nire inguruan behintzat, sumatzen dut halako utzikeria bat… nolaz eta abertzaleek aski balute bezala abertzale izatea, oraindanik eta hil artean…, baina garaipenak, garaipen politikoak lotsa gisako zerbait emanen balie bezala. Eta hizkuntzaren kasuan, kontzienteki ala ez, berdintsu, zeren eta haustura litekeen zer hori bezala, Euskara berreskuratzeak, edo Euskara berreskuratzeko erabakia hartzeak, sekulako ahaleginak eskatuko bailituzke gero, sozialak, kulturalak, politikoak, eta ekonomikoak ere. Uste dut ez gaudela prest horrek eskatzen dituen mota orotako “inbertsioak” egiteko prestaturik, “konfort gunetik ateratzea” esango luke modernoak.
    Inbertsio direlako horietan sarturik, jakina, goian aipatu haustura, zein maila pertsonalera iritsiko bailitzatekeen (kirol talde separatuak, talde batean ezin sartua, festetan gune desberdinak, familia barneko kontuak…).

  • Benat Castorene 2023-01-28 08:32

    Haustura ez litzateke bakarrik maila pertsonalean pentsatu behar.
    Hipotesia bat litzateke euskaldun egon nahi dutenek hainbat komunitate propio eta federatu era dezaten bizitzeko et lan egiteko beste komunitatetik aparte baina horrekiko harreman baketsuan. Gure aldetik behintzat. Bistakoa da hasiera batean arazo ugari sor litezkeela baina azken finean, luzara, euskaltasuna salbatzeko soluzio gutien krudela izan liteke denentzat. Iparraldean, behintzat, ez ez dut beste aterabide arrazoigarririk ikusten. Ni prest naiz beste proposamen serio bat entzun eta aztertzeko.
    Adeitasunez.