Camus, Iruña-Veleia eta katedradunaren hitza

Camus, Iruña-Veleia eta katedradunaren hitza –

Ezaguna da Angel Viñas historialariak egindako lana 1936-39 gerraren inguruko interpretatzioetan mitoak eta Historia bereizteko. Gai horretaz Infolibre egunkarian urtarrilaren 20an Albert Camus frantziarrak entsegu batean idatzirikoa dakar (berak itzulita): “…Hace ahora veinte años que los hombres de mi generación llevan a España en su corazón (…) Por ella conocieron por vez primera el sabor de la derrota; descubrieron, con una sorpresa de la que apenas si se han repuesto, que cabía tener razón y sin embargo ser vencidos, que la fuerza podía dominar el espíritu y que se dan casos en los que el valor no tiene recompensa. Sin duda es esto lo que explica que tantos y tantos hombres en el mundo entero hayan sentido el drama español como una tragedia personal…”. Nire ustez, gogoeta interesgarria eta, batera, inozoa dugu, errealitatetik aldenduta. Izan ere, porrota nekez sentitzen da gizartearen goiko aldetik begiztatuta, eta hortik idazlearen harridura. Egia esan, hor Camus-ek deskribatzen duena ez da porrotak dakarren galtze bitxia, familia memorian gizaki arruntek aspalditik gordeta dutena baizik. Gertaera historikoen inguruan bi ikuspegi kontrajarri baitaude, gizartean ondo kokatuta daudenena eta herritar gehiengoarena. Eta bizipen kontrajarri hauek aitzakia izan daitezke Iruña-Veleiako ostraken inguruan goiko batzuek eta beheko batzuek dauzkagun ikuspegiaz hausnarketa egiteko. Kontua da arrazoia korapilatsua eta tematia dela: dena behin eta berriz datu objektiboetan oinarritu nahi du.

Camus, Iruña-Veleia eta katedradunaren hitza

Goikoari esker jakin genuen Iruña-Veleiako ostrakak faltsuak direla, ez baita posible euskaraz Erromatar Inperioan idaztea eta hurrengo mendeetan ordea ez (hots, ohitura galdu izana). Modu berean, esan digu hori ez dela oztopoa 300 urte zaharragoa den Irulegiko epigrafea egiazkotzat emateko, nahiz eta azalpenik gabeko denbora tartea 500 urte gehiago luzatu (hain zuzen, Erromatar Inperio osoa).

Goikoari esker jakin genuen Iruña-Veleiako ostrakak faltsuak direla, ez baita posible alfabeto latinoa erabiltzea garai hartan euskaraz idazteko (aurretik bateratze prozesua behar omen da) , nahiz eta inguruko hizkuntza guztiek erabili zuten (keltiberoa, kelta eta iberiarra, bateratze prozesutik gabe, antza). Modu berean, esan digu iberiar alfabeto zaharragoa erabiltzeagatik ez dago arazorik Irulegiko epigrafea ontzat emateko. Nahiz eta haren kide akademikoak esan euskaroa eta iberiarra ez zirela auzokideak eta ez zirela Antzinaroan harremanetan (eta, beraz, ezinezkoa zen alfabeto baten mailegua).

Goikoari esker jakin genuen Iruña-Veleiako ostrakak faltsuak direla, ez baita agertzen hain esanguratsua den aspiraziorik testuetan. Modu berean, esan digu Irulegiko epigrafean h-rik ez agertzea ez dela arazoa ontzat emateko, bi kasuetan egoera bera bada ere.

Goikoari esker jakin genuen Iruña-Veleiako ostrakak faltsuak direla, deigarriegiak direlako, esate baterako, Kalbarioa, epaiketan ikertzaile independienteek frogatu bazuten ere ez zela RIP-ik agertzen (eta epaileak onartu zuena).

Goikoari esker jakin genuen Iruña-Veleiako ostrakak faltsuak direla, ez baita ergatiborik agertzen testuetan. Modu berean, esan digu Irulegiko epigrafean ergatibo-rik ez agertzea ez dela arazoa ontzat emateko (auskalo garai hartan zegoen ala ez), egoera aurrekoaren berdina izanda ere.

Goikoari esker jakin genuen Iruña-Veleiako ostrakak faltsuak direla, Iruña-Veleiako arkeologo zuzendariak txarrak eta gure etsaiak direlako eta Irulegikoak, ordea, onak eta gure lagunak. Nahiz eta txarren eta onen bitarteko banaketa hori etikaren aldetik onartezina den.

Goikoari esker jakin genuen Iruña-Veleiako ostrakak faltsuak direla, 2005-2006ko ekitaldi arkeologikoak baliorik gabekoak izan baitziren, nahiz eta bera arkeologoa ez izan eta hori frogatzeko ekintza arkeologikorik egin ez izana. Modu berean, esan digu Irulegiko epigrafea aurkitzeko orduan lehen mailako indusketa arkeologikoak egin direla, nahiz eta arkeologo independienterik hori balioztatu ez izana. Beraz, horrelako sailkapen interesatu bat egiteko orduan, frogarik ez egotekotan ulertzen dut arlo horretan konfiantza kontua dela, edo konfiantza eza, katedradunak diagnosia plazaratzeko orduan erabiltzen duen metodo zientifikoaren oinarria.

Goikoari esker jakin genuen Iruña-Veleiako ostrakak faltsuak direla, garai hartan euskaraz idazkiak agertzeko probabilitaterik ez dagoelako, horiek barregarriak eta ezinezkoak izanik. Modu berean, esan digu Irulegiko epigrafea ontzat emateko ez dagoela arazorik, probabilitate horiek askoz barregarriago eta ezinezkoagoak diren arren (300 urte zaharragoa baita).

Goikoari esker, UPVren eta arloko kide akademikoen laguntzarekin, ikusi dugu ez dela posible artikulu zientifikorik argitaratzea Iruña-Veleiako ostrakak benetakoak direla azaltzeko, Iruña-Veleiako ostrakon batzuk benetakoak direla frogatuta badago ere (euskara zaharrez eta kristautasunaz, besteak beste). Ezta goikoen zentzugabeko diagnosiei arrazoizko erantzunak ematea ere.

Behekoek gizarteratu nahi dugu eztabaida zientifikoa ukatzea eta oztopatzea ez dela bidezkoa, eta ekintza horiek egiteak argitzen du zein maila duten horren atzean dauden ikerlariak, goikoan badaude ere. Gainera, eztabaida zientifikoa ezkutatzea eta oztopatzeak frogatzen du faltsukeriaren aldeko diagnostikoak ez daukala ez hanka ez bururik. Bestela, hori defendatzen dutenek eztabaida zientifikoa bultzatuko lukete (hain litzateke erraza kontrakoak -gu- balizko argudioen bidez ezer ezean uztea) eta, batera, komunitate zientifikoa aberastuko ere bai.

Arazo larriagoa izan daiteke elitekoek guztia kontrolpean dutela pentsatzea (hori bai, ezkutu-ezkutuan gorderik). Ahaztu egiten dute gaurko arrakasta etorkizuneko porrota izan daitekela. Egia esan, balantzaren bi platera daude. Batean, lasaitasuna dugu, informazioaren kontrola, katedradunak arrazoia daukala frogatzen omen duen bertsio bakarra. Honek iraupen mugatua du, ibilbide profesionala eta pertsonala ziurtatzera murrizten baita.

Beste plateran, lotsagabekeria, baliorik gabeko ikerketa bat, zientzian erabili behar ez den metodologia desegokia, eztabaida zientifikorik gabeko egoera dugu. Azken hau, tamalez, denbora mugarik gabekoa da, eta per secula seculorum eredu zientifiko arbuiagarriaren lagina izango da.

Behekoek zail zaila ikusten dugu katedratik irakasleren bat jaistea, are gehiago jakinda katedradunak aspaldian plater okerra elikatu zuela. Baina katedraduna -puztua izanda ere- pertsona da, batera. Beraz, berak sortutako mina, gero eta sakonagoa izanda ere, zendu arte, sendatzen hasteko denbora izango du. Bakarrik sen ona eta nahia behar dira, aferaren irtenbidea bilatuz gero. Gu horren esperoan gaude, itxaropena baita behekoek galtzen dugun azken gauza (edo agian gure ondare pertsonal osoa). Gainera, horretarako, gizatasuna eta etika profesionala besterik ez da erabili behar, eta guztiok, goikoek zein behekoek, dugu eskura.

Bestela, bakarrik geratuko da bigarren platera, bapo beteta, eta haren ondorio zuzena, izen ona betiko galtzea. Hala bedi.

Camus, Iruña-Veleia eta katedradunaren hitza Camus, Iruña-Veleia eta katedradunaren hitza Camus, Iruña-Veleia eta katedradunaren hitza Camus, Iruña-Veleia eta katedradunaren hitza Camus, Iruña-Veleia eta katedradunaren hitza Camus, Iruña-Veleia eta katedradunaren hitza Camus, Iruña-Veleia eta katedradunaren hitza

Geografia eta Historian doktore

25 pentsamendu “Camus, Iruña-Veleia eta katedradunaren hitza”-ri buruz

  • Antton Erkizia 2023-01-24 16:26

    Baina katedraduna…persona da. Beraz, berak sortutako mina, gero eta sakonagoa izanda ere, zendu arte, sendatzen hasteko denbora izango du.

    Denok amestu dugu, neuk behintzat bai, amets, Iruña Veleian egindako oker gaitza sendatzen hasteko ordua dela. Zendu arte garaiz gaude… baina…nahiz eta itxaropena gure ondare pertsonal osoa izan, itxaropena ez dela “beti” betetzen badakigu, okerren zuzenketarako sen ona eta nahia “beti” ez direla ematen.

    Agian, agian, Irulegiko Eskuak esku bat ematen digu? Esku bat, aukera, aitzakia gauzak (eta bizitzan egoteko moduak) berrikusi eta ber-bideratzen hasteko.
    Zeren, Irulegik esku bat eman digu baskoiera zahar bat Kristo aurretik ere gurean izan bazela ikustarazteko.
    Eta gainera, hor ageri den baskoiera zahar hori ez dela guk uste genuen eta espero genekazen euskara, haratx, iberieratik uste baino hurbilago, horra bada !!
    Agian, Isidoro Sevillakoak arrazoia zuen, zionean Tubal (Noeren seme biblikoa) Baskoniara iritsi zela lehendik eta hemendik “populatu” zuela Iberia osoa.
    Haratx, hori hala balitz, Espainiako edo Euskal Selekzioaren arteko borrokak bukatutzat eman beharko?
    Haratx, gora Iberia batua, haundia eta askatuta?
    Orain denak gara Iberia?
    Orain “gaude denok anai”?
    Amets.

  • Amonamantangorri 2023-01-25 13:59

    Badoa tontoa bide batetik, bidea bukatuta ere tontoak segitzen du.

    Esaterako, tonto horietako baten profila izan daiteke bere jakintza akademikoan deus gutxi lortu duen pertsona bat, edo erdietsi apurrengatik aitortza sozial eskasa jaso duena; ikasturte oroz gaitegi berberak irakatsiz bizi dena neska-mutil ezaxolei, instituzioarekin erretxindua…

    Gertatu da iruzur arkeologiko bat, nola izan baitira mordoa arkeologiaren historian zehar, eta profil horretako pertsona batzuek aitzakia ikusi dute beraien frustrazioa azaleratzeko. Eta bakarren batek ere polemika baliatu du bere liburu infumableak eta hipotesi linguistiko barregarriak hedabideetan defendatzeko.

  • Hipotesi linguistiko barregarrienak Gasteizko euskal filologiako fakultatean ekoizten dira: zenbakien jatorriaren hipotesia, Veleiako euskal ostrakei buruzko txosten ofizialak, latina ez dakiten euskaltzain katedradunen hipotesi etimologikoak, edozein euskal produktu literarioen gaineko ” ikerketa” zentzunbakoak, euskararen historiari buruzko teoriak, zeltiar hizkuntzarik jakin gabe toponimoen gaineko hipotesi kafkianoak….
    Eta zer esanik ez, ezer ulertu gabe aprobatu behar duten ikasleen sufrimendu sikologikoa…

  • Antton Erkizia 2023-01-25 19:21

    Badoa tontoa bide batetik, bidea bukatuta ere tontoak segitzen du.

    Horixe eta bera, Amonamantangorri, horixe bera esaten ari zaizu Gorrotxategi (Xabier) bere artikuluan: bidea bukatuta dela eta bide okerrak zuzentzen hasteko ordua dela. Eta garaiz dela katedraduna horretan hasteko.

    Baina esaiozu, Amonatxo, ahalbait gaur bertan, ez baigaude betirako, esaiozu, hemen ke-saltzaileen erretolikan astirik galtzen ari gabe, besteak gutxietsiz. Zer uste duzu bada? Besteak hankapean hartuta, uste duzu, horrela, horrek, zu haundiago egiten zaituela ?

  • Iruña-Veleiarekin segitzen al dugu oraindik?
    Ze puntutan dituzue eskaerak? “Arkeometria” frogen eskaeran geratu nintzen ni, zerbait aurreratu al duzue?

  • Arabako Diputazioak ukatu egin du proposatutako ikerketa. Ezta eskaerari erantzuna ematea ere, nahiz eta elkarrizketa batean ziurtatu erantzuna emango zutela.
    Xabier

  • Antton Erkizia 2023-01-26 12:38

    Zeren beldur dira bada? Azterketa arkeometrikoak ukatzen badituzte, zerbaiten beldur direlako izango da, doike. Zuk ba al dakizu, Ba ote!, zeren beldur ote diren?

  • Amonamantangorri 2023-01-26 12:45

    Egin dezakezue, adibidez, EHUko mafia kolonial-autofago-mefistofelikoari zeuon lan-hipotesi hobeak kontrajarri eta argitaratu. Ez sarean debalde eskegita, hori edonork egiten du eta, baizik pareka ebaluaturik, aldizkari zientifiko batean.

    Hori lan handia da, jakina. Ez duzue egingo. Ezinbestean, konspirazio-teoriak zabalduz konpentsatu behar duzue zuen maila intelektual eskasa, ezin disimulatu zeuok baino askoz ere ospe eta aitortza profesional handiagoa lortu dutenekiko bekaitza eta amorrua. Ezin besterik egin.

  • Mantagorri: maila intelektual eskasa ” euskal akademiarena” da. Euskaltzaindiaren eta Euskal Filologiako fakultatearen ekoizpena hutsaren hurrengoa da. OE Hiztegian ere egin dituzten iruzkinak irakurtzea besterik ez da egin behar aurreiritzi hispanofiloz fanatizatuta daudela ohartzeko. Eta hortik aparte zer egin dute? Patxi Zabaleta kenduta badago zerbait ganorezkorik idatzi duen euskaltzinik? Euskararen historia baino liburu negargarriagorik idatzi al da inoiz? Euskeraz etorri minimo batekin hitzegiten duen euskaltzainik ez dut ezagutzen.
    Gure nazka ez duzu ondo ulertzen, Mantagorri. Gauza da akademia ofizial horren mediokritatea euskaldunondako eten bako irain bat dela. Funtsean estatu españolaren babesarekin bizi dira, baina euskaldunen artean ez daukate inolako itzalik.

  • Antton Erkizia 2023-01-26 20:50

    Erramun, diozun horrek ez du ez buru eta ez buztanik, ez edukian, ezta formetan ere, nire irudikoz.

    Iruña-Veleiari buruz ematen den egoera garratza aprobetxatzen duzu Euskaltzaindia tartean sartzeko eta honela zure gustura hari adarkaka aritzeko, bestetako xexen ero baten moduan.
    Ez, alajinkoa !!!

  • Erkizia: Akademiaren barruan Euskaltzaindia eta Euskal Filologia sartzen dira. Euskaltzaindia ez da gauza izan bere kidea den Lakarraren informeak behar bezala ebaluati eta ondorioztatzeko eskasak zirela. Txosten absurdo eta antizientifiko hori salatzen ez ausartu. Zergatik? Edo koldarrak dira edo ez daukate maila zientifikoa txosten horretan isurtzen diren zentzunbakokeriaz ohartzeko. Edo biak batera. Euskaltzaindiak ez du inolako errespeturik merezi. Eta eural ere Veleiako egoera garratz horren erantzuleak dira. Adarkada? Eurak ari dira adarkada euskaldunon aurka

  • Antton, ez dakit zeren beldur diren, eta zalantza egiten dut baten bat beldurturik dabilen. Baina bueno, zuk badiozu beldurtuta daudela, hala egongo dira.
    Piezak benetakoak direla baldin badakigu, eta denok dakigu hori, arkeometria zertarako baliatu nahi duzuen argitzerik bai? Zer neurtu nahi duzue? Nola neurtzen da arrakala bat? Margoa edo materialen bat balego, ados, neurgarria da hori, baina arrakalak, puntzoi batekin utzitako arrastoaren adina, nola neurtzen da? Zein arkeometria frogak argitzen du hori? Nik ez dut ezagutzen halako frogarik. Izena baldin badakizue, esan mesedez. Zein da egin nahi den arkeometria?
    Arkeometriarekin dokumentu arkeologikoen adina neurtzen da, materialeena. Piezen adina badakigu, indusketa egoki egin baitzen (Ed Harrisek esana). III-V mendeen artekoak dira pieza guzti guztiak. Eta arkeometriak hori neurtzen du. Zertarako neurtu jada badakiguna?
    Orain, benetako pieza horien gainean egin ziren marrak noiz eginak diren… Nik ez dut hori argitzen duen arkeometria frogarik ezagutzen.
    Arkeometria frogek ez dutela argi berririk ekarriko badakit. Frogak egin nahi badituzue, zuen diruekin egin. 3 milioi euro publiko joan dira iruzur honetan. Nahikoak, eta gehiegi.

  • Benat Castorene 2023-01-27 10:30

    Egun on bioi
    Barkatu parte hartzea gomitatua izan gabe. Baina ni ere historio horrek xifrikatzen nau.
    Ba ote erraiten duzu:
    “Nik ez dut hori argitzen duen arkeometria frogarik ezagutzen.”
    Horitxe da justu nik jakin nukeena. Bada? ala ez da?
    Zeren gero nola esan dezakezu :
    “Arkeometria frogek ez dutela argi berririk ekarriko badakit ” zuk esan bezala horretarako arkeometriarik ez badago?
    Ez ote da kontraesan bezalako zerbait ?

  • Antton Erkizia 2023-01-27 15:54

    Arkeometria frogarik…bada ala ez da?

    Grafitoak, errekatxoak, “zikinkeriaz” beteta daude.
    Madariagak kimioak dionez, lurraz eta oxidoz beteta (surcos con…“tierra y carbonato de calcio y oxihidróxido de hierro”).

    Edonork begira dezake nola osa ei diren karaitz karbonatoak, kaltzita (CaCO3) pikor horiek zein oxidazio prozesuen ondorioak diren.
    Kaltzifikazio horiek zaharrak edo oso zaharrak edo berriak edo atzokoak diren edozein laborategik azter dezake.
    Eta horratx “arkeometria” oinarrizkoa, hori ere arkeo-metria baida, arkeo-neurketak, zientzia arkeometrikoak…
    Arrakala edo/eta grafito ildoetan dauden kaltzifikazioak neurtu ondoren, aspaldiko kaltzifikazioak aurkituko balira, berriak ezin izan grafitoen errekatxoak.
    Ulertzen, ez da?
    https://geostraka.eu/listing/13368-sector-6-recinto-8-ue-6076/?lang=eu
    Hara, azterketa arkeometriko erraz batekin, lehen hipotesi aukeraketa oinarrizkoa egin dezakegu (eta agian, gizon baten askatasuna lortu).
    Zergatik ez dira oinarrizko neurketa horiek egin? Zergatik ez dira egin nahi izan? Agian, agian (galdera da) Gil-en kontrako akusazioa hankaz gora eroriko litzatekelako?
    (Galdera da, badaezpada ere).

  • Benat Castorene 2023-01-27 16:45

    Beraz, Ba oteren aurrean eta Anttonen kontrolpean berformulatuko dut:
    Grabaketen hondoko zikinkeria kimikoak analisatuz ikus daiteke biziki aspaldi osatu diren ala berrikitan. Hortik ondorio daiteke grabaketak berak noizkoak diren.
    Ni bezalako neofito batentzat ere sinple dirudi.
    Beste galdera bat:
    Ba ote da lan horretan esperientzia duen enpresa serio baten presupuestorik?

  • Antton Erkizia 2023-01-28 12:39

    Ba ote da lan horretan esperientzia duen enpresa serio baten presupuestorik? (Benat Castorenek).

    Bai.
    Duela hamar urte edo gehio, SOS Iruña-Veleia Elkarteak orduko Kultur Diputatuari dokumentu zehatza aurkeztu zion. Dokumentu horretan Londreseko Laborategi batek (izenik ez dakit, buruz ari naiz) bere gain hartzen zuen datatze lana eta 10 pieza aztertzeko aurrekontu bat egin zuen.
    Burutan dut, ordukoz, SOS Elkartea konprometitu zela diru ordainketa bere gain hartzera.

    Hurbilego ere, izan badaude. Atapuercako azterketa haundienak Burgos-eko laborategi batean egin ei dira.

    Baina aukerarik izan da gurean bertan egin ahal izateko…
    Haratx, Euskal Unibertsitatea, ZTF / FCT, Zientzia eta Teknologia fakultatea, Kimika Analitikoa.
    Hortxe izan zituen Madariagak bipahiru urtetan bere esku Iruña Veleiako ostraka batzuk. Madariagak berak ikusten zuenez: “presencia mayoritaria de carbonato cálcico en los surcos”. Doike, kaltzifikazioen tripak eta azpildurak nahieran aztertzeko aukera eta astia izan zuten.
    Egin ote zituzten etxeko lanak? Madariaga katedraduna da kimika analitikoan eta ekipo osoa izan zuen bere agindutara. Zer aztertu eta zer ikusi ote zuten?
    Ez dakigu.
    Epaileak, bere epaian, zera dio: “…resultando cuando menos extraño que el Sr. Madariaga…después no entregue un informe detallado de cada pieza analizada”. (Epaia: 147 orrialdean).

  • Benat Castorene 2023-01-29 08:34

    Egun on Ba ote
    Anttonek dio:
    “Londreseko Laborategi batek […] zuen datatze lana eta 10 pieza aztertzeko aurrekontu bat egin zuen.
    Burutan dut, ordukoz, SOS Elkartea konprometitu zela diru ordainketa bere gain hartzera”.
    Bi baieztapen hauek ontestatzen dituzu? ala ez?
    Zeren, ez baditutzu kontestatzen, norbaitek ez ote du ordea aipatzen ditutzun “[…]3 milioi euro publiko […]” horiek aurrezteko aukera eder bat huts egin eta denbora berean oraindik jarraitzen duen drama hau hasieratik ekiditeko ere. Eta zentzu batean edo bestean. Egia ezin baita kaltegarriagoa izan eztabaida hau baino.
    Igande on guzioi

  • Antton:
    Eskertzen dizut erantzuna, kaltzitaren adina da neurtu nahi duzuena. Ados gaude ezinezkoa dela trazu zaharrak kaltzita berriagoaren gainetik agertzea, ezta? Orduan, kaltzitaren gainetik trazuren bat badago, onartuko duzue faltsuak direla?
    Jarri duzun estekako piezara joz https://geostraka.eu/listing/13368-sector-6-recinto-8-ue-6076/?lang=eu :
    Begira bigarren lerroko azken letrak, I horrek, goiko aldean, argi eta garbi, kostra apurtu eta beheko materiala airean nola uzten duen. Trazua bera ebidentea da, kaltzitaren gainetik.
    Ikus baita ere, azken lerroko azken trazuak, ezkerretik eskubira doan diagonal horrek, zeinen argi apurtzen duen kaltzita kostra.
    Azken lerroko lehen trazuek ere, klatzita kostraren jarraikortasuna apurtzen dute, V horren lehen trazuko bi aldeetan dagoena.
    Benetan, dirua xahutu nahi duzue horrelako iruzur baldarrean? Ados, zuen diruak. 3 milioi euro publiko gastatu ditugu honetan. Nahikoa, eta gehiegi.

  • Ba ote!:
    Zuk esaten diguzu faltsifikatzaileak zeramika puska bat hartu zuela. Zeramikaren gainazal osotik geruza karbonatikoa hedatzen zen arren (lana zailduz) horrelako geruzarik gabeko zeramika puskak baztertu zituen (askosez errazagoak lantzeko). Jarraian idazkuna egiten zuen bitartean konturatu zen geruza karbonatikoa apurtzen zela baina besterik gabe burutu zuen. Beraz, litzentziatu eta esperientzia handiko arkeologo hori ergela bazen lehen unetik. Tamalez, hor apurtzen da benetako faltsifikazioa egiteko oinarrizko baldintza, hots, gutxieneko trebezia. Horregatik bakarrik interpretazio horrek ez dauka ez hanka ez bururik.
    Arkeologo faltsifikatzaile batek ez dauka inolako arazorik zeramika puska egokia hartzeko (garbia), edota bizpairu faltsifikazioekin (eta ez 400) iruzurra burututzat emateko. Beste arrazoi sinple bat ikusteko iruzurraren interpretazioa ez dela benetakoa, ez dela ezer.

    Gero balizko argudioa da testuaren ildoak zenbait lekutan apurtu duela goiko geruza karbonatikoa. Baina hori ez da ikusten duguna, batzuek interpretatzen dutena baizik. Eta azalpen alternatiboa bistan dugu horrelako ikerketa arkeologikoan partaide izan garenok. Goiko geruza karbonatikoa garbiketa lanetan kendu zen, ildoak bistan agertarazteko eta inskripzioaren irakurketa errazteko.

    Dena dela, guzti hau zientzia kontua dugu, ez fedea ezta futbola ere, are gutxiago sare sozialetatik hedatutako mezua. Hemen zientziaren objektua den inskripzioa dugu. Eta zer dio zientziak? Hurrengo gauza hauek:

    1, Aztarnategian egindako garbiketa lana (amaitu gabea) bistan dago, goiko geruza karbonatiko zuria eskumaldean geratzen baita eta ezkerraldean ordea zati solteak. Prozesu baten aztarnak dira.
    2, Aurrekoaren azpian geruza grisa dugu zeramika puskan, lurraren eta osagai karbonatikoaren arteko nahasketa, agerian ezkerraldean eta beheko aldean. Hau da geruzarik zaharrena, batez ere ildoen barruan baldin badago.
    3, Beheko lerroan ia hizki guztien ildoetan ez da horien hondoa ikusten hor geruza gris karbonatikoa dagoelako. Geruza hori gogorra da eta itsatsita dago (horregatik ez da kendu garbiketa lanetan), eta horko makro-argazki batekin nahikoa da frogatzeko inskripzioa zaharra dela. Ez da ikerketa arkeometrikorik egin behar inskripzioa erromatarra dela frogatzeko.
    4, Batzordeko filologo batzuek arlo honi buruz ez dute ezer ikusi nahi bertan behera geratuko bailirateke haien espekulazio hutsalak.
    5, Beharrezkoa balitz ezkerreko N hizkiaren ildoan zati bat ken daiteke osagaien analisia egiteko eta batera hondo garbia ikusteko eta Erromaren garaian (edo faltsifikazioan) erabilitako tresnen aztarnak ikusteko. Arkeometria ikerketarako ekintza sinplea eta ez oso garestia.
    6, Inskripzioa modu maltzurrean interpretatu da behin eta berriz, ildoek apurtzen dutela geruza zuria esanez. Baina puska honetan hori ez dela egia frogatzen da. Izan ere, hiru hizkitan ikusten da geruza karbonatiko zuriak zati batean ildoa estaltzen duela: 1, bigarren lerroko azkenean (ikusi geruza borobila sartzen dela ildoan, nabarmen itzalagatik); 2, hirugarren lerroko lehengo Aren goiko muturra ez da ikusten geruza zuriak estalia; 3, hirugarren lerroko bigarrengo Aren goiko muturra ere estalita dago. Ildoa, zati txiki baten ere, itzalita badago ez dugu frogatzerik hizkia egiteko geruza karbonatikoa apurtu zela. Ez da irizti kontua, zientzia kontua baizik.

    Guzti hauek frogak dira, ez oso sofistikatuak, arruntak esango nuke. Epigrafea benetakoa da, erromatarra. Hori onartzeko aurreiritzirik gabe ikusi besterik ez da egin behar. Egun batean aipatutako horiek ausartuko dira esaten zergatik ez duten onartu nahi izan arkeologoen azalpenak? Edo zergatik ez dute entzun nahi izan zeramika puskek ozenki esaten dutena? Hain da argia eta begi bistakoa…

    Eta, azkenik, diru publikorik ez dela gastatu behar azaltzen duzu. Hor ez dago arazorik, nik ordainduko nituzke ikerketa arkeometrikoen gastuak. Dena dela, zaude lasai, hori ez da gertatuko, gure instituzio publikoek ez dute inoiz baimenik emango benetako ikerketak egiteko. Agerian geratuko litzateke haien ezgaitasun interesatua.

  • Hau eta bestea, baina ez didazu erantzun:
    Bigarren lerroko azken trazuak, goiko aldean, kaltzita nola apurtzen duen agerikoa da. Gauza berbera azken lerroko azken trazuarekin. Zuk diozun “N” horren beheko erpinak ere argiki apurtzen du kaltzita zuriena, begi bistaz ikusten da. Berdina azken lerroko “I” horrek, beheko aldean. Hori ez da interpretazioa, hori ikusi egiten da. Kaltzita kostra apurtu horiek nolatan dira posible?
    Eta diozun garbiketa faseaz: irakurketa errazteko pieza manipulatzea non ikusi da? Zer krimen klase da hori? Benetan hori da argumentua? Gaizki egin zutela horren lasai esatea? Hori ergelkeria, kaltzita zolda apurtu izana. Ostraken benetakotasunaren aldeko argudio onena pikutara eurek propio bota dute garbiketa fasean? Hori sinestea nahi duzu?

    Beste guztia, teologia.
    Eta teologiarekin ere, zalantzak.
    Arkeologo batek egina dela nik ez dut esan. Eliseo Gil izan denik nik ez dakit. Orain, Gil-en ekipoan bazegoen gezurti demostratu bat, eta hori hor dago. Badakizu zeini buruz ari naizen, ezta? Tel Aviv-eko Unibertsitatean fisikari nuklearra omen, diru laguntzak eskatzeko ingeniaria dela ere esana du, ingurugiroan aditua, hidrografiaz ere omen daki… Inork ez du bere titulazioa ikusi, inork ez dakit zertan den aditu. Den-denean da aditu. Legutioko Udalean lan egin zuen, titulaziorik ez zuela eta kanporatu zuten arte. Gezurretan ibili den pertsonaia iluna. Eta gezur horiek hor daude, eta ezagunak dira.
    Batzuetan errazagoa zaio pertsonari gezurra irentsi eta horrekin segitzea, engainatu egin dutela onartzea baino.

  • Ba ote!
    Erantzun zuzena eta zehatza eman dizut, arkeologiaren aldetik. Ostrakaren zenbait lekutan frogatzen da epigrafea zaharra dela, geruza karbonatikoak estaltzen baititu ildo segmentuak. Eta Zientziak dio objektu bat ez dela batera zaharra eta berria.
    Zuk, ‘mantra’ bat balitz bezala, behin eta berriz lelo bera errepikatzen duzu, hizkien ildoek geruza karbonatikoa apurtzen dutela. Baina hori da zuk atera nahi duzun ondorioa edo interpretazioa. Zilegia, ez balitz Zientziak beste gauza bat esaten duela: zenbait lekutan hizkien ildoa agertzen da eta horren alboetan geruza karbonatikoen aztarnak, besterik ez.
    Behaketa horrek hipotesiak eskatzen ditu, eta bi dira posible: ildoa geruzaren aurretik egin da edo geruzaren ondoren. Lehenak justifikazio zuzena dauka, aztarnategian egin diren garbiketa lanak, inskripzioa agerian uzteko eta irakurri ahal izateko.
    Zuk erabaki duzu, beste ikertzaile batzuekin batera, arkeologo taldeak ez daukala sinesgarritasunik eta hori ez dela gertatu. Baina hori zientziaren aldetik demostratu behar da, ez da egia bakarrik munduko zientzialaririk ospetsuenak hori sinesten duelako. Ez da fede kontua.
    Zientziak esaten du hipotesia frogatzeko esperimentua errepikatu egin behar dela, gure kasuan prozedura arkeologikoa. Horrek eskatzen du ostrakak agertu diren eremuetan azterketa arkeologiko berezia egitea zeramika puska guztien trazabilitatea (ibilbidea) frogatzeko. Horrelako ikerketa arkeologikoa ez da inoiz egin, gure instituzioek ez dutelako nahi izan. Hori litzateke benetako froga forentsea. Hori egiten ez den bitartean nik ez dut arrazoirik ikusten LURMENen taldeak egindakoa zalantzan jartzeko.
    Baina guzti hori agian ez da nahikoa jendearentzat eta, beraz, itzul gaitezen aipatutako ostrakonera. Inskripzioaren hizki batzuetan zera ikusten da: arkeologoen garbiketa lana ez zen erabat burutu (kontserbadorea izan zen) eta ildoak ez ziren erabat askatu. Horren ondorioz, leku horietan (aurreko idazkian zehaztu nituen) FROGATU EGITEN DA ILDOEK EZ DUTELA GERUZA KARBONATIKOA APURTU. Bai, geruza karbonatikoak leku zehatz horietan ildoak estaltzen jarraitzen du. Bigarren hipotesia faltsua dela demostratuta dago eta, aldi berean, ildoak garbiketan agertu zirelarena ziurtatuta: ildoak bazeuden geruza karbonatikoa sortu baino lehen.
    Bigarren zatian ‘totum revolutum’-en teknika erabiltzen duzu Iruña-Veleiaren faltsifikazioa aldarrikatzeko. Begira, zure argudioari jarraituz, Euskal Herriko Unibertsitatea, Arabako Diputazioa eta Villarreal / Legutio udalak faltsutzailez betetako instituzioak dira, hiru horiek kontratatu baitzuten zuk aipatzen duzun balizko zientzalari hori. Kasu horretan Lurmenen arkeologoak kaltetuak izan ziren, aipatutako instituzio horiek bezalaxe.

  • Argi hitz eginez, Ruben Cerdán gezurretan ibili den tipo bat dela demostratua dago. Ez da inondik bere titulazioa ageri, aditu bezala txostenak egin zituen (kobratuz), diru laguntza eskaera batzuetan titulazioa faltsifikatu zuen, eta horrela pasa ditu azken hamarkadak. Aurrekari horiek zituen tipo hori Gilek kontratatu zuen, Lurmenek, eta aditu bezala aurkeztu. Beraiek jakingo dute zergatik.
    Nik dakidala, EHUk ez du kontratatu inoiz, eta Arabako Aldundiak ere ez du kontratatu. Legutioko udalak bai, antza EAJko zinegotzi batekin zuen harremana medio.
    Ez nahastu gauzak: Cerdán Lurmenek kontratatu zuen, aditu txostenak idatzi zitzan. Ez EHUk, ez Aldundiak, ez Legutioko udalak. Cerdán-ek Idoia Filloyrekin batera artikuluren bat publikatu du Arabako Aldundiaren inprentan, baina aldundiak ez du kontratatu. Hara nor ari den totum revolutum-ean bazterrak nahasten. Ruben Cerdani soldata Lurmenek pagatu dio. Eta kalera bota zuten arte, Legutioko udalak. Udalak onartu du ez duela titulazioa ezagutzen. Lurmenek ez dio deus.
    https://www.diariovasco.com/20090104/cultura/experto-certifico-hallazgos-iruna-20090104.html
    Eta pentsatu nahi dudanez Eliseo Gil ez zaigula gezurretan ari, eta benetan konbentzitua dagoela benetakotasunaz, tipo hau da niretzat boleto gehien dituena. Arkeologo batek hobetoxeago egingo zukeen faltsutzea, pentsatu nahi dut.
    Hori, bigarren zatiari dagokionez, beste zatiaz, maiuskulaz idaztea gustatzen zaizun zientziarekin, hauxe:
    Aurreko idazkian zehazten duzun erpin horrek APURTZEN DU KALTZITA. Azken lerroko trazu guztietan kanpoaldeko kaltzita zolda zuria (zuriena) apurtua dago, barrukaldeko geruza ilunagoa agerian utziz. Kanpokaldeko zolda hori garbiketa fasean apurtu bazuten, benetakotasunaren aldeko argudio onena hautsi zuten une hartan bertan.
    Dena den, kasu ebidenteena, eta horrekin bakarrik pieza osoa deskartatzeko baliogarria, bigarren lerroko azken I horretako goiko alde hori da: argi eta garbi, I horrek kaltzita apurtu eta beheko materiala airean uzten du. Trazu hori kaltzita zoldaren gainetik egina da, eta beraz, berriagoa da. %100 ziur. Begi hutsez ikusita daki hori pieza arkeologiko bat eskuetan eduki duen edozeinek.
    Ah, eta tresnen aztarnak aipatu direla: azaldu dira bai metal modernoak trazuetan. Hor ere esplikazio peregrinoak, gero epaitegian gezurtatu direnak. Metalezko puak, epaiketan lekukoek esandakoaren arabera, ez ziren erabili. Baina metal moderno partikulak azaldu dira.
    Dena den, nahi duzuna. Segi iruzur argi eta ageriko hau konspirazio bilakatzen. Entretenitua egotea da klabea, eta ahal dela, zoriontsu izatea.

  • Amaitzeko:
    1. Ez duzu ikusi nahi nik esaten dudana, ildoek ez dutela apurtzen goiko geruza karbonatikoa. Izan ere, azalpen hori baztertu behar da, zenbait lekutan geruzak estaltzen baitu grabatua. Nik hori datuen bidez defendituko nuke zientzialari talde baten aurrean. Zuk zure interpretazioa besterik ez duzu, inolako datu objektiborik gabe. Balizko apurketa ekintzarik ez duzu ikusi (ez zuk ezta inork ez) eta, beraz, ezin duzu demostratu. Zuk sinetsi gura duzu hori gertatu dela. Ai, sinesmenak! Nik, ordea, makroirudi gutxiren bitartez erromatarra dela demostra dezaket.
    2. R. C. talde eta instituzio guztiak engainatu zituen, Legutioko udala, Arabako Diputazioa eta EHU (hemen Agenda 21eko ikastaroa eman zuen). Diputazioak berak aurkeztu zien aditua Lurmenekoei eta horretan badauka erantzukizunik. Pertsona honen portaeratik (erabat arbuiagarria) ez da ezer ondorioztatzen balizko faltsifikazioaz. Baina balio handikoa izan da epaiketan Eliseo zikintzeko.
    3. Zu zara hemen “konspirazioaz” hitz egiten duen bakarra.
    4 Hau betiko borroka da ahultsuen (zu) eta ahulen artean (gu). Aprobetxa ezazu abantailak dirauen artean.
    5. Iruña-Veleiako ostrakak erromatarrak dira eta froga daiteke zientziaren bidez.

  • Eta koda falta da:
    Erpinaren kontua ulertzeko uste dut estratigrafiaz hitz egin behar dela.
    Estratigrafia da leku batean izandako geruzen pilatzea, gure kasuan zeramika puska.
    Zeramika puskan hurrengo geruzak ikusten dira gaur egunean:
    1, zeramika puska bera, objektua, pertsona batek aukeratua.
    2, horren gainean egindako grafitoa, hots, hizkien ildoak. Kasu honetan bitxia da geruza berezi hau aurrekoaren zati bat kentzen sortu dela. Berez arrastoa da, oinatza balitz bezala. Baina memoria dauka: hondoan bertan inskripzioa egiteko erabili zen tresnaren aztarnak daude, baita lanabesaren markak. Hauek ez dira konprobatu, horretarako nahasketarik gabeko zati bat aukeratu behar baita, hurrengo maila (3.) kontserbatzen duena (epaitegiko peritoak ere ez zuen egin, eta horretaz ezin du ezer ondorioztatu: ez zuen atera 3. maila eta ikertu horren azpian zegoena). Beraz, ez dakigu zein tresna erabili zen ildoak sortzeko, kontrako moduan aurkeztu bada ere.
    3, objektu lurrean sartuta, ildoetan (beheko aldean egoteagatik) urak pilatutako lur zatiak, karbonatoak eta beste osagai batzuk. Hau geruza konposatua da, urtez urte osatua.Tamalez, gure kasuan ez ditugu osagai horiek ezagutzen (eta ostraka bakar batean ere ez), ildoen barruan geratzen diren laginak ez baitira atera analisiak egiteko (kanpoko gainazala besterik ez da analizatu, kutxatuta dagoena) . Ikusi, zenbait modutan ikusten da: geruza grisa eta marroia (kasuaren arabera).
    4, aurrekoa beteta, zeramika puskaren gainazalean sortutako geruza karbonatikoa. Hau gogorragoa da eta gainzal osoa bete zuen (horren aztarnak leku guztietan daude). Hau ere ez zen sortu une batean eta behekoaldean grisa da eta goikoan zurixka.
    Estratigrafia interpretatzeko oinarrizko legea jakin behar dugu: azpian dagoen geruza bat horren gainekoak baino zaharragoa da. Beste modu batean esanda, geruzak antolatzen dira zaharrenetik (behekoa) berrienera (goikoa) bitartean. Eta beste ondorio bat ateratzen da estratigrafiaz: beheko geruza batek ezin du moztu horren gainean dagoen beste bat. Arrazoia da aspaldian eratuta zegoela, ezinbestez berria zaharraren gainean egiten da.
    Eta guzti hau aplikatu behar da erpinaren kontura. Batzuek uste dute hizki hori egiteko orduan ildoa geruza karbonatikoaren barruan sartzen dela, horren barruan ikusten baitute ildo batekin identifika daitekeen forma bat (sartze gune bat). Horrek (gainean egoteak) demostratuko luke ildoa geruza baino berriagoa dena, hau da, faltsifikazioa. Hau da nik horien azalpenetan ulertu dudana.
    Baina interpretazio hori ez da zuzena, estratigrafiaren legea apurtzen duelako: ezinezkoa da beheko mailak (2.) gainean dituen besteak (3. eta 4.) zeharkatzea. Beste modu batean azaldu behar dugu erpinaren forma berezia.
    Eta hurrengo hau da. Azken geruza sortu zenean geruza karbonatikoak aurreko ildoaren forma neurri mugatu batean kontserbatu zuen, gune konkaboa sortuz. Geruza karbonatikoaren zati hori kenduko bagenu 3. maila agertuko litzateke, ildoaren barruan sortutako betetze multzoa. Eta hori erauzita bistan izango genuke ildoa bera, 2. maila. Grabatu den ildoaren amaiera ez da ikusten, horren gainean beste bi geruza baitaude, ildoa betetzen duena (3.) eta geruza karbonatikoa bera (4.).
    Horregatik nik eta beste batzuek hamaika aldiz gauza bera errepikatu dugu: hor frogatzen da grafito hori erromatarra dela. Beste interpretazioa ilusio optikoa da.

  • Ea ba:

    https://geostraka.eu/listing/13368-sector-6-recinto-8-ue-6076/?lang=eu

    Bigarren lerroko azken I-aren goiko aldean argi eta garbi trazuak geruza berriena (kolore zurikoa) apurtu egiten du, eta beheko geruza marroixka agerian utzi. Trazu horrekin bakarrik, argi dago pieza hau faltsua dela. Begi hutsez ikus daiteke pieza hori faltsua dela. Ondo egina balego gutxienez faltsutzea…
    Beste guztia, teologia.