Euskararen Nazioarteko Egunean Trabetan Trebe
Euskararen Nazioarteko Egunean Trabetan Trebe –
Joan den mendeko 90–97 bitarteko urteak, urte zailak izan ziren. Euskara eta euskaltzaleen aurkako erasoak modu desberdinetan gauzatzen ziren: atxiloketak, jazarpen mediatikoa eta EGIN egunkariaren itxiera 1998. urtean. Urte horietan EGIN egunkariko lagunek, Luis Nuñez soziologoa haien artean, eskatu ziguten mahaiko jolas bat diseinatzea periodikoarekin batera saltzeko. Helburua, jakina, dirua lortzea zen hedabidearen zorrak arintzeko.
Jolas hura diseinatzeko baldintza bakarra jarri genien: euskaraz izatea. Jolasa, berez, ez zen aparteko asmakizuna; laukitxoz osoturiko zirkuitu bat, koloretako fitxak, dado bi eta galde-erantzunen fitxak. Zirkuitu osatu behar zen dadoak bota eta galderei erantzuten. Erantzun anitzeko ehunka galdera diseinatu genituen sei multzotan banaturik, gizartea, kirolak, zientzia, historia, kultura eta natura. Galdera guztien erreferentzia eta gidalerro nagusiak Euskal Herria eta euskara ziren.
Hasieran proposatu ziguten euskaraz eta gaztelaniaz egitea. Ezetz esan genien. Musu-truk lan egiteko prest geunden baina lana egiteko baldintza bakarra jarri genuen: euskaraz izan behar zela. Ez dakit beste aukerarik bilatu ote zuten edo, baina, azkenean, baldintza onartu eta lanean hasi ginen. Jolasa amaitu genuen, Luisek eta bere lankideek bere gain hartu zuten jolasaren euskarri fisikoen diseinua egitea eta produktua fabrikatzeko modua bilatzea. Zailtasunak izan zituzten aurkitzeko Euskal Herrian enpresa bat produktua ekoizteko, azkenean, uste dut, Kataluniako enpresa batek hartu zuen enkargua. Dena prest zegoen, izena galdetu ziguten eta Trabetan Trebe proposatu genien. Kataluniatik EGINeko Hernaniko errotatibara bidali zuten Trabetan Trebe jolasaren prototipoa baina ez genuen ikusi. Guardia Zibilak jazarri zuen EGIN egunkariaren eta EGIN Irratiaren egoitza, txikitu, lapurtu eta, azkenean, itxi, betiko itxi. Han geratu omen zen Trabetan Trebe jolasaren prototipoa. Egindako lana, berriz, ez zen guztiz alferrikakoa izan, urte batzuk beranduago euskal curriculumaren jakingaien ondarea hornitzeko balio baitzuen.
Urte haietan beraietan, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua sortu berriak Bai Euskarari kanpaina antolatzekotan zegoen. Bazegoen euskararen biziraupenean sinesten zuen jendea. Badago. Geroztik hogei urte joan zaizkigu, garai hartako euskararen unibertsoaren gogoetatik eztabaida zaharberrituetara egin dugu atzera, trabetan ostera ere. Azken urteotan piztu da, berriro ere, euskararen gaineko eztabaida zaharra; orain dela hogei urte unibertsoa mintzagaia genuen orain, ostera, oztopoa da paradigma.
“Euskara traba da”. “Euskara eta demokrazia bateraezinak dira”. Bada horrela pentsatzen eta esaten duena, ez dira gutxi eta, gainera, horietako batzuk aginte eremuetan biltzen dira. Problema ez da hori pentsatzea edo esatea. Zilegi ez eze, onuragarria baita besteen iritzia jakitea. Problema da ideia hori edozertarako abiapuntu ezarri nahi digutela, berariazko egia izango bailitzan, axioma ukaezina, alegia. Euskara traba dela jakinik, nola bilduko jende gehiago independentziaren aldarrietara? Euskara traba dela jakinik, zer egin dezakegu justizia sozialaren aldeko borroketara jende gehiago erakartzeko? Euskara traba dela jakinik, zergatik ez dugu lortzen boto gehiago hauteskundeetan?
Benetan euskara traba al da? Euskaraz dakigunok gutxi gara, erdaldunak gehiengoa dira eta erdaldunekin harremanetan, halabeharrez, erdaraz egin behar dugu. Baina horrek ez du esan nahi euskara traba danik. Gainera, erdaldunak gu bezalako pertsonak dira eta badakite zer interesatzen zaien gazteleraz izan, frantsesez, ingelesez ala euskaraz; hizkuntza ez da eragozpena. Abertzaleok, edo ezkerzaleok, euskara bazterrean utziko bagenu indar handiagoa izango al genuke? Ulertu nahian nabil euskara zertan daitekeen traba baina ezin, ez dut konprenitzen.
Esan nahi badigute euskaraz bakarrik euskaldunek ulertzen digutela, hori jakina dela erantzungo diegu, baina guk ere erdaraz badakigu eta sarritan erabiltzen dugu, ez dago inkomunikazio arazorik euskaldun guztiok, derrigorrez, erdaraz ere dakigulako. Esan nahi badigute euskaraz egiteagatik erdaldunek baztertzen gaituztela; erantzungo genieke baztertzen gaituzten horiekin ez daukagula ulertzerik ez frantsesez, ez gaztelaniaz ezta ingelesez ere, garenak garelako baztertzen gaituztelako. Onartzen ez gaituztenak, printzipioz, nekez bil daitezke gurekin ezertarako. Euskara eta demokrazia bateraezinak direla esaten digutenean, azkenik, xenofoboak direla erantzuten diegu, hizkuntzak, edozein hizkuntzak, ez baitu zedarritzen sistema politikoaren izaera.
Kontua da lagun batek horrela bota zuela, lehor, esaldi biribila, itxia, ukaezina izango bailitzan. Itxura denez, inguruabarrean ulertu behar genuen, independentzia prozesuan euskara traba dela. Baina berak ez zuen esan, esan behar ez zuelako. Ez zuen azaldu traba zertarako eta noiz, ez zuen esplikatu traba nola eta zergatik. Bota zuen, braust, denok bageneki eta aitortzeko beldurrez egongo baikinan. Gauza asko aldatu dira hogei urteotan unibertsoa nahi izatetik euskara traba dela esaterainoko.
Euskaldunok tentsio linguistikoak bizi gaitu; gurea da euskaraz ahobiziz hitz egiteko erantzukizuna eta ardura, hizkuntzaren erabileraren erantzukizuna gure bizkar, gure mingain, omen dago. Biztanleriaren herena garenok, milioi bat ozta-ozta, oso modu eskuzabalean begiratuta. Heren bat. Posible izango litzateke euskararen erabilera maila % 33 mailaraino iristea? Ez da matematikarik ezta soziolinguistikarik jakin beharrik esateko maila hartaraino iristeko euskaldun guztiok beti eta nonahi euskaraz hitz egin beharko genukeela. Ezinezkoa. Gure artean bizi beharko genuke.
Jaurlaritzak egiten dituen Inkesta Soziolinguistikoetan, VI.ean, jotzen du euskaraz erdaraz baino gehiago mintzatzen direnak % 13,4 mailara iristen direla. Soziolinguistika Klusterrak, bere aldetik, 2016ean egindako euskararen kale-erabileraren VII neurketan % 12,7an jo zuen euskararen erabilera maila. Erakunde publikoak, euskalgintza eta hizkuntzarekiko ardurarik dauzkatenak, zuzenean edo zehar lerroz, guztiak bat etorri dira: euskararen erabilera maila oso txikia da. Bistan da euskararen erabilera % 12–% 13 tarteren bueltakoa izatea biztanleri osoaren ikuspegitik txikia dela.
Baina, euskaldunak zenbat garen jakinik, txikia al da euskararen erabilera maila? Heren bat izango bagina eta dauzkagun aukera guztietan euskaraz hitz egingo bagenu lor genezake euskaren erabilera maila % 7a, gehien jota. Horrela, estatistikoki itxaro daitekeena baino 5 – 6 puntu gehiago erabiltzen dugu euskara euskaldunok. Tentsio linguistikoak bizi gaitu euskaltzaleok. Euskaraz ahal dena baino gehiago erabiltzen badugu ere, datorren urterako erronka berriari lotuko gatzaizkio. Diotenez, euskararen erabilera maila % 20an emendatu daiteke, % 12–% 13 mailatik % 15–% 16 mailaraino iristea, alegia. Erabilera maila haietara iristeko euskaldunok, euskaraz hitz egiten dugunok, biztanleriaren % 47a izan beharko ginateke milioi eta laurehun mila hiztun baino gehiago! Datorren urteko erronka gainditzeko 800.000 belarriprest behar ditugu, 400.000 erdaldun erakarri behar ditugu gure hizkuntza harremanen sarera, tumatxa!