Etiketatu Facebook!

Etiketatu Facebook! –

Oso ohituta gaude Twitter, Instagram eta Google+en traolak erabiltzera, baina ba al zenekien Facebooken ere erabili daitezkeela?

Etiketatu Facebook!Traolena ez da Facebookek hasieratik eskaini duen aukera bat, baina badira urte batzuk sare sozial hau ere etiketen mundura batu zela. Hala ere, jende askok oraindik ere ez du hauen erabilpena egiten. Nola erabiltzen dira traolak Facebooken? Zertarako balio dute?

Oraindik ez dago argi zein den beraien eraginkortasun maila, Facebooken estatistikek ez baitute etiketa hauen inguruko daturik ematen. Beraz, zaila da jakitzea hauen erabilerari esker argitalpen batek zabalkuntza handiagoa izan duen ala ez. Hala eta guztiz ere, nola erabiltzen diren azalduko dizuegu, erabilgarria izango delakoan.

Nola erabiltzen dira Facebookeko traolak?

Gainontzeko sare sozialetan bezala jartzen dira traolak; # erabiliko da eta jarraian, nahi den gai edo esaldia, tarterik gabe; adibidez, #teknologia.

Traolarekin esteka bat sortzen da eta bertan klik eginez gero, etiketa bera erabili duten argitalpenen zerrenda bat aurkezten da. Kasu batzuetan erlazioa duten traolak ere agertu ohi dira.

Etiketaren bilaketa ere egin daiteke bilatzailean hitz hori jarrita.

Gainetik begiratuta Twitterreko traolak bezalakoak direla dirudi, baina ez da hala. Facebookek askoz ere pribatutasun muga gehiago ditu, eta beraz, modu publikoan argitaratutako edukiak bakarrik ikusi ahal izango dira.

Traol batera sartzean eta argitalpenak zerrendatzean, algoritmoen kalkuluaren araberako sailkapena egingo da, erabiltzaile batetik bestera (gustu eta sare sozialaren erabilera kontuan izanda) desberdina izando da edukien ordena. Twitterren ez da horrela; argitalpenak modu kronologikoan azaltzen dira.

Erabilera aholkuak

  • Bizpahiru traol erabili argitalpen bakoitzean, ez gehiago. Etiketa asko jartzea ez da estetikoki ongi gelditzen, eta ez dugu horrelakorik nahi guk sartzen ditugun edukietan.
  • Etiketen irakurketa errazagoa izateko, oso erabilgarria da letra larriak erabiltzea. Ez da berdina #euskarazsarean edo #EuskarazSarean. Askoz ere errazagoa da bigarrena irakurtzea.
  • Erabili Twitter, Instagramen zein beste edozein sare sozialetan erabiltzen dituzun traolak.
  • Ez erabili oso traol orokorrak. Hobeto izango da hitz esanguratsuak izatea, gainontzekoetatik bereizteko asmoz.

Sare sozialetan traolak erabiltzera ohituta bazaude, zergatik ez dituzu Facebooken ere erabiltzen?

Etiketatu Facebook!