Euskararen erradiografia Osakidetzan
Euskararen erradiografia Osakidetzan –
Datorren urtean Osakidetzak berrogei urte beteko ditu. Berrogei urte hauetan, erakunde publikoen artean, baloratuena izan da eta, milaka jende, horietako batzuk ezagunak eta gehienak anonimoak, aritu dira Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako gizarteari osasun-sistema publiko eta unibertsala eskaintzeko ahaleginetan, harrigarrizko lana eginaz. Hiru herrialdeak aipatzeak badu bere arrazoia: Osakidetza ez da euskal osasun sistema bat; batetik, ez duelako bere baitan hartzen Euskal Herri osoa, eta bestetik, ez duelako arreta euskaraz ematen. Ez dago besterik: ez die euskaldun guztiei zerbitzua ematen, are gutxiago euskaraz.
Egoera petral hau zuritzeko Osakidetzak euskara planak sortu ditu (aurten hirugarrena), inoiz ere osorik garatu edo burutu ez dituenak. Ez da inoren gustuko berarena ez den alorrean aitzurra sartzea, baina esan beharra dago aipaturiko planek ez dutela bat egiten indarrean dagoen ebidentzia zientifikoarekin, ez datozela bat medikuntzaren ezta, oro har, asistentzia sanitarioaren oinarriekin ere. Medikuntzaren baratzea medikuena da, arau zorrotzek hesia, eta erantzukizuna euskara teknikarien bizkar uzten da, inolako laguntzarik gabe, elkarlanik gabe.
Medikuntzan ez dago uzta ederrik, minaren eta heriotzaren etxean ereiten baitugu. Emaitza landerrak izan arren, baratze triste horretan uzta apur bat jasotzeko irudi-probak darabiltzagu egunero: ekografiak, eskanerrak, erresonantziak, erradiografiak. Oraindik orain jende asko sinetsita dago medikuak orojakileak direla, elektrokardiograma bat irakurtzeko eta, aldi berean, ebakuntza bat egiteko gauza direla. Ez da horrela, eta horregatik daude hainbat espezialitate. Beharko. Irudi-probak erradiologoen arloa dira eta besteok eurek idatzitako txostenak irakurtzen ditugu, guretzat urrea den informazioa jasota.
Txosten bat idazteko hizkuntza bat behar duzu. EAEn bi bakarrik dira ofizialak: euskara eta gaztelania. Tontakeria hauek gogorarazteak irakurle argia amorratuko du, baina medikuak ez du jendea sekula bakean uzten, eta azkenak du hilobira igortzen. Irudi-proben txosten guztiak gaztelania hutsean daude eta ez elebietan, behar legez. Orain esango didazue zer den ergelagoa: egoera tamalgarri hau gogoraraztea edo dagoen bezala uztea. Beste berrogei urtez.
Irudi-proba guztien txostenak euskaraz ere eskain eta eman ditzala eskatu diot Osakidetzako zuzendaritzari, erregistraturiko eskaera ofizial baten bitartez (1236. zenbakia). Aldi berean, gure erakundearen 40. urteurrena laster datorrenez, aukeraz baliatzeko gonbidapena luzatu diet Erakunde Sanitario Integratu guztietako zuzendari guztiei, mezu elektroniko baten bitartez. Guztiek jaso dute, eta denek dakite beste guztiek jaso dutela. Ez da zerua eskatzea. Eskaera pragmatikoa da, zehatza, egingarria, bideragarria, beharrezkoa eta legezkoa den gauza bat besterik ez. Ez dugu ezer inposatu nahi; aitzitik, gaztelaniaren inposaketa apur bat, behintzat, arindu nahi genuke. Bide batez, euskara idatzizko harremanetan normaltasunez ikusteko eta, aldi berean, ikasteko aukera emango liguke. Euskararen erabileran aurrerapauso bat, hizkuntza eskubideen eta kalitatearen arloan aurrerapen xume bat.
Eskaera gaitzetsia, kargudunen destaina; ez didate oraindik erantzun. Batzuek beharbada beldurragatik, oldartzera ausartu ezinik. Beste batzuek, akaso hizkuntza kontzientziarik ez daukatelako, edo ezagutzen ez duten euskararen ikarak aztoratuta. Ikusirik nola Osakidetza eraisten ari diren, ez da harritzekoa euskarari garrantzirik ez ematea; euskara aterpe bat izan baitaiteke, osasun publiko eta unibertsala defendatzeko tresna baliagarria. Horixe, beraz. Irudi-proben txostenak euskaraz eskatu ditut, eta eskertzekoa litzateke politikariek, sindikatuek, abertzaleek, euskaltzaleek eta erabiltzaileek eskatuko balituzte. Txosten ala txosna, horra hor auzia. Ea nobleago zaigun gaztelaniaren eta eraisketaren gezikadak pairatzea ala altxaturik aurre egitea. Ez dakit ba Fingolfirena egin beharko dugun. Bitartean segi dezagun txosnan, eta txostenak erdaraz jasotzen.