[2022ko brigadak] Boliviatik azken kronika

[2022ko brigadak] Boliviatik azken kronika –

Hil ezazu espainiar aita!

Espainiar konkistaren aurretik, egungo Boliviako lurretan patriarkatua egon bazegoen. Hori bai, kolonizazioak era are bortitzagoan ezarri zuen. Horren hainbat adibide: ordura arte emakumezkoek kargu politiko garrantzitsuak izan zitzaketen; Pachamama, amalurra, zen jainko-jainkosa gorena eta andetar herrien mundu-ikuskeraren oinarrietako bat da gizonezko eta emakumezko izakien elkarreragintzaren oreka. Hau da, Espainiar Inperioak “aurkitutako” mundu berrian, kapitalismoaren jatorrizko metaketa moduan, patriarkatua menderakuntzarako mekanismo bezala inposatu zen.

Hain zuzen ere, zapalkuntza eredu hau agerian eta kolokan jarri zuten XVIII. mende bukaerako altxamenduek. Independentzia prozesuen testuinguruan, sistema kolonialaren aurkako matxinada horietan protagonistak izan ziren Micaela Bastida, Bartolina Sisa, Juana Azurduy eta beste hamaika emakume baztertu.

.

Requiem para una república

[2022ko brigadak] Boliviatik azken kronikaAmerikako kolonien independentzia prozesuen baitan, 1825ean Boliviako Errepublika eratu zen. Hala ere, populazioaren gehiengoa legalki bigarren maila batean geratu zen, kriollo zuri aberats batzuen gidaritzapean. Sergio Almaraz Pazek idatzi bezala, “se sentían dueños del país, pero al mismo tiempo lo despreciaban”.

Egoera hau 1952ko Iraultzarekin aldatzen saiatu ziren, hiritartasuna gizarte osora zabaldu zutenean. Edonola ere, bizitza zibil eta politikora onartuak izan ziren sektore berriei baldintza material duinik gabeko ongietorria eman zitzaien. Ondorioz, azpiriatuak jarraitu zuten.

Hurrengo hamarkadetan, egoera hau konpontzeko antolatu ziren Eduardo Galeanok nadies deitu zituen horiek. Eta horien artean, beste inor baino gutxiago zirenak eta borrokaren lehen lerroan egon zirenak: emakumeak.

.

Guztia izan arte!

Lehenengo emakume taldea 60. hamarkadan sortu zen. Meategietako miseriari eta goseteari aurre egiteko, emakumeek antolatzeko beharra ikusi zuten, Amas de casa mineras taldea sortuz. Bizi-baldintzak gogorrak hobetzearen alde borrokatu zuten, mobilizazio desberdinak burutuz, gose grebak kasu. Zaila izan arren eta batzuetan bere komunitatearen babesa ez izanda  ere, beraien eskaerak onartzea lortu zuten, lehenengo emakume talde erreferentea bihurtuz.

Nekazal eremuan, berriz, emakume talde antolatuak 70. hamarkadaren bukaeran sortzen hasi ziren, emakume indigenen sindikatuekin hain zuzen ere. Ildo horretatik, 1980an Confederación Nacional de Mujeres de Bolivia “Bartolina Sisa” eratu zen. Geroztik, antolakunde honek emakume nekazari indigenen eskubideengatik eta haien bazterketa bikoitza salatzeko (emakume zein indigena izateagatik) borrokatu izan du.

Azkenik, feminismoa hirietan zabaltzen hasi zen. Hirietara iritsitako feminismoa mendebaldarra zen, gehienetan ONGek ekarritakoa. Eta hainbat talde feminista agertu ziren, hala nola, Mujeres Creando, talde anarkofeminista.

Hasieran, talde honek sortutako performance batzuen ondorioz, oihartzun mediatiko internazionala lortu zuen. Hala ere, Uraren Gerran taldea bitan banandu zen. Alde batetik, Mujeres Creando taldea mantendu zen eta bestetik, Feminismo Comunitario sortu zen. Azken talde honek uste baitzuen feminismoak herria edota komunitatearen alde borrokatu behar zuela.

2004an Alianza de mujeres aurkeztu zen. Erakunde honek emakume indigenen eta lan esparru ezberdineko emakumeen sindikatuak, Bartolinak eta Feminismo Comunitario batu zituen Despatriarkalizaziorako Agenda sortu eta indarrean jartzeko.

.

Izena

Guk Feminismo Comunitario delakoarekin feminismoari buruz solasteko aukera izan dugu eta haien eskutik, egun Boliviako emakumeen borroka ezaugarritzen dituen zenbait elementuren inguruan aritu gara.

Deigarria egin zaigu, besteak beste, emakume ugarik “feminismo” hitzarekiko daukaten mesfidantza. Are gehiago, Bolivian emakumeen borrokan aritzen diren askok eta askok ez dute haien burua feministatzat; haien esanetan, feminismoaren inguruan daukaten kontzeptuak ez baititu inondik inora ere ordezkatzen.

Lehen aipatu bezala, AEB eta Europatik zetorren feminismo asistentzialista eta despolitizatu baten eskutik ezagutu zuten feminismoa boliviar ugarik, herrialdeko emakumeen egoera sozioekonomiko eta identitarioa batere kontutan hartzen ez zuena. Hortaz, Boliviako emakumeak ez ziren feminismo mota horrekin identifikatu, ez baitzituen haiek, emakume, indigena, pobretu, interpelatzen. Ezin ziren kanpotik proposatutako ahalduntze agenda horretan sartu oinarrizko behar materialak asetzea eta eguneroko arrazakeriari aurre egitea erabateko lehentasun ziren bitartean.

.

Izana

Haietariko askok “feminismo comunitario” edo batez ere “despatriarcalización” kontzeptuak dituzte nahiago. Izan ere, patriarkatuarekiko duten ideia zabalagoa dela esan genezake, birkontzeptualizatu dute hitza nolabait. Haientzako, patriarkatua ez da soilik gizonaren dominazioa emakumearekiko, esplotazio eta zapalkuntza mota guztien sistema baizik; klase dominazioa, zapalkuntza koloniala edota naturarekiko esplotazioa bera ere barnebiltzen dituen sistema. Despatriarkalizazioa sistema guzti honi aurre egiteko borroka integrala da beraz, eta izen hori jarri diote zapalkuntza horiek guztiak emakumearen gorputzaren gainean ezartzen direlako batez ere, emakumeak gorpuzten baititu gehiago.

Horretaz gain, ikuspegi komunitarioa txertatzeari garrantzia handia ematen diote, jarrera edo borroka indibidualak albo batera uzteari. Komunitatearen kontzeptu honen baitan, gizonaren afera aipatu digute. Izan ere, mendebaldeko feminismoari zuria eta burgesa izateaz gain, gizonekiko etsaitasuna ere leporatzen diote. Haien hitzetan, “nire kide gizona erasotzen badute, nire komunitatea ere erasotzen ari dira”, eta hortaz gizon eta emakumeek elkarrekin borrokatu behar dute sistemaren aurka.

Hala eta guztiz ere, bada Bolivian “feminismo” hitza bere sentitzen duenik ere, hitza baztertzearen alde baino, bereganatzearen alde egiten duenik. Despatriarkalizazioa “feminismo intersekzionala” deituko genukeenarekin antzekotasunak bilatzea ere ez litzateke zaila izango. Kontzeptuak kontzeptu, borroka integrala izatearen beharrezkotasuna geroz eta nabariagoa da.

[2022ko brigadak] Boliviatik azken kronika [2022ko brigadak] Boliviatik azken kronika

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude