Euskararen eguna eta amesgaiztoa

Euskararen eguna eta amesgaiztoaEuskararen eguna eta amesgaiztoa –

Gaur abenduaren 3a, euskararen eguna. Horren karietara, dirudienez, bideo bat sortu dute eta oraintxe bertan jaso dut whatsppez. Zer du euskarak milaka urtez Europa zoko ñimiño batean irauteko? Horrela hasten da.

Eta bideo polita da. Gauza politak egiten ere ikasi dugu, zorionez. Noizbait! Baina, baina, eta betiko baina. Eta baina baino gehiago ere bada hau. Bideo horretan aipatzen den erdiaren erdia egia balitz! Hori da nik adiskide bati aipatu diodana. Egiatik gezurrera pauso bat izaten baita aunitzetan!

Berak erantzun dit ametsak ere behar ditugula. Hori izan da bere bat-bateko balorazioa. Eta jakina, ametsak ere nahi eta nahiezkoak dira. Behar beharrezkoak ditugu eta inoiz baino gehiago gainera. Eta beharrik gure aurreko zenbaitzuk, eta aro diferenteetan, amets egin zuten. Eta beharrik, batez ere, 1960ko hamarkadan ameslarien uholde gaitza sortu zen. Uholde horren eraginez egin dira egin diren aurrerakuntza guztiak. Ezina ekinez egina, hori da gertatu zaiguna. Dena dela uholde hura zertan da?

Baina orain? Hizkuntzaren erosio etengabeko honetan? Erabilera goitik behera doanean? Euskara demodé dagoen garai hutsal nazkagarri honetan? Gaztelera eta frantsesa ere gure hizkuntza propiotzat jotzen diren honetan? Eskoletan haurrei euskaraz ariazteko ezintasuna sumatzen den honetan? Euskarari paso egiten dioten maisu-maistrez betetzen direnean eskolak? Militantziaz lan egin nahi ez den garai berrian? Garai berri honetan bideo hori?

Gazterian gazteleraren eta ingeleraren aldeko tendentzia ikaragarria sortu den Mendabalde honetan? Dena euskararen kaltetan. Euskara mespretxatua, gutxietsia dagoenean? Zaharkeria baztergarri bat bihurtzen ari den honetan? Euskara gorroto izan duten atzerakoi zale betikoei gorrotodun berriak batu zaizkielarik, eta gainera, euskaldunen eta abertzaleen mundutik, ikastoletatik?

Nik esanen nuke bizi dugun egoeran, hiltzeko zorian gauden honetan, bideo hori broma gaizto bat dela, iraingarria halakoa eta erabat kaltegarria. Lo belarra hutsa! Lo belarra hutsa!

Amezti
Euskararen eguna eta amesgaiztoa