Euskararen eguna
Euskararen eguna –
Posadasen bizi nintzenean aita ia-ia goizero kafetxo bat edatera joaten zen, lagun batzuen tabernara, eta berarekin eramaten ninduen. Lagunak galiziarrak ziren, Manolo eta Alfonso. Batzuetan, Madrilgo gizon bat agertzen zen, “Carajillo” zuen ezizena. Galiziarren artean galegoz hitz egiten zuten, “Carajillo”-rekin bakarrik gaztelania erabiltzen zuten.
Pasa ziren urteak, Buenos Airesera bizitzera etorri nintzen… eta hemengo kaleetan ere egoera berdinaerrepikatzen zen. Aitak galiziar bat topatzen bazuen, galegoa erabiltzen zuen beti. Esaterako, aitabitxiak eta aitak, elkar ezagutu zutenetik, beti galegoz hitz egiten zuten; inoiz ez nuen beraien artean entzun hitzik gaztelaniaz.
Behin, Avenida de Mayo kalean, aita gizon batekin aritu zen galegoz hizketan. Ondoren azaldu zidan gizon hori Asturiasekoa zela, eta jaio zen herria mugan zegoenez bere hizkuntza galegoa zen. Garai hartan, 20 urte nituela, bazkaltzera gonbidatzen ninduen maiz. Montserrat auzoan Gijón jatetxea zegoen, eta bere jabea galiziar bat zen. Mahaira iristean, gaztelaniaz hitz egin zuen, aitak galegoz; besteak gaztelaniaz jarraitu zuen eta aitak galegoz. Gizona urrundutakoan, gaztelaniaz esan zidan “este hijo de puta nació en Galicia, se olvidó de dónde vino”.
Egia esan, aitak militantzia hori ondo irakatsi zidan. Bazekien non jaioa zen Buenos Airesen bizi zen galiziar bakoitza; hitz bera leku ezberdinetan nola esaten den irakatsi zidan, eta guztiak ondo daudela ere bai. Hala ere, “baina” handi bat daukat bularrean: ez zidan galegoa irakatsi. Nire ustez, azalpen bat dago: aitarentzat lurra eta hizkuntza lotuta zeuden; horregatik, askotan guaraniera ikasi behar nuela esaten zidan, Misioneseko hizkuntza delako.
Jakina, Galizian, Euskal Herrian, Katalunian eta Asturiasen guztiek beraien hizkuntza defendatzen zutela pentsatuz hazi nintzen. Zoritxarrez, ez dut uste horrela denik. Eta militantzia hori beharrezkoa da. Atzo, ABC egunkarian irakurri nuen “Firme condena al gobierno por el acoso al español”. Horrelako zerbait esatea, zuria izateagatik arrazismoaren biktima naizela esatearen parekoa da. Nahasketa horren erdian, Euskal Herriko pertsona famatu batzuk euskaraz idaztea aukeratzen dute; beste batzuek ez. Lehen taldekoa da Itziar Ituño.
Orain dela bi urte, neska batzuk euskal etxera euskara ikastera etorri zitzaizkigun. Eta ez Euskaltzaleakera bakarrik, Buenos Airesen: Mendozan eta La Platan gauza bera gertatu zen. Zergatik agertu ziren? Itziar Ituñoren zaleak direlako, La casa de papel telesaiagatik . Hor Itziarrek gaztelaniaz egiten du lan; baina, gero, sare sozialetan, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez idazten du. Baina beti lehenengo hizkuntza euskara da. Aldi berean, beste Euskal Herriko pertsona famatu batzuek gaztelania aukeratzen dute sare sozialetan idazteko. Adibidez, gustatzen zaidan aktore batek gaztelaniaz idazten du beti; hala ere, hori egin arren, beti euskaraz idazten diot. Ezagunak diren pertsonek euskararen bandera hartuko balute, Itziarrek egiten duen bezala, euskararen alde ekimen gutxiago beharko genituzke (behintzat nire ametsetan), euskaraz hitz egitea zer edo zer ohikoa izango litzatekelako.
Lidergoaren ezinbestekotasuna, Mariana. Aspaldian dugu jorratu txarkoaren bestalde honetan, Eralan proposamenaren bitartez, lidergoaren erreferentzia. Baina ez da nahikoa, lider omen diren gehienak gaztelania eta frantsesa aukeratzen dute, edozetarako ateak zabaltzen dizkietelako. Hedabideak, sare sozialak, boteredunen erabakimen derrigorrezkoa euskararen alde, eta beste hainbat eta hainbat gauza. Kontzientzia, gauza guztien gainetik.
Euskal futbol taldeko jokalariak euskaraz hitz egiten agertuko balira, hamaika euskaraldik baino gehiago balioko luke. Baina futbolariak zertan bilakatu dira? Tatuajez jositako mara taldeak ematen dute, futbolariak direla esango ez balidate mara talderen batekoak direla pentsatuko nuke. Zer lidergi erakutsi behar dute horiek, bururik ez dute eta.
Argi dago euskarak erreferenteak behar dituela. Youtube eta bestelako sare sozialak euskal erreferentei egindako euskarazko elkarrizketaz bete behar dira. Gazteentzako youtuberrak sortu eta behar bada haiei ordaindu. Bestela euskaldunak erdararen itsaso digitalean galduko dira.
Bien bitartean, Euskal Herriko celebrityak:
“Ibai Llanos espainiarra da Twitch bideo-jokoen streaming plataformako streamerren artean munduko hirugarren ordainduena, eta gaztelaniaz hitz egiten duenetan lehena.
“Llanos, sare sozialetako pertsona ospetsua, XXXXX Noticias albistegian izango da gaur gaueko 21:00etan Matías Prats eta Mónica Carrillori egindako elkarrizketan, milioika ikustaldi mugitzen dituen mundu horri buruz gehiago jakiteko”.
Bide batez, plaza horretara euskara zabaltzen lagundu nahi dutenentzat:
https://twitch.uservoice.com/forums/926080-accessibility/suggestions/41401138-more-options-for-stream-language-euskara