Erretratu eder bat

Erretratu eder bat –

Erretratu eder bat
Arg: Bengarai familiaren artxiboa

Ezkontzako argazkia da. Gizonari txaleko beltzaren gainean erlojuaren katea nabarmentzen zaio. Emakumea mantila espainiarra deitzen zitzaionarekin, peinetaren gainetik behera. Argazki formala da, baina baditu formalitate hori leuntzen duten ezaugarri batzuk: gizonak eskuak galtzetako poltsikoetan sartuta dauzka; emakumeak besotik heltzen dio gizonari. Garai bateko ezkontza-argazkiei zerien zurruntasuna ezabatuta dago. Ramon Bengaray eta Ramona Zapatero dira duela ehun eta bat urteko argazkiaren protagonistak. Carlos Garaikoetxearen bidez jakin nuen Ramon Bengarayren berri. 36ko gerrako kontuei buruz ari ginela esan zidan bazela kantari bat, baritonoa, Iruñeko Orfeoiko kide izandakoa, jota ezagun bat abesten zuena: “En los montes de Navarra tengo plantada una flor” dioen hori. Garaikoetxeak kontatu zidan Bengaray abizeneko bat zela hori kantatzen zuena; irratian sarritan jartzen zutela, eta aitak, entzuten zuenean, aldiro esaten zuela: “Gizajoa, hil egin zuten errepublikanoa zelako”. Garaikoetxeak hunkituta adierazten zuen aitarengandik jasotako sentimendua, injustiziak eragindako erruki sakona. Interneten begiratu eta Ramon Bengarayri buruz gehixeago jakin nuen: Garraldakoa zela sortzez eta inprimatzailea ofizioz. Duela aste batzuk ETBko albistegietan izan nuen Bengarayren berri: Osasunaren mendeurreneko erreportajean, Bengaray aipatu zuten futbol taldearen lehen bultzatzaileen artean. Segidan Katakrak-ek argitaratu duen liburua etorri zait eskutara: “Ramón Bengaray, Osasuna y República”. Esther Aldavek idatzia, beste lagun batzuekin elkarlanean, pertsonaia polifazetiko oso erakargarri baten erretratu bikaina da. Bide batez, XX. mendearen lehen hamarkadetan Nafarroan indar atzerakoien eta aurrerazaleen artean piztutako guduaren kontakizun pedagogikoa. Argazkia, gaur, ez dator egunkaritik, liburu horretatik baizik.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2020ko azaroaren 24koa]

Erretratu eder bat