Euskaraldiaren indarra
Euskaraldiaren indarra –
Ume koskorretan, 7-8 urterekin, itsas handiarekin, gerrirainoko uretan, hondartza aldetik itsasora begira jartzen ginen, urrutian sortzen ziren olatuei begira. Eta, begirik kendu gabe, olatuak nola potoltzen eta handitzen ziren ikusten genuen. Han urrutian gero eta handiago egiten ziren olatu haiek hondartzara heltzen eta lehertzen zirenean, bi aukera baino ez zizkiguten ematen apar bihurtu baino lehen. Edo besoak luze-luze eginda buruz aurrera jauzi egin olatu barrenera, edo geldirik geratu olatuaren indarrak eta aparrak harrapatu zain. Busti ala busti, beste aukerarik ez zegoen.
Euskaraldia badator eta olatu handiaren itxura hartuta dator. Zazpi Euskal Herrietako 400 udalerrietan baino gehiagotan astindu ditu euskararen itsasoko urak. Milaka eta milaka herritar azaldu dira ur horietan igeri egiteko prest: 200.000 ekintzailetik gora izango direla diote aurreikuspenek. Sortutako olatuen kalparrean aparra ikusten da, ilusioaren aparra. Olatu horiek, gaurtik, azaroaren 23. egunetik aurrera iritsiko dira, bata bestearen atzetik. Eta, iritsi ahala antzemango da astindua zenbaterainokoa izango den. Gaurtik aurrera ikusiko dugu olatu horiek itsasoari jarritako harresiak gaindituko ote dituzten, botako ote dituzten.
Apar bihurtuko diren euskararen olatuak, lehertzean izango duten indarrarekin, erdaldunengana ere iritsiko dira, izan ere, ezezagunari lehen hitza euskaraz egitea izango da Euskaraldiaren olatuek lehorrean daudenei ekarriko dieten ezusteko bustialdia.
Olatuek nahikoa indar eta oldar ekartzen eta elkartzen badute, Euskaraldia euskaldunon hizkuntzari jarritako harresiak —erresistentziak— erorarazteko saiakera izango dugu; orain arte, elebitasunaren baitan, erdalduntasunaren aldetik jarritako harresiak jausarazteko saiakera. Horretarako bi mezu unibertsal gizarteratuko ditu: askatasunarena eta berdintasunarena.
Askatasuna, nor bakoitzak bere hizkuntzan egiteko. Erdaldunek erdaraz egiten duten bezala, euskaldunek euskaraz egiteko. Horretarako, ezinbesteko baldintza bat bete beharra dago gurea bezalako gizarte elebidunean: erdaldunek euskaldunei erdaraz egiteko duten askatasun eta aukera berbera izan behar dute euskaldunek erdaldunekin euskaraz egiteko. Eta horretarako nahitaezkoa da erdaldunek euskaraz egiten dietenei ulertzea. Horixe bultzatzen du Euskaraldiak elkarrizketa elebidunekin: hizkuntzen arteko benetako berdintasuna irudikatzea.
Euskaraldian belarriprest rola hartu behar dutenek elkarrizketa elebidunak bultzatuko dituzte: beraiei euskaraz egitea onartuko dute, nahiz eta beraiek erdaraz erantzutea izango duten. Horretarako, jakina, euskaraz egiten dieten horiei ulertzeko gaitasuna izan behar dute. Hain zuzen ere, horixe da Euskaraldiak dakarren berrikuntzarik handiena, ulermena erabileraren akuilu bihurtzea.
Askatasun guztiek, demokratikoak eta unibertsalak izateko, beti dute berdintasunaren muga: lagun hurkoaren askatasuna eta norberarena berdinak ez badira, ez dago berdintasunik, ez dago benetako demokraziarik. Eta, eskubide berdintasunik ez dagoenean, hauxe gertatzen da: batzuek gizartean duten nagusitasunetik pribilegioak hartzen dituztela lagun hurkoaren eskubideen bizkarretik, beti ere, ahulagoa denaren lepotik. Gure gizarte elebidunean, eta gurea bezalako ahuldutako hizkuntza duten gizarte elebidun guztietan, horixe gertatzen da: erdaldunek erdaraz egiteko duten nagusitasunetik beren hizkuntza eskubideak aldarrikatzen dituzte, baina euskaldunek euskaraz egiteko duten eskubideari buruzko ardurarik hartu gabe eta horretan daukaten erantzukizuna kolkoratu gabe. Lagun hurkoaren askatasun eskubideaz arduratuko balira, euskaldunok erdara ulertzen dugun neurri berean ulertu beharko lukete erdaldunek euskara. Argi eta garbi mintza gaitezen: erdaldun asko, euskararik ulertu gabe, euskararen gor-mutuak izanda, pribilegio horrekin, bizi dira gure artean. Eta, pribilegio horretatik, euskara ez ulertzetik, galarazi egiten zaigu euskaldunoi euskaraz egiteko askatasuna. Gizarte demokratiko orotan, askatasuna, herritarrek elkarri aitortutako askatasuna, elkar hartuta eta elkarri errespetua erakutsita baino ezin da hezurmamitu.
Euskaraldiak, azken batean, funtsezko eskubide unibertsaletan oinarritutako gizarte hitzarmena proposatzen du. Gizartearen baitako adostasunetik —askatasunaren eta berdintasunaren sustrai demokratikoetan errotutako adostasunetik— hizkuntzen arteko berdintasun soziala lortzea helburu duen gizarte hitzarmena proposatzen du Euskaraldiak. Hain zuzen ere, Euskaraldia gizarte bereko hizkuntzen arteko berdintasuna lortzeko ekinbidea da; hizkuntzen berdintasunerako gizarte ekintzailetza sustatzeko jarduera. Euskaraldiak, hizkuntzen arteko gizarte oreka lortze aldera, elikatu egiten du ahulezia egoeran dagoen hizkuntzaren aldeko hiztun-hautua. Izan ere, hiztun-kinka bizi du euskarak: ardatz-hizkuntza euskara duen hiztun multzo zabal eta esanguratsu baten premia du euskarak bere aldeko erabileraren beharra naturala gerta dadin; azken finean, hiztun-hautua inkontzientea izan dadin. Euskaraldiak zubigile lan hori dauka: euskararen aldeko hiztun-hautu kontzientetik inkontzienterako zubigintza egitea. Euskaraldia, funtsean, Gurdiaren Paradigma (Saez, 2016) edo hizkuntzaren behar naturalaren paradigma elikatzera dator.
Dena dela, zail du euskaraldiak lehenengo kolpean euskarari mugak jartzeko eraikitako harresi gotorrak goitik behera eraistea. Euskaraldia prestatzeko Gipuzkoako herrietako ordezkariek Tolosan egindako bileran kontatu zuten. Aizarnazabalen ibili omen ziren Euskaraldiaren berri ematen eta jende mordoxka bat ere inguratu omen zen jakinminez, tartean euskaldun peto-peto bat, herriko guztiekin, txiki nahiz handiekin, euskaraz egin ohi duen bat, gaztelaniaz mintzatzen nekez moldatzen den herriko seme bat. Euskaraldiari buruzko azalpen guztiak emandakoan, azalpen emaileak bertan bildutakoei galdetu egin zien ahobizi edo belarriprest izango ote ziren. Gure gizonak, zalantza izpirik erakutsi gabe, honela erantzun omen zuen: «Ni belarriprest izango naiz, lanean ezin dut euskaraz egin». Lasarte-Oriako enpresa batean lan egiten zuela azaldu zuen; eta lankideek euskaraz ote zekiten ere ez zekiela gaineratu zuen; lantegian lanean hasi zen lehenengo egunetik elkarrekin den-dena gaztelaniaz egiten zutela ere argitu zuen. Erabat ezinezkoa ikusten zuen laneko hizkuntza praktika hura aldatzea eta aldatu ezinaren etsipenetik, ahalegina egitea guztiz alferrikakoa zela uste izatetik, egin zuen Euskaraldiko rolaren aukeraketa gure gizonak.
Adibideak «adi»-tzera emateko «bideak» ditugu, «ulerbideak». Aizarnazabalgo gizon horren adibidea erresistentziaren adibidea da, Euskaraldia bezalako ekinbide batek gizartearen muinetik sortutako aldaketa indarra zapuzten duen erresistentziarena. Txomin Artolak kantatzen duen bezala, «Aberriaren mugak; euskararenak gure baitan daude gehienak».
Euskararen estatus aldaketa lorbidean jarri nahi badugu, euskara XXI. mendean euskaldunez osatutako gizartearen ardatz-hizkuntza izatea nahi badugu, nahitaezkoa dugu laneko hizkuntza ere bihurtzea. Aldaketa hori onbideratzea mende hasiera honetako erronka estrategikoa izango dugu aurreko mende bukaerakoa euskara eskolan sartzea izan genuen legetxe. Premia hori gero eta ikusgarriago bihurtzen ari den elefantea dugu.
Euskaraldiak harresi erraldoiak izango ditu aurrez aurre. Zail izango du beren nagusitasunetik eraistea, baina pitzadurak sortaraziko balitu, aurrera egiteko bidearekin asmatu izanaren zantzua litzateke hurrengo ekinaldietarako. Itsasoaren indarra handia da. Eta, gu, itsasoa gara.
(PATXI SAEZ BELOKI soziolinguista eta Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kidea).
- Artikulu hau estreinakoz patxisaez.eus-en argitaratu da.
- Artikulu honen PDF fitxategia eskuratu nahi baduzu, sakatu HEMEN.