Ahoak, belarriak eta ukabilak

Ahoak, belarriak eta ukabilak –

Gure ingurunearen aldaketan zer nolako garrantzia dugun kontziente ez garenaren pentsamendua izan dut betidanik. Egunerokoan burutzen dugun keinu bakoitzak, hartutako jarrera bakoitzak, emandako erantzun bakoitzak, ahozkatutako hitz bakoitzak… Kanpo proiekzioa eskaintzen diogun heinean, eragina izango du, nahiz eta hau agerikoa izan daitekeen edo ez. Duela egun batzuk, lagun batek hausnarketa bat zabaldu zidan: “Badakizu zer den bizitzan konstantea den gauza bakarra?” Hamaika erantzunen artetik, ez nintzen gai izan bat bera ere emateko.

Ahoak, belarriak eta ukabilak

Erantzuna zuzena izatetik oso urrun, gizakiok noraino garen konstante pentsatu nuen, bizitzako zein esparruri eskaintzen diogun jarraikortasun handiena, zein alorretan ez dugun inoiz oporrik hartzen. Eta, hain zuzen, gure ingurunean eragiteari ez diogula inoiz atsedenik eskaintzen ondorioztatu nuen. Gure gertuko munduaren etenik gabeko eraikitzaileak gara, eta horretan, komunikatzen dugunak garrantzi berezia hartzen du. Komunikatzeko hamaika erraminten artean, hizkuntza da, seguru asko, maiztasun handiagoz hautatu ohi duguna. Eta, hara non, hemen lehenengo kontraesana: gure ingurunean eragiten konstanteak izanik, konstantzia hau mantentzen al dugu hizkuntzaren erabileran?

Eragite kontzientea balioan jartzera etorri da, Euskaraldiaren indarra baliatuz,Gasteizko herri mugimenduko hainbat eragilek antolatutako dinamika. Belarri eta aho izateaz gain, ukabilak ere bagara izena emateak euskara erabiltzea hautu politiko gisa kontsideratzera hurbiltzen gaituen urratsa da. Eguneroko inertziek errealitate arrotz bat eraikitzera garamatzate, izan ere, ez da askatasunik ez neutraltasunik komunikatzeko hizkuntza aukeratzerako orduan. Zapalkuntzan bizi gara, urte luzez hizkuntzak izandako ageriko baztertzea inplizitu bilakatu dutelarik. Normalizazio egoera erakusteko saiakerak oso ohikoak bilakatu dira. Hala nola, zenbat eta zenbat erakunde publikok zein pribatuk euskararen aldeko edozein dinamika baliatzen dute lau haizeetara haien babesa erakusteko, finean aurpegi zuritze bat izanik, besterik ez. Zeresanik ez gazteleraren lehentasunezko erabilera bilatzen duten etengabeko saiakeretaz, erraztasuna eta guztion arteko ulertze aisearen izenean.

Badira ere hizkuntza errealitatea eraikitzeko balio ez duela uste dutenak ere, edo gutxienez horrela pentsarazi nahi digutenak. Hitz bakoitzak gure izaeraren isla txiki bat proiektatzen du. Hizkuntza ez da neutroa. Hitz bakoitzaren esanahi propioaz haratago, hizkuntza bat osatzen duten hitzek badute jatorri eta informazio ezkutu bat, honek kanpora begirako forma hartzen duenean aipatutako errealitatea eraikitzeko funtzioa duena. Esaterako, abertzaleak garela diogunean, bere gaztelerazko itzulpena bilatzekotan, patriota hitza aurkituko genuke, edota gazteria eta juventud kontzeptuak, adibidez. Bata bestearen itzulpena izanik, ezberdintasun nabaria somatzen da batak edo besteak transmititzen duen edukiarekin, hau da, errealitate oso ezberdinen sortzaile dira, haien artean aurki daitekeen berezko ezberdintasun bakarra hizkuntza den arren.

Eta, honen aurrean, ukabilak izatea borrokarako konpromisoa eta nahia erakustea da, dudarik gabe. Norbanakoaren erabakiari garrantzia eman eta kolektiboa bide berdinean kokatzeko helburuaz, hamaika dira herri- mugimenduak hurrengo egunetarako proposatu dituen ekimenak, bata bestearengandik ezberdinak aurkezten diren arren, guztiek jomuga berdina gordetzen dutelarik.

Hasieran planteatutako hausnarketara itzuliz, esan beharra dago ez nintzela gai izan konstantea den gauza bakarra zer zen asmatzen, baina konturatu nintzen ni neu ez nintzela konstantea. Orokorrean, ez gara konstanteak. Kasualitatea izan daiteke, baina lagunari beste lagun batek erantzun zion, zeina ni baino konstanteagoa den euskararen erabileran. Zuzen eta inork espero ez zuen azkartasunez.

Heraclitok esan omen zuen bizitzan konstantea den gauza bakarra aldaketa dela. Euskaraldia edo Belarri eta aho izateaz gain, ukabilak ere bagara bezalako planteamenduak bultzada dira aldaketaren trena hartzeko. Hautu politikoa egitea dagokigu, zapalkuntzari konstantziaz aurre egitea. Zentzugabea dirudien arren,finean, aldaketa bezain konstanteak izan beharko gara aldaketa bera eragiteko.

Ahoak, belarriak eta ukabilak


Ahoak, belarriak eta ukabilak
Ahoak, belarriak eta ukabilak
Ahoak, belarriak eta ukabilak
Ahoak, aldaketa, belarriak eta ukabilak, euskalgintza, Euskaraldia, herrigintza
Aitor Orobiogoikoetxea

Hala Bediko erredakzioan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude