Euskaraldiaren bitakora: 6, 7 eta 8
Euskaraldiaren bitakora: 6, 7 eta 8 –
Euskaraldiaren ekuadorrea gainditu dugu eta neke-zantzuak nabariak dira. Hori bai, jarrera baikorra mantendu dut, izan ere, Bilbon dena baitugu irabazteko!
Goiz zoroa lanean. Dena pilatu da. Bihar euria egingo du eta Biziprest Eguna hankaz gora jarri zaigu. Estres une gogorrak izan ditugu: hiru leku ezberdinetan antolatuko genuen! Azkenean, jarduera guztiak mugitzea lortu dugu eta oso itxura ona du egitaraua. Zirko-tailerrak ikutu berezia emango dio eta ekitaldiak sorpresa izango du. Bihar da eguna, kontatuko dizuet.
Ekitaldiko hitzartzea prestatu dugu. Euskaraldiako kopuruak eskainiko ditugu: Euskal Herrian 220.000 partaide, Bilbon 17.000 eta Deustualdean, gure esparruan, 3250 izango dira. Jakin nahiko nuke zenbatek hartu duen txapa eta zer kopuru saiatuko den ariketa egiten. Zergatik? Horiek izango direlako aldaketaren motorra.
7. Eguna
Lagun baten ustez, “interesa ez duena interesatzea, tamalez, inposizioa eta marjinazioaren bidez etorriko da”. Atzoko motorra datorkit burura. Euskarak liderrak eta erreferenteak behar ditu, jendea, oro har, gregarioa delako. Era berean, aurreko geruzan gaudela esango nuke, interesik ez duena baino, interesduna erakarri behar dugulako.
Bizprest Eguna oso ondo atera da, ‘ekitaldia’ izan ezik. Edozelan ere, oso interesgarria izan da osteko elkarrizketa espontaneoa. Gazte baten iritziz, bere kintakoek erdara erabiltzen dute euskaraz baliabideak falta zaizkigulako, “muletillak”, adibidez. Horrek badu bere ifrentzua: gure jerga asmatzeko aukera dugu Bilbon. Inguruan milaka sortzaile ditugu eta sare bat baino ez dugu eratu behar gure burutazioak zabaltzeko.
8. Eguna
“Identifikazioak baditu bere alde txarrak, bazterketa adibidez”. Lagun baten oharra da. Formazioetan behin baino gehiagotan errepikatu izan dugu ezin ditugula erdaldunak baztertu. Euskal Herria euskalduntzeko bidean, beharrezkoak dira eta 11 egun hauetan erakutsi behar diegu euskara jakin barik gauza asko galtzen dutela.
Korrika 21.en kanta entzun dut. Gustatu zait. ‘Baina’ bakarra jartzekotan, zaila da umeekin lantzeko. Hori bai, ikusita zer musika mota entzuten den ‘ingurugiroan’, trap musika aukeratu izana ideia ona iruditu zait. Ezaguna egingo zaie.