Galesaren gaur egungo egoera Galesen

Galesaren gaur egungo egoera Galesen –

Europan euskararen egoera soziolinguistikoarekin antz gehien duen hizkuntza galesa da. Hala izan da bederen urte luzeetan, egia bada ere, azken boladan, euskarak abantaila atera diola hizkuntza zeltiko horri (agian ofizialtasuna lehenago eskuratu zuelako). Cymdeithas galesaren aldeko erakundearen Colin Nosworthyk eta Maia Jonesek galesaren erradiografia egin diote NAZIOGINTZAri:

Galesaren gaur egungo egoera Galesen
Argazkia: Daily Post.

«Azken hizkuntza-erroldak (2011. urtekoak) agerian jarri zuen beherakada txiki bat gertatu zela galesaren hiztunen kopuruan Galesen, kopuru hori 562.000 hiztunekoa izanik (populazio osoaren %19, gutxi gorabehera). Erroldak ere erakutsi zuen beherakada hori are bortitzagoa izan zela ohiko eremu galesdunetan: Ceredigion et Carmarthenshire konderrietan, esaterako, historian lehenengo aldiz hiztunen kopurua %50etik behera gelditu zen.

Hezkuntzari dagokionez, Galesko hezkuntza-sisteman ikasle batzuek galesezko murgiltze-ereduan ikasten dute, eta beste batzuek ingeles hutsez, galesa bigarren hizkuntza bezala ikasiz. Adinaren arabera kopuruak ezberdinak dira: 2016an, esaterako, 7 urteko ikasleen artean %22k galesez ikasten zuen, eta ehuneko hori jaitsi egiten zen adina gora joan ahala (14 urterekin %18ak ikasten zuen murgiltze-ereduan)

Derrigorrezko irakaskuntza bukatutakoan (16 urterekin) Galesko ikasle guztiek galesezko azterketa bat egin behar dute.

Gure erakundeak (Cymdeithas Yr Iaith Gymraeg) ingeles hutsezko ereduaren (non galesa bigarren hizkuntza bezala irakasten den) desagerpena eskatzen du, ikusten dugulako ikasleek galesez ondo hitz egin ahal izateko ez dela baliagarria. Eredu berri bat eskatzen ari gara, galesaren etengabeko irakaspena burutuko duena. Hiru gomendio dituen dokumentu bat sortu dugu horretarako:

  • Ebaluatzeko sistema aldatzeko gomendioa: gaur egungo ebaluatze-sistema, etengabeko ebaluazioan oinarritzen den beste sistema batek ordezkatzea, helduekin egiten den bezalaxe.
  • Ebaluazio-sistema komuna ezartzeko gomendioa, batez ere ahozko gaitasunak ebaluatuko dituena
  • Ahozko ebaluazio komunak egiteko gomendioa, 14-16 urte bitarteko ikasle guztientzat.

Galesezko Bigarren Hezkuntzari dagokionez, galesez ikasteko aukera asko aldatzen da konderrien arabera. Konderri batzuetan galesezko Bigarren Hezkuntza eskaintzen duten eskolen kopurua handia da, baina beste batzuetan eskola gehienetan oinarrizkoena besterik ez da irakasten, eta eskola gutxietan eskaintzen da galesezko Hezkuntza.

Komunikabideen esparruan, beharrezkoa da Galesi eskuduntzak ematea irrati-telebisten arloan. Gaur egun Galesen dugun galesezko telebistaren kanal bakarra mehatxupean dago, murrizketa handiak dituelako eta bere ildo editoriala kolokan dagoelako. Galesezko irrati-zerbitzua ere kanal bakar batera mugatzen da. Egoera geldirik dago, XX. mendeko 1980ko hamarkadatik ezer ez da aldatu, ez dugu ezer aurreratu eremu horretan azken urteotan. Orain kanpaina handi bat martxan jarri dugu, ”Datganoli Darlledu” izenekoa (“Transferitu Irrati­-telebistak”) ikuspuntu galestar batekin funtzionatuko duten galesezko komunikabideak sortzeko, Londresi begira daudenek kontuan hartzen ez dutena. Arlo horretan eskumenak izateak narratiba nazional bat garatzen eta irrati-telebistako industria hedatzen lagunduko liguke.

Argitalpenen industriari dagokionez, 2016an 367 liburu argitaratu ziren galesez (testu-liburuak kontuan hartu gabe), eta 366.305 ale saldu ziren. Literatura galesaren inguruan arlo sendo bat dago, eta Galesezko Liburuen Kontseiluak editoreen eta tokian tokiko aldizkari eta egunkarien lana koordinatzen du.

Gazteak eta hizkuntza: 2011ko erroldaren arabera, 15 eta 19 urte bitarteko gazteen artean %29,4 gales-hiztuna zen, eta 20-24 urtekoen artean %17,6.

Erabilerari dagokionez, 2013-2015eko Hizkuntzaren Erabilerari buruzko Inkestaren arabera, 16-29 urte bitarteko gazteen %15ak etxean beti galesez edo batez ere galesez hitz egiten du.

Gazteen artean galesezko musikaren emanaldiak oso ezagunak dira, eta galesezko musikaren industria oparoa da. Urtean zehar jaialdi eta kontzertu ugari daude, eta baita kontzertu erraldoi bat ere, Galesko Eisteddfod Nazionalaren “Maes B”n ospatzen dena.

Gure hizkuntzaren indargune nagusia galestar gehienen sostengua dela iruditzen zaigu. Duela gutxi kaleratutako inkesta batek agerian utzi zuen galesaren aldekoak gehiago direla kritikoak baino. Hala ere, aldeko horien eta hiztunen arteko aldea handia da, beraz aldeko ugarik ez dute gero galesa ikasten eta erabiltzen.

Gure ahulgune nagusia globalizazioari eta balio neoliberalen gorakadari lotuta dago eta horrek zaildu egiten digu etorkizunean komunitate sendo bezala irautea: lana aurkitzeko zailtasunak, zerbitzuen murrizketak, etab. Bide alternatiboak bilatu beharrean gaude gure hizkuntzari etorkizun oparoa eman ahal izateko».

Galesaren gaur egungo egoera Galesen Galesaren gaur egungo egoera Galesen Galesaren gaur egungo egoera Galesen
Gales, galesa, hizkuntza gutxituak
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude